Itzuliko partida falta da oraindik, baina ezustekorik ezean Osasuna Espainiako Kopatik kanpo geratuko da. Final-zortzirenetan esango du agur ziurrenik, zail baitirudi urtarrilaren 8an Mestallan Valentziari bi goleko aldeaz irabaztea.
Jose Luis Mendilibarrek zuzendutako taldeak berriro galdu du Valentziaren aurka, bigarren aldia hiru egun eskaseko tartean. Izan ere, joan zen larunbatean ere 0-1 galdu zuen Osasunak Ligako partidan. Gaur, ordea, 0-2 galdu du, Parejok bigarren zatiaren hasieran eta Soldadok bigarren zatiaren luzapenean sartutako golen erruz. Valentzia ez da izan Osasuna baino gehiago, baina izan dituen bi aukerak baliatu ditu. Gorritxoak, ordea, saiatu dira gola sartzen, baina eskas aritu dira azken metroetan.