David Lopezek (Logroño, Espainia, 1982) bere dohainen beste zertzelada bat utzi zuen Espanyolen kontrako partidan. Gol bikaina egin zuen faltaz, baina errioxarraren jokoan ohikoa den legez, xehetasun bat baino ez zen izan. Laugarren denboraldia du Athleticen, baina oraindik ez du eman fitxatu zutenean espero zen guztia. Gerturatu ere ez da egin. Hala ere, egungo Athleticen soberan ez dauden dohainak dituenez, klubak kontratua luzatu dio 2013ko ekainaren 30era arte. Denboraz dago bere dohain teknikoen berri emateko.
Luzaroan itzalean egon ostean, argia ikusi zenuen Espanyolen kontrako partidan. Garaipenaren gola sartu zenuen. Bazen ordua, ezta?
Bada, bai. Ez joan den denboraldian, ezta sasoi honetan ere ez naiz asko jokatzen ari. Ez naiz ondo aritu. Baina denboraldi-aurretik esan eta esan nabil askoz hobeto nagoela. Banuen gogoa gauzak ondo egiteko. Jokatu dudanean taldeari laguntzen ahalegindu naiz.
Zaleak zain daude David Lopezek eman dezakeen guztia ikusteko.
Badakit. Horregatik daukat Athleticen arrakasta izateko gogo itzela. Klubak ez zuela apustu okerra egin erakutsi gura diet zaleei. Lanean ari naiz. Konfiantzarekin nago, eta orain arte baino askoz gehiago ematea da nire asmoa.
Kirol arloan uste baino gogorragoa izaten ari da Athleticen egiten ari zaren ibilbidea?
Ez naiz aurreikusi nuen ibilbidea egiten ari. Fitxatu ninduenetik maila ona ematea izan da nire asmoa. Lehen bi denboraldietan asko jokatu nuen, eta maila oneko boladak izan arren, Osasunan izan nuen erregulartasuna falta izan zait.
Zer falta izan zaizu barruan daukazun guztia emateko?
Arrazoi bat edo beste tarteko, ez dut segidan jokatzeko aukerarik izan. Neurketak jokatzen baditut, konfiantza berreskuratuko dut, eta askoz hobeto ariko naiz, ziur.
Espero baino gutxiago eman arren, bai agintariek eta baita Joaquin Caparrosek ere konfiantza dute zure jokoan. Bestela ez zizuten kontratua beste bi denboraldiz luzatuko.
Hala da. Klubak eta entrenatzaileak eman didaten babesa garrantzitsua izan da niretzat. Horrelako erabakiek Athleticen lekua daukadala erakusteko gogo gehiago ematen didate.
Espanyolen kontra sartu zenuen gol apartak balio dezake egun duzun egoera aldatzeko?
Golek asko laguntzen diote futbolariari. Golak ez ezik, nola egiten den eta zertarako balio duen ikusteak ere ikaragarri laguntzen du norberaren buruan sinesteko.
Horrelako golak sarritan amesten dira, baina oso gutxitan egin.
Makina bat alditan amets egin dudan gola izan zen: ederra. Une egokian sartutakoa izan zen, gainera.
Zuri mesede egin dizu golak, baina baita taldeari ere. Zalantza asko sortu ditu Athleticen jokoak, eta bigarren zati txukun batek eta garaipenak urak baretu dituela dirudi.
Bai. Talde on baten kontra bigarren zati ederra egin genuen. Zaleak ere atsedenaldiaren ostean egin genuenarekin geratu dira.
22 punturekin ez dago kexatzeko arrazoi handirik. Hala ere, Athleticen jokoak gabeziak dituela uste duzu?
Partida batzuetan ez gara gai izan baloiaren jabetza izateko. Asko sufritu dugu. Batez ere etxetik kanpoko neurketetan nabaritu dut gabezia. Ezin dugu horrela jarraitu. Bolada txarrari amaiera emateko sasoia da.
Levanteren kontrako neurketan hamaikakoan egongo zarela uste al duzu?
Nik ez dut sekula itxaropena galtzen. Nik beti ikusten dut neure burua hasierako hamaikakoan, baina ez daukat azken erabakia hartzeko ardura.
Etxetik kanpo egiten ari zareten jokoa aintzat hartuta, aurkariak egin dezakeenak edo zuek egin dezakezuenak ematen dizue buruko min handiagoa?
Lehenik eta behin, gure jokoari erreparatu behar diogu. Partida bakarra irabazi dugu, beraz, bistan da huts asko egin ditugula. Kontzentratuta jokatzea ezinbestekoa da emaitza onak eskuratu ahal izateko.
Levanteri egingo diozue bisita bihar. Badirudi mailari eusteko borrokan egongo dela Valentziako taldea. Hala ere, ez da talde txarra. Zaleen aurrean jokatu zuen azken partidan erraz hartu zuen mendean Atletico Madril. Eta txapelketako azken partidan puntu bat eskuratu zuen Molinonen. Erne, beraz.
Maila ona dutela ari dira erakusten. Denboraldi honetan Lehen Mailara igo diren hirutaldeak egokitu dira ondo. Levante ez da kikilduko gure kontrako partidan.
Esperientzia handiko jokalariak ditu Levantek. Zakur zaharrak.
Jokalari onak dira: Del Horno, Valdo, Sergio… onak dira eta adi egon beharko gara. Kontzentratuta jokatu beharko dugu, hasieratik amaiera arte.
Valentzia Hirian emaitza on bat eskuratzea garrantzitsua al da hiru egun geroago Bartzelonaren kontra jokatuko duzuen Espainiako Kopakoari gogotsu ekiteko?
Urtea amaitzeko falta zaizkigun neurketa biak izango dira oso zailak. Bartzelona sekulako jokoa ari da egiten, sekulakoa. Osozaila izango da Nou Campeko partida.
Askoren ustez, egun ez du merezi Bartzelonari bisita egitea, duen maila aintzat hartuta; dirua botatzea dela esaten dute.
Kar, kar. Bartzelona gainerako talde guztien gainetik dago. Baina partidak jokatu egin behar dira. Kanporaketa bat da. Nou Campen golen bat sartu eta emaitza ona eskuratzea izango da gure helburua. San Mamesen sufritu egingo dutela uste dut.
David Lopez. Athleticeko jokalaria
«Osasunan izan nuen erregulartasuna falta zait»
Azken partidan gol bikaina sartu arren, ez da ematen ari espero zena. Horregatik, ondo jokatuz itzuli gura dio klubari bere alde egin eta kontratua luzatu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu