Ez dira gustura atera gaur Sadar futbol zelaira joan diren futbolzaleak. Osasunak 1-4 galdu du Valentziaren aurka. Zaleak epailearekin haserretu dira, baina markagailuak argi eta garbi uzten du Osasuna ez dela aurkari izan Valentziarentzat; denboraldiko lehen porrota jaso du, eta valentziarrak sailkapenaren buruan dira orain.
Partida ondo hasi du Osasunak, eta Moncayolak gola sartu du 9. minutuan ate paretik jaurtiketa on bat gurutzatuz. Gogotsu ari ziren gorriak, eta nor baino nor ari ziren jokatzen; Valentzia galduta zegoen. Guedesek, ordea, suspertu egin du Valentzia, eta markagailua iraultzea lortu dute. 26. minutuan sartu du banakoa Maxi Gomezek, eta bigarren zatian beste hiru gol sartuta (horietako lehena Aridanek sartu du bere atean), sailkapenaren buru jarri dira valentziarrak, hamar punturekin, Atletico Madrilekin alderatuta.
VARa izan da zaleak epailearekin haserrearazi dituena. Osasunari bertan behera utzi diote gol bat, eta Guillamonek Ruben Garcia bota duenean adierazitako penaltia ere bai. Hurrengo partidan pentsatzen hasi beharko du Jagoba Arrasatek: Alavesek eta Osasunak derbia jokatuko dute, larunbatean, 21:00etan, Mendizorrotzan.