Osasuna ohitu egin da azken jardunaldira arte mailari eusteko sufritzen egotera. Ez da inoiz zulora erori, baina gertu izan du behin baino gehiagotan. Horregatik komeni zaio ohitura arriskutsu hori bazter batean uztea, egunen batean inork nahi ez duena gerta daitekeelako. Ez da harritzekoa, beraz, Osasunako jokalari, entrenatzaile eta agintari guztiak ados egotea denboraldi honetako helburuaz hitz egitean: sufrimendurik gabe eutsi nahi diote mailari. Gero gerokoak.
Iruñeko taldeak egin du jadanik lehen urratsa helburu horretan, urratsa egitea baita estreinako partidan Atletico Madrilen gisako talde baten zelaian puntu bat urratzea. Orain, baina, jarraipena eman behar zaio duela bi aste egindakoari, eta horretarako ez dago modu hoberik gaur Nafarroako Erresuman sasoiko lehen partida irabaztea baino. Aurkaria, gainera, ez da inondik inor gaindiezina, Sporting izango baitu bisitari, Osasunaren antzeko maila duen taldea. Hori bai, Gijongo (Espainia) taldeak ere badu premia garaipena lortzeko, estreinakoan bere zaleen aurrean galdu baitzuen, Realaren aurka (1-2), itxura nahiko kaskarra emanda.
«Horrela, galduko dugu, ziur»
Osasunan irrikan dira zaleen aurrean lehen partida jokatzeko. Jose Luis Mendilibar Iruñeko taldeko entrenatzaileak horixe aitortu zuen atzo, Sportingen aurka jokatu aurreko azken saioa amaituta. Mendilibar haserre azaldu zen entrenamenduan jokalariek egindako lanarekin. «Negargarri entrenatu gara. Jokalariei esan diet entrenatu garen bezala jokatzen badugu ziur galdu egingo dugula. Erritmo eta tentsiorik gabe aritu gara, saioa hasi eta bukatu. Espero dut bihar [gaur] beste jarrera batekin zelairatzea». Hori esan eta gutxira, baina, zehaztu zuen azken lan saioan gertatutakoarekin bakarrik dagoela haserre, aste guztian «ondo» entrenatu baitira. Horregatik espero du «egun bateko kontua» izatea.
Sportingi irabaztea sasoiari berriro ekiteko «modu ona» litzatekeela azpimarratu zuen, Gijongo taldea «Osasunaren ligako» baita. Hori egiteko errezeta eman zuen: «Ondo hasi behar dugu, eta zelaian nagusi izan, finean, hasieratik utzi behar dugu garbi nork jokatzen duen etxean».
Deialdiari dagokionez, oraingoan ez zen ustekabekorik izan, eta lehen partidan egon ez ziren Ricardo, Ruben eta Lekic aukeratuen zerrendan daude. Raul Garcia ere deialdian dago, eta gaur jokatuko du lehen partida Osasunarekin Madriletik bueltan.
Osasunak ez du gehiago itxaron nahi lehen lehia irabazteko
Mendilibar oso haserre azaldu da Sportingen aurka jokatu bezperan jokalariek egindako entrenamenduarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu