Espainiako Kopako hurrengo faseko kanporaketak erabakita geratu ziren atzo egindako zozketaren ondoren. Final-zortzirenei dagokienez, Osasunak Bartzelona ahaltsuaren aurka jokatuko du. Reala, berriz, Mallorcaren aurka ariko da, eta Athleticek Albacete izango du aurkari.
Kanporaketa polita izango da inongo ezbairik gabe Osasunarentzat; bi taldeek bolada ezin hobea daramate azkenaldian, eta Osasuna bera ere liga hasieran inor gutxik espero zezakeen tokian dago, Europako postuetan sendo. Kiniela guztiak, ordea, alde dauzka Pep Guardiolaren taldeak. Koparen historian bost bider aritu dira elkarren aurka kanporaketa batean, eta horietatik lau Bartzelonaren aldekoak izan dira. Espainiako Liga txapelketako laugarren jardunaldian aritu ziren elkarren aurka azkenengoz, iragan irailean, eta orduko hartan ere, aise nagusitu zen Bartzelona, 8-0.
Jose Luis Mendilibar Osasunako entrenatzailearen arabera, egokitu zekiekeen «aurkaririk zailena» da Bartzelona, eta kanporaketa «korapilatsua» izango dela uste du. Halere, «Osasuna gogor borrokatuko da, eta kanporaketa Bartzelonan erabakita gelditu ez dadin saiatuko gara, Iruñeko itzuliko partidan aukeraren bat gutxienez izan dezagun». Urtarrilaren 4an jokatuko da joanekoa Nou Campen, gaueko hamarretan, eta ordu berean izango da itzuliko partida Iruñean, astebete geroago. Kanporaketa horretan aurrera egiten duen taldeak Real Madril edo Malaga izango du aurkari. Bi talde horiek jokatuko dute final-zortzirenetako beste kanporaketetako bat.
Reala, berriz, Mallorcaren aurka ariko da. Bere neurriko aurkaria egokitu zaio Donostiako taldeari, liga txapelketako sailkapenean elkarren segidan baitira bi taldeak; 14. postuan dago Mallorca, eta 15. postuan Reala. Anoeta futbol zelaian jokatuko da kanporaketako lehenengo partida, urtarrilaren 3an, 22:00etan. Itzulerakoa, berriz, urtarrilaren 12an izango da Mallorcan, 20:00etan.
Lorenzo Juarros Loren Realeko kirol zuzendariakuste du neurketa «parekatuak» izango direla. «Badakit Mallorca baino aurkari errazagoa edo zailagoa zekigukeela». Haren esanetan, halere, kanporaketako giltza Anoetan emaitza ona lortzea izan daiteke. Espainiako Ligako 6. jardunaldian neurtu ziren bi taldeak azkenekoz, Iberostarren, eta etxeko taldea 2-1 nagusitu zitzaion Realari.
Azken kanporaketa horretako irabazleak Athletic edo Albaceteizango du final-laurdenetako aurkari. Lorenen arabera, «pozgarria» litzateke Athleticen aurka jokatzea: «Lege zaharreko Kopako kanporaketa izango litzateke». Talde zuri-gorria Albacete Bigarren B Mailako talde apalaren aurka ariko da final-zortzirenetan, eta, okerrik ezean, Bilboko taldeak egin beharko luke aurrera. Urtarrilaren 3an jokatuko dute joaneko partida Carlos Belmonte futbol zelaian, 20:00etan. Itzulerako partida, berriz, urtarrilaren 12an izango da San Mamesen, ordu berean.
Jose Mari Amorrortu Athleticeko kirol zuzendariak, ordea, zuhur hitz egin zuen komunikabideen aurrean. Deustukoak «ilusioz» eta «errespetuz» ikusten du kanporaketa. «Ilusio handia daukagu txapelketan aurrera egiteko, baina errespetua ere bai, aurkaria Atletico Madril kanporatu berri duelako. Potentzia, ilusioa eta aldarrikatzeko gogoa erakutsi ditu Albacetek».
Egutegi estua
Egutegi estua izango dute Kopan ariko diren taldeek. Aste barruan jokatuko dituzten partidez gain, asteburuetan Ligako partidak jokatu beharko dituzte. Urtarrilaren 7an ekingo diote; Osasunak eta Realak derbia jokatuko dute Anoetan 18:00etan. Urtarrilaren 8an, berriz, Athletic Getaferen aurka ariko da etxetik kanpo, 16:00etan.
Lehen itzuliko azken jardunaldia urtarrilaren 14an hasiko da. Egun horretan Reala Valentziaren etxean ariko da, 22:00etan. Urtarrilaren 15ean, berriz, Osasunak Racing hartuko du etxean, 16:00etan, eta Athleticek Levante, 18:00etan.
Osasunarentzat zailena
Bartzelonaren aurka ariko dira nafarrak; Realak, berriz, Mallorca izango du aurkari, eta Athleticek, Albacete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu