Lehen Mailan gelditzea gero eta gertuago du Osasunak. Gaur garaipena lortu du zelai zail batean, eta Vila-real gainditu du (1-2), Europan sartzeko lehian dabilen talde bat. Jon Moncayola eta Ante Budimir izan dira goleatzaileak, eta Sergio Herrera atezaina neurketako heroia.
Partidako hiru golak hamar minutuan heldu dira, 63.etik 73.era, eta hirurak Osasunako jokalariek sartu dituzte. Lehenik, Moncayolak area kanpotik, boleaz, bikain errematatu du Manu Sanchezen erdiraketa bat. Aurretik, aukerarik argienak etxekoek izan dituzte.
Sei minutu geroago, David Garciak sartu du gola, baina bere atean. Akats larria egin du atzelariak, bere atera bidali baitu Gerard Morenoren erdiratze bat. Osasunak lau minutu soilik behar izan ditu, ordea, berriz ere aurrea hartzeko. Ante Budimirrek, buruz, gol bikaina sartu du korner batean.
Hortik amaierara, erakustaldia eman Herrerak, hainbat geldiketa zail egin da. Jada 34 puntu ditu Osasunak, eta zortziko errenta du jaitsiera postuekiko.
Vila-real: Asenjo; Gaspar, Albiol (Trigueros, 77'), Funes Mori; Foyth, Moi Gomez, Parejo, Ruben Peña (Pedraza, 45'), Jaume Costa (Moreno, 45'); Yeremi Pino (Chukwueze, 57') eta Alcacer (Niño, 77').
Osasuna: Herrera; Vidal, Aridane, David Garcia, Juan Cruz (Manu Sanchez, 60'); Moncayola, Brasanac, Barja (Sanjurjo, 75'), Ruben Garcia (Roberto Torres, 75'); Javi Martinez (Torro, 58') eta Budimir (Calleri, 75').