OSASUNA 2-1 LEGANES

Osasunak ia eginak dauzka etxeko lanak

Gorritxoek 2-1 irabazi diote Leganesi, Sadarren, eta hamabost punturen aldea dute jaitsierarekiko, sei jardunaldiren faltan. Enric Gallegok sartu ditu bi golak, azkena, 96. minutuan. 

Osasunako jokalariak, Enric Gallegok sartutako lehen gola ospatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2020ko ekainaren 27a
21:38
Entzun

Osasunak Espainiako Lehen Mailan jokatuko du datorren denboraldian. Handia gertatu beharko luke Iruñeko taldea beste urtebetez onenekin aritu ez dadin. Zenbakiek diote oso bideratuta duela sasoiko helburu nagusia lortzea: hamabost punturen aldea du jaitsiera postuekiko, sei jardunaldiren faltan. Ondo bidean, datorren astean bertan izan ditzake eginak etxeko lanak.

Baten bat urduri jarri zen joan den astean Osasunak Valentziaren eta Atletico Madrilen kontra galdu zuenean. Baina gorritxoek buelta eman diote egoerari astebete eskasean. Irabazteak ematen du lasaitasuna, eta horixe egin dute, bi neurketa jarraian irabazi: joan den asteazkenean, Alavesen zelaian (0-1), eta gaur, Sadarren, Leganesen aurka (2-1). Gaurko garaipenak, gainera, balio handia du, mailari eusteko lehian arerio zuzena baita Leganes.

Sufritutako garaipena izan da. Iruñeko taldeak bikain ekin dio lehiari, bederatzigarren minutuan jada lehen gola sartu baitu. Talde osoak egindako jokaldi ederrari amaiera are ederragoa eman dio Enric Gallegok, txilena ikusgarriaz. Neurketa hasi besterik ez zen egin, eta Osasunak bideratuta zuen garaipena. Golak aurrera egitera behartu du Leganes. Egin du, eta estu hartu ditu etxekoak. Bryan Gilek gertu izan du berdinketa 38. minutuan. Bakarrik geratu da Sergio Herreraren aurrean, baina atezainak haren ahalegina zapuztu du. Gogotsu ari ziren bisitariak, eta larri etxekoak. Eskertu egin dute atsedenaldia.

Baina ezer ez da aldatu aldageletatik bueltan. Leganesek indarrez segitu du. Guerrerok eman du lehen abisua, buruz, eta, segidan etorri da Avilesen gola, banakoa, zartako ikusgarriaz. Berdinketa lortu izanagatik ere, egurrean jarraitu dute bisitariek, eta ia hurrengo jokaldian bigarrena sartzear izan dira, baina Sergio Herrerak geldiketa bikaina egin dio Kevini.

Aginte-makila berreskuratzeko asmoz, Jagoba Arrasatek Moncayola eta Iñigo Perez zelairatu ditu, Fran Meridaren eta Brasanacen ordez. Hasieran, lortu du helburua, baina berriz ere hasi da estutzen Leganes. Argi zegoen nork zuen behar gehien. Osasunak ontzat eman du puntua, baina azken unean, Enric Gallegok, buruz, garaipena eman dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.