Futbola

Osasunak galdu egin du ligako azken partidan

Iruñeko taldeak 4-2 galdu du Real Madrilen aurka, eta hamaseigarren postuan amaitu du liga. 

2013ko ekainaren 1a
23:17
Entzun

Amaitu da denboraldia Osasunarentzat. 4-2 galdu du Real Madrilen aurka Santiago Bernabeun, ligako azken partidan. Hala ere, ezer gutxi zegoen jokoan. Iruñeko taldeak joan zen igandean eutsi zion mailari, Sevillari Nafarroako Erresuman 2-1 irabazita. Hamaseigarren postuan amaitu du liga azkenean Jose Luis Mendilibarrek entrenatutako taldeak.

Gaurko partidari dagokionez, asko igarri da bi taldeek ezer ez zutela jokoan. Lasai aritu dira biak, presiorik gabe, eta hori sumatu egin da, asko izan baitira erasoko jokaldiak. Real Madril 2-0 jarri da aurretik lehen zatian, Higuainek eta Essienek sartutako golei esker. Bigarren zatiaren lehen ordu laurdenean, ordea, Osasunak berdindu egin du, Roberto Torres eta Cejudoren golekin. Real Madril, ordea, suspertu egin da, eta bi gol sartu ditu jarraian, eta partida erabakita utzi.

Ricardok azken ordu laurdena jokatuta hartu du erretiroa. Unai Garciak eta Maikel Mesak, berriz, debuta egin dute lehen taldearekin. Behin liga amaituta, erabakien ordua da. Mendilibarrek beste urtebeterako kontratua du, taldeak mailari eutsi baitio. Hala ere, ikusteko dago Miguel Artxanko buru duen zuzendaritzak zer erabakiko duen. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.