Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Haimar Zubeldia. RadioShackeko txirrindularia

«Oso argi dauzkagu ideiak»

Esperientziaren izenean hitz egiten du Haimar Zubeldiak Tourrari buruz. Prestaketaz justu antzean iritsiko da, baina hirugarren astean «freskotasuna» emango dio horrek.

unai zubeldia
Donostia
2012ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
«Sasoi onean eta lasai» ekingo dio bihar Haimar Zubeldiak (Usurbil, Gipuzkoa, 1977) Tourrari, Liejan. «Dauphineko 10. postuak konfiantza handia eman dit». Atsedenerako tarterik gabe, Jaka inguruan eman dio azken estutua gorputzari, Markel Irizarrekin batera. Andy Schleck min hartuta dagoenez, Chris Horner, Andreas Kloeden eta Frank Schleckentzat lan egin beharko du.

Oso lehiaketa egun gutxirekin ekingo diozu Frantziako Tourrari...

Geldirik egon behar izan nuen tarte batean, eta, tira, gutxi lehiatu izanari alde ona bilatzen hasita, badakit hirugarren astera fresko iritsiko naizela.

2001ean egin zenuen debuta Tourrean, Euskaltelekin. Zer ikasi duzu ordutik? Eta zertan aldatu zara?

Oso txirrindulari desberdina da 2001eko Haimar Zubeldia eta oraingoa. Esperientzian dago alderik handiena, Tourrean nola lehiatu behar den jakitean. Lehen astean erortzea nola saiatu saihesten, indarrak non gorde...

Pentsatzekoa da Andy Schleck ez egoteak asko aldatuko duela RadioShacken estrategia, ezta?

Ez pentsa; ez dut uste hainbeste aldatuko duenik... Andy Schleck joanda ere, ibilbidea aurkeztu zutenetik aldatuta zegoen gure taktika. Aurkariei mendian denbora kentzen saiatu beharra geneukan lehen, eta orain ere bai. Andyrekin denbora pixka bat galduko genuen erlojupekoetan, eta, orain, Frank [Schleck], [Chris] Horner eta [Andreas] Kloedenekin ere bai, nahiz eta Kloedenek saio hobeak egin ditzakeen. Ezustea eman beharko dugu, beraz, Wigginsek eta Evansek bereziki oso erlojupeko onak egingo dituztelako. Mendian gogortu egin beharko dugu lasterketa.

Frank Schleck, Kloeden eta Horner. Ona da taldeburu bat baino gehiago izatea, baina arriskutsua ere bai. Ardurak ondo banatuta dauzkazue?

Horretarako daude zuzendariak, baina dagoeneko bakoitzak jakin beharko luke bere lekua zein den. Nik, behintzat, badakit. Errepideak emango du azken epaia, baina ideiak oso argi dauzkagu taldean.

Zein da Haimar Zubeldiaren lekua?

Ikusiko dugu, baina, hasiera batean, taldekideentzat lan egitea egokituko zait. Tarteka eduki izan dut aukera aurreko lehian ibiltzeko, baina Tourrean bereziki lanerako egongo naiz ni. Hori bai: iaz ere asmo horrekin joan nintzen, eta azkenean nik lehiatu behar izan nuen sailkapen nagusian, lider guztiak erori egin zirelako.

Schleck anaien maila, eztabaidak, lesioak... Ematen duen adinako liskar giroa daukazue taldean?

Uste dut komunikabideek kontu horiek gehiegi haizatu dituztela, baina egia da taldea ez dela ari ematen espero zena. Tentsioa sortzen du horrek, baina giro lasaia daukagu taldean. Urte amaierako hausnarketan, pisu handia edukitzen du Tourrean egindako lanak, eta egoera hori aldatzeko aukera gisa hartuko dugu lasterketa.

Lance Armstrongen auzia dela eta, Johan Bruynnel ez da joango, azkenean, Tourrera.

Taldeari lasaitasuna emateko hartu du erabaki hori. Badakigu Tourrean beti azaleratzen direla kirol arlotik kanpo dauden kontuak, eta, Johan Tourrean egongo balitz, beste kontu horiei buruz hizketan ariko ziren denak. Gaur egun, gainera, han egon gabe ere erraza da elkarrekin harremanetan egotea.

Aukera izan duzu Pirinioetako bi etapa bertatik bertara aztertzeko taldearekin batera : Bagneres de Luchonen eta Peyragudesen amaituko direnak. Motz-motzean, analisi bat?

Bagneres de Luchonen amaituko dena da bereziki gogorra. Pirinioetako mendate garrantzitsu asko igoko ditugu —Aubisque, Tourmalet, Aspin eta Peyresourde—; luzea da etapa, 197 kilometrokoa; eta borroka handia egongo da. Peyragudesen amaituko denak, berriz, bukaera dauka oso gogorra. Bales igoko dugu, lehenengo; segidan, Peyresourde; eta, atsedenik gabe, Peyragudes, nahiz eta hori motza den oso. Ordeka gutxi dago bukaerako kilometro horietan.

Aurretik, 7. etapan iritsiko da mendiko lehen etapa serioa —La Planche des Belles Fillesen amaituko dena—, baina hurrengo egunekoa jotzen dute gehienek oso arriskutsutzat.

Taldekide batzuk Suitzako Itzulia hasi baino lehen joan ziren Alpeetako etapa horiek ikustera, eta zuzendariek entrenamendu guztiak autotik kamerarekin grabatzen dituztenez, guztiok edukiko dugu aukera mendate horiek guztiak zehatz ezagutzeko. Garaia iristen denean aztertuko ditugu igoera eta jaitsiera horiek.

Lehen atseden egunaren ondoren, ez al dira askoz erabakigarriagoak 10. eta 11. etapak? Zazpi mendate bi egunean; hiru, maila berezikoak.

Bai eta ez. Itzuli handi batean, etapa horietan bete-betean egoten dira txirrindulari gehienak, eta azken astean nabarmentzen dira onenak. Aurten, Pirinioetan egongo dira benetako aldeak.

Erlojuaren aurka 101,4 kilometro izango dituzue. Alde handia da hori Wiggins edo Evansentzat.

Bai... Azken urteotan, mendateak eta erlojupekoak orekan egon dira, baina aurten abantaila handiagoa edukiko dute Wigginsek, Evansek eta halako txirrindulariek. Hori bai: aldez aurretik daukagun ustea da hori. Dauphinen argi ikusi zen Wiggins oso ondo dagoela. Harrituta geratu nintzen Sky talde guztiaren lanarekin. Ikusiko dugu horri eusteko gai diren. Evansek, berriz, artean lan pixka bat gehiago zeukan egiteko.

Hiru etapa bakarrik amaituko dira mendate batean; ez al da gutxiegi?

Agian, bai. Deigarria, behintzat, bada. Baina Bagneres de Luchonen amaituko den etapan, esaterako, 18 kilometro bakarrik daude Peyresourde gainetik helmugara, denak aldapa behera, eta hor emaitza ez da asko aldatuko.

Evans-Wiggins, Wiggins-Evans. Besterik ez dago?

Bai, bai. Samuel bera [Sanchez], [Denis] Mentxov... Horiek ere kontuan hartu beharrekoak dira. Baina Evans eta Wiggins dira faborito argiak, erlojupean kilometro asko daudelako. Dauphinen bezala baldin badago, aurtengoa izango da Wigginsen urtea. Esan eta esan ari dira prest daudela erantzukizuna hartzeko eta Tourraren bila doazela.

Podiumean hiru koska egoten dira. Evans, Wiggins; Wiggins, Evans... eta?

Bihotzak beste zerbait esaten badit ere, buruari kasu eginda, Wiggins, Evans eta Kloeden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.