'OSASUNA AUZIA'

Osasunako zuzendaritzako bost kide ohik lau hilabeteko kartzela zigorra onartu dute

Ganuza eta Purroyk izan ezik, gainerakoek zigorra onartu dute, Ogasunari iruzur egiteagatik. Tomas Lopez, berriz, absolbitu egin dute.

Irailean Osasuna auziaren inguruan egin zen epaiketa. JESUS DIGES
jone arruabarrena
2021eko maiatzaren 10a
17:54
Entzun

Lau hilabete eta hamabost eguneko kartzela zigorra ezarri diete Osasunako zuzendaritza osatzen zuten bost kideri. Ogasunaren atxikipenei zegozkien zergak ez ordaintzea egozten zaie: guztira, 191.718,55 euroko zorra daukate ogasunarekin. Kluba bera ere salatu dute, eta Osasunak eta zuzendaritzako bost kideek 47.929,63 euroko isuna ordaindu beharko dute.

Miguel Artxanko klubeko presidente ohiak eta Juan Antonio Pascual, Sancho Bandrés, Jesús Peralta eta Ángel Vizcay zuzendaritzako kideek zigorra onartu dute. José Manuel Purroy eta Manuel Ganuzak, berriz, ez dute onartu, eta auzitara joango dira. Zehapena onartu dutenek bi urte igaro arte zigorra ez betetzeko akordio bat egin dute epailearekin. Tomas Lopez kontabilitateko arduraduna, berriz, absolbitu egin dute.

Bi aringarri ezarri zaizkie auzipetuei: bidegabeko atzerapenak eta egindako kaltearen konponketa. 191.718,55 euroko kalte ordaina eman behar izan diote Ogasunari, hori baita zor zioten diru kopurua. 

Auzi honen ondorioz, klubak ezin izango du dirulaguntzarik jaso bederatzi hilabetez, baina Osasunako abokatuak neurri hau beranduago ezartzeko eskaera egin du, orain jasotzen ari diren laguntzei eragin ez diezaien.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.