Denboraldi-aurrean partida bakarra galdu du Osasunak —Madeirako Nacionalen aurka Carranza Trofeoan—, baina biharko partida ez da denboraldi-aurreko beste norgehiagoka bat. Aspaldiko partez, puntuak izango dira jokoan bihar, eta denboraldi-aurrean bezain ongi sentitu nahi du Jose Luis Mendilibarren taldeak denboraldi honetako lehen jardunaldian. Ondo hastearen garrantzia zenbaterainokoa den ondo dakite nafarrek, eta, horrexegatik, irabazten ahaleginduko dira Riazorren.
Etxetik kanpo aritzeak ez die lagunduko, dena dela. Iragan sasoian maila bikaina eman zuten gorritxoek, eta zazpigarren postuan amaitu zuten Liga. Horregatik, ez dago ahazterik etxetik kanpo partidak irabaztea zenbat kostatzen zitzaien, neurri handi batean Nafarroako Erresumatik kanpoko ahultasunak utzi baitzuen Osasuna Europako Ligatik at. Sasoi honetan gauzak beste era batekoak izango direla erakusteko aukera ederra dute bihar.
Deportivo talde igo berria da, eta Bigarren Mailatik datozen talde guztiei kostatzen zaie lehen jardunaldietan Lehen Mailari neurria hartzea. Halere, A Coruñakoa ez da edozein talde igo berri. Iragan sasoian nagusitasun handia erakutsi zuten Bigarren Mailan, eta azken hogei urteetan Bigarren Mailan egin denboraldi bakarra izan zen iazkoa galiziarrentzat.
Jokalariak, zuhur
Osasunako jokalariek badakite hori. «Denboraldi hasiera gogorra daukagu; egia da talde igo berri baten aurka jokatuko dugula lehen norgehiagokan, baina aintzat hartu beharra dago bizitza guztian Lehen Mailan izan den talde bat dela aurkaria. Eta iragan sasoikoaren antzeko txapelketa espero dut nik; bi talde beste guztien gainetik izango dira, gero lauzpabost Europarako lehian izango dira eta handik aurrerako talde guztien artean oreka ikaragarria izango da sasoi honetan ere. Iragan sasoian bezala, borrokatzen ahaleginduko gara gu, ahal bezain goien egoteko sailkapenean», adierazi zuen atzo luze eta zabal Marc Bertran atzelari kataluniarrak.
Bigarren jardunaldian Bartzelona hartu behar dute gorritxoek Nafarroako Erresuman, eta horrek are eta garrantzitsuagoa egiten du biharko partida. Gutxienez, puntu batekin itzuli nahi dute gorritxoek Galizia aldetik. Horretarako lanak ondo egin beharko dituztela ere badakite, gainera. Deportivo talde sendoa da bere zelaian.
Osasunak lehen partidan hasi nahi du puntuak batzen
Deportivo talde igo berria den arren, gorritxoak errespetu handiz zelairatuko dira bihar Coruñan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu