Antzeko egoeran dauden bi talde izan dira aurrez aurre gaur Balaidosen (Vigo, Galizia). Azkenaldiko bolada onean segituz gero, lehen mailan jarraitzeko arazorik ez luke izan beharko Osasunak, ezta Celtak ere. Hala, etxeko taldeak gozatu egin du gaurko neurketa.
Jagoba Arrasatek aldaketa asko egin ditu hamaikakoan, baina emaitza ez da nahi bezalakoa izan. Lehen zatian ondo eutsi dio Osasunak Celtari, baina hobeak izan dira galiziarrak, eta gola ere lortu dute atsedenaldia baino lehentseago. Jokaldi ona egin du Iago Aspasek, eta are eta hobeto amaitu du.
Horiek hala, atsedenaldian hiru aldaketa egin ditu Osasunak, eta hobeto jokatzen hasi da. Aukerak ere sortu ditu, besteak beste, Budimirren eta Brasanacen bidez. Gola, ordea, etxekoek sartu dute berriz ere. Murillok, buruz, korner batean.
Neurketa ondo bideratua zuen Celtak, baina amaierara arte ez du amore eman Osasunak, eta gola ere sartu du: Aspasek egin dio penaltia Roberto Torresi, eta Torresek berak sartu du gola. Kanpoko taldeak, ordea, ez du gehiagorako denborarik izan.
Celta: Villar; Hugo Mallo (Kevin Vazquez, 6'), Aidoo, Murillo, Fontan (Araujo, 81'); Tapia, Brais (Solari, 60'), Nolito (Beltran, 60'), Suarez; Santi Mina (Aaron Martin, 81') eta Iago Aspas.
Osasuna: Herrera; Ramalho, Unai Garcia, Roncaglia, Juan Cruz (Manu Sanchez, 45'); Moncayola, Brasanac, Sanjurjo (Chimy Avila, 72'); Kike Barja (Roberto Torres, 45'), Ruben Garcia (Jony, 45') eta Budimir (Gallego, 73').