FUTBOLA

Osasunaren kontuetatik ateratako 3,7 milioi nora bideratu diren ikertzeko eskatu du epaileak

Osasunak 2,4 milioi euroren desagerketa salatu du auzitegietan. Dirua non dagoen eta zeren truke ordaindu zuten ez dakiela dio Iruñeko klubak.

Angel Bizkai Osasunako kudeatzaile ohia. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
2015eko otsailaren 20a
07:21
Entzun

Iruñeko 2. Instrukzio Auzitegiak Espainiako Poliziari eskatu dio iker dezala nora bideratu zituzten Osasunaren kontu korronteetatik ateratako 3.761.611 euro.

Guardiako epaitegian aurkeztu du salaketa Osasunak. Aste honetan jakin da iazko diru kontuetan 2,4 milioi euroko zulo bat dagoela, eta diru horren desagerketa salatu du. Klubak ohar batean azaldu du ez dakitela diru hori non dagoen eta zeren truke ordaindu den. Luis Sabalza presidenteak atzo agerraldi batean aitortu zuen aurreko denboraldian 1,5 milioi atera zituela norbaitek esku dirutan.

Futbol Liga Profesionalaren txosten batean dago jasota 2,4 milioi euroko zuloa. Espainiako Kirol Kontseilu Gorena Iruñeko kluba ikertzen ari da 2013-2014ko denboraldian ustez izan ziren irregulartasunekin lotuta. Angel Bizkaik atzo azaldu zuen LFPren egoitzan deklaratzen izan zela orain dela gutxi, eta aitortu zuen aurreko denboraldian gertatutakoaren berri eman ziola erakunde horri. Iradoki zuen, gainera, zuzendaritza jakinaren gainean zegoela.

Marca kirol egunkariak Espainiako Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltza Osasunak jokatutako hainbat partida ikertzen ari zela kaleratu zuen egun berean, suari su gehiago eman zion Bizkaik iluntzean, Cope eta SER irrati kateetan. Bi irrati kate horiek eta Noticias de Navarra-k baieztatu dutenez, LFPrekin izandako hizketaldian Betiseko bi jokalarirekin elkartu zela onartu zuen Bizkaik (Antonio Amaya eta Jordi Figueras).

Albiste horien arabera, 250.000 euro eskaini zizkien Valladolidi irabaztearen truke —4-3 amaitu zen, Betisen alde—, eta kopuru hori are handiagoa izango zela hitzartu zuten azken jardunaldian, Sadarren, Osasunaren aurka galtzen utziz gero —2-1 irabazi zuten nafarrek, baina Bigarren Mailara jaitsi ziren—. Amayak, egun Rayo Vallecanoko jokalaria denak, ukatu egin zituen atzo salaketa horiek.

Denboraldi amaieran, hala ere, jaitsi egin zen Osasuna, eta egoera larrian da kluba. 53 milioi euroko zorra zuen Ogasunarekin, eta Nafarroako Gobernuarekin azaroan hitzartu zuen bere ondarearekin ordaintzea zor horren zatirik handiena. Gainontzekoa, epe luzera negoziatu nahi dute. Akordioa gogor gaitzetsi zuen orduan oposizioak, nafarren kalterako zela argudiatuta. Gobernuak dio orain ikertu egingo duela ea deliturik izan den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.