Jose Luis Mendilibar. Osasunako entrenatzailea

«Osasunara etorrita asmatu egin dugula uste dut»

Pozik dago Jose Luis Mendilibar Iruñean, eta hilabete bakarrean itxuraldatu egin du Osasuna. Valladolidetik irtenda, Ingalaterra aldean ibili zen urtebetez, futbola ikusten, eta ikasten, eta aldaketa horrek mesede egin diola uste du. Lanerako dago bizkaitarra.

Iruñea
2011ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
50 urte bete zituen astelehenean Jose Luis Mendilibarrek (Zaldibar, Bizkaia, 1961), eta urtebete langabezian egin ostean, Osasunako entrenatzaile lanetan ospatu zuen urtebetetze eguna. Bera iritsiz geroztik gora egin du Osasunak, eta pozik dago bizkaitarra Iruñean. Lanerako dago, gogotsu. Erronka berriaz, ibilbideaz eta Osasunaz mintzatu da entrenatzailea BERRIArekin.

Hilabete egin duzu Osasunan, baina erabat egokituta zaudela dirudi.

Iritsi nintzenean, talde berrira egokitzeko zenbat denbora beharko nuen pentsatzen nuen. Banekien jokalariekin, zuzendariekin, zaleekin eta zuekin ere, kazetariokin, denbora beharko nuela, baina dena oso erraza suertatu zait. Etxean bezala sentitu naiz Osasunan lehendabiziko astetik. Emaitzek ere asko lagundu dute.

Valladolidetik irten eta Ingalaterrara joan zinen hilabete batzuetan. Osasunaren eskaintza jaso artean buruari buelta asko eman al diozu?

Tarte hori ondo etorri zaigula uste dut. Eta pluralean hitz egiten dut, Toni [Toni Ruiz, prestatzaile fisikoa] eta biok egon garelako urtebetez entrenatu barik. Hau hamaseigarren urtea dut entrenatzaile lanetan, eta aurreneko geldialdia izan da. Ez da jakiten nola hartuko duzun lanik gabe egotea, baina ondo etorri zaidala uste dut. Valladoliden azken urtean gauzak gaizki atera zitzaizkigun. Horri arrazoiak aurkitzen saiatu nintzen lehendabizi, eta gero talde askoren entrenamenduak ikusi nituen. Ingalaterran ia bi hilabetez egon nintzen, eta egonaldi hori ondo etorri zait gauza berriak ezagutu eta futbola beste era batean ikusteko.

Berezia izan al zen Osasunaren deia jasotzea?

Beti garbi izan genuen Lehen Mailakoa izan behar zuela hurrengo erronkak, eta Bigarren Mailako talde batzuei ezetz esan genien. Lehen Mailan entrenatzailea aldatu behar zuten talde guztiekin lotzen gintuzten gero: Sporting, Racing… Baina zurrumurruak besterik ez ziren. Osasunaren deia jaso genuenean, argi neukan gure aukera zela; guretzat toki ona zela esan nion Toniri. Eta kanpotik uste nuen baino hobea dela konturatu naiz gerora barrutik. Seriotasun handia dago, inork ez du muturrik sartzen entrenatzailearen lanean, eta oso pozik nago. Asmatu egin dugula uste dut.

Taldean aurkitu duzunarekin gustura zaude ala zerbaiten falta sumatzen duzu?

Eskaintza onartu aurretik banekien zer izan nezakeen eta zer falta zitekeen, baina gure esku zegoenarekin lan egitea zen gure pentsamendu bakarra. Entrenatzaileok askotan esaten dugu aurrelari bat edo erdiko atzelari bat falta zaigula, baina jokalariek entrenatzaile bat falta zaiela esaten badigute, zer? Daukanarekin lan egiten jakin behar du gaur eguneko entrenatzaileak, eta pozik nago ditudan jokalariekin.

Talde apaletan askotan esaten da gola garesti dagoela eta diruarekin soilik eros daitekeela. Osasunako aurrelari onenak lau gol sartu ditu. Zuk ere hala pentsatzen al duzu?

Hori ez da traba; aurrelariek bezalaxe sar ditzakete golak atzelariek. Denek jakin behar dute golak sartzen, defentsa lana egiten ere denek jakin behar duten bezalaxe. Entrenatzaileen aitzakia besterik ez da hori. Talde guztietan hiruzpalau aurrelari izaten dira, eta horrelakoak entzunda, zer pentsatu behar dute haiek? Gola sartzen ez bada, ez da aurrelarien errua; taldearen errua da.

Gol bat sartu eta beste bat eragin bazuen ere, Kike Solari gehiago eskatu behar zaiola esan zenuen igandeko partida amaitu orduko. Joseba Llorentek Eibarren edo Valladoliden ematen zizuna eskatzen al diozu?

Egin dezakeela uste dudalako esaten diot hori Kike Solari; ezin duela egin pentsatuko banu, ez nioke ezer esango. Oso gorputz ona dauka, gaztea da eta gehiago egin dezakeela uste dut. Orain artean beste entrenatzaile batzuekin ez zuen egingo, agian, edo ez diote halakorik eskatu. Baina nik eskatu egingo diot, eta eskatutakoa eman diezagukeela pentsatzen dut.

Entrenatzaileek denbora eskatzen dute, baina zuk ez zenuen denborarik Osasunan. Uste baino errazagoa izan al da hilabetean Osasuna itxuraldatzea?

Ia dena buruko arazoa zela uste dut; ez da jokalarien arazoa izan, ezta entrenatzailearena ere. Nire ustez, Osasunako jokalariak etxean puntu asko ateratzera ohituta daude aspalditik. Historia guztian etxean puntu asko batu eta etxetik kanpo berdinketaren bat eta lantzean behin partidaren bat irabaztera ohituta egon dira. Hori aldatu egin behar dela uste dut, etxeko partida guztiak irabaztea oso zaila baita. Buruko arazo hori aldatzea izan da nire meritu bakarra. Baina, tira, partida bat bakarrik irabazi dugu, eta ea igande honetan Alacanten zer egiten dugun. Ondo jokatu eta ez irabaztea gerta daiteke, baina ausart jokatzea gura dut nik.

Harrobiarena gai polemikoa da aspaldian Osasunan. Zein da zure iritzia?

Harrobia aintzat hartu nahi badugu, ezin ditugu 24 jokalari profesional izan taldean. Lehen taldean hogei jokalari izanez gero, harrobiko lauzpabost jokalari aintzat har daitezke. Baina egoera honetan zaila da, jokalari profesionalei tokia kentzean taldearen indarra ahuldu baitaiteke. Beste gauza bat ere pasatzen da Osasunan: gazte nafarrek Osasunaren koloreak sentitu behar dituztela esaten da, baina Osasunaren gorria ez da nafar guztien kolorea; zurigorriak ere badira, txuri-urdinak ere bai, eta beste batzuek diruaren kolorea maite dute. Gazte nafar askok alde egiten diote Osasunari, eta batzuek esaten dute klubak gai hori ez duela zaintzen behar bezala. Baina jokalari gazte horiek ere izango dute erantzukizunik. Adibidez, Iker Muniainek Osasunan aritzeko aukera izan zuen, baino nahiago izan zuen Bilbora alde egin. Horregatik diot nafar guztien kolorea ez dela Osasunaren gorria. Seguru Osasunak gazte nafarrak erakartzeko lan gehiago egin dezakeela, baina seguru erru guztia ez dela Osasunarena.

Zu iritsiz geroztik Real Madrilek eta Bartzelonak soilik lortu dute Osasunak baino puntu gehiago. Horrek lanerako patxada apur bat emango dizu, ezta?

Entrenatzaileak esaten duena sinestea da garrantzitsuena jokalarientzat, baina nahiz eta sinetsi, jokalariek emaitza onak lortzen ez badituzte, zalantzak agertzen dira. Emaitzek asko laguntzen dute, eta zorte hori izan dugu Osasunan.

Athleticen, esaterako, ez zenuen halako zorterik izan, eta hamargarren jardunaldiaren ostean bota egin zintuzten. Bost urte hauetan asko aldatu al zara?

Ez, ez dut uste. Eta jende askok esan dit tarte honetan ez aldatzeko, ez entrenatzaile modura eta ez pertsona modura. Eibarretik heldu nintzen Athleticera. Eibar, talde txiki bat, badakizu, eta ez dakit, baina seguru nago Athletic entrenatzeko nor ote nintzen pentsatuko zutela jokalari batzuek. Nik esandakoak ez zituzten sinesten jokalari batzuek, eta, hori hala izanik, ondo irteterik ez zeukan.

Bota zintuztenean Athletic azkena zen sailkapenean, baina zure aldeko oihuak eta Lamikiz presidentearen eta zenbait jokalariren aurkakoak entzun ziren San Mamesen.

Valladoliden ere gauza bera pasatu zitzaidan, baina ez dakit zergatik izango den. Lamikizekin oso harreman ona izan dut beti, baina gaizki hasi genuen sasoia, eta ulertzen dut taldea sailkapenean azken postuan ikusita presidentea urduritzea. Badakit fitxatzen nauten bezalaxe bota nazaketela. Entrenatzaileok maleta prest eduki behar izaten dugu beti, Athleticen, Valladoliden, Osasunan eta toki guztietan.

Eibarreko entrenatzaile ohia; Athleticeko entrenatzaile ohi eta bazkidea; orain, Osasunako entrenatzailea; eta, hala eta guztiz ere, Realzalea zara?

Gaztetatik beti Reala gustatu izan zait niri, hori horrela da. Gero Athletic B-n jokatu nuen hiru urtez, eta, Athleticen harrobiko taldeak entrenatzeaz gain, Athleticen talde nagusia ere entrenatu dut. Orduan Athleticekoa ere egin nintzen, eta bazkidea ere banaiz, bai. Oraintxe hiru talde dauzkat: lehendabizikoa, Osasuna, eta gero, Reala eta Athletic. Txikitan Reala zen nire talde bakarra.

Pedro Lopez Valladolideko jokalariari entrenamendu batean egin zenion errietak zeresana eman zuen. Osasunan ere ikusi zaitugu jokalariei sekulako errietak egiten. Jokalariek ondo hartzen al dituzte horrelakoak ala gero aldagelan izaten duzue tira-biraren bat?

Ondo hartzen dute. Zelaian errieta egin diezaieket, baina gero aldagelan eurekin egoten naiz. Jokalari batzuk beste batzuk baino irekiagoak dira, baina gehienekin harreman ona izan dut beti.

Jokalari zinenean zuri ere errieta asko egiten omen zizuten; Delfin Alvarez entrenatzaileak, esaterako, Logroñesen.

[Barrez] Egia da errieta handiak egiten zituzten entrenatzaileak izan nituela, bai. Delfin Alvarez halakoa zen, eta Sestaon Blas Ziarretaren aginduetara ere aritu nintzen. Baina, entrenamenduetan errieta eginagatik, gero jokalariekin harreman normala baldin badaukazu, errieta egitea normala dela uste dut.

Delfin Alvarez aipatu dugu, partida guztietan aldatzen zintuelako, eta errieta handienak ere zuri egiten zizkizulako.

Agian, bai, eta, agian, merezitakoak izango ziren errieta haiek, gainera. Bi urte egin nituen berarekin Logroñesen; lehendabizikoan, ia dena jokatu nuen, eta bigarrenean, oso gutxi.

Logroñes hartako Mendilibar zein da gaur egungo Osasunan? Masud?

Bai, Masud izan daiteke. Teknika aldetik, jokalari ona nintzen, baina buruz ahul samarra ere bai; beste batzuei baino gehiago kostatzen zitzaidan lehiatzea. Entrenamenduetan ondo ibiltzen nintzen, baina partidetan ez hainbeste. Ez zait gustatzen nire jokalariak horrelakoak izatea, eta horregatik egiten dut lan gehien halakoekin, ondo entrenatzeaz gain ondo lehiatzen ere ikas dezaten.

Logroñeseko aldagelako kontuekin bueltaka jarraituta, gogoan al duzu 1984ko Urtezahar gaua?

Ez, ez, ezta arrastorik ere, ea zer esan behar didazun

Andorran jokatu zenuten abenduaren 31n. Berandu itzuli zineten Logroñora, eta Ford Fiesta batean etxera bidean harrapatu omen zintuen Urtarrilaren 1ak.

Ez naiz ondo gogoratzen, baina Lotinarekin zela seguru.

Gasteizko gasolindegi batean entzun omen zenituzten kanpai hotsak.

Egia da. Partida batetik bueltan, Lotinaren autoan gindoazen biok. Durangon utzi ninduen, eta nire emaztea etorri zen bila, Zaldibartik, eta bera Mungiarantz joan zen. Ordu bata pasatxo zen etxera iristerako. Baina, tira, lehen ohikoak ziren horrelako gauzak. Autobusean sartu eta ez zenekien lau, bost, sei edo zazpi orduko bidaia izango zen. Orain esaiezu futbolariei abenduaren 31n partida bat jokatu behar dutela.

Pala partida bat jokatzeko eguna, pilotalekua eta pilota aukeratzeko esan zidan Lotinak.

Apustu hori onartzerik ez daukat, tanto batzuen abantaila eman beharko niokeelako gutxienez [barrez].

Osasuna eta Deportivoren salbazioa ere jokatuko omen luke frontoian zure aurka.

Orduan erraza daukagu mailari eustea!

Manix Mandiolak eta biok Martinez de Irujo eta Eulate eskuz menderatu zenituztela esandakoan, Lotina ikaratu egin zen apur bat. Baina, hala ere, irabaziko zizula sinetsita zegoen.

Ez dauka zereginik, benetan. Astero ez bada, ia astero jokatzen dut frontoian, eta berak seguru azken urteetan pala ukitu ere ez duela egin. Oporretan akaso jokatuko du, baina Galizian ez dut uste frontoian aritzeko aukera askorik izango duenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.