Oso bestelako krisiak

Athleticek Mestallan irabazi nahi du gaur, eta hogei denboraldiko bolada eten

haritz gallastegi
2007ko abenduaren 2a
00:00
Entzun


Athleticek Mestallanirabazi nahi du gaur,eta hogei denboraldiko bolada eten
haritz gallastegi

Bilbo

Une latzean dauden bi talde historiko ariko dira gaur elkarren aurka Mestallan: Valentzia eta Athletic. Halere, talde baten krisiak ez dauka bestearenarekin zerikusirik. Valentzia Europako talde indartsuenek izaten duten krisian murgilduta dago. Txapelketak irabazi gura dituen talde batek izaten duen krisian. Txapeldunen Ligatik kanporatu berria dute. Ronald Koemanek taldearen ardura hartu zuenetik bide egokia aurkitu ezinda dabil. Azken denboraldietan ez bezala, ez du ondo jokatzen eta emaitzek ere ez dute laguntzen. Izan ere, puntako taldeen gisa aritu da azken hamarkadan Valentzia. Joko bikaineko sasoiak izan ditu. Une askotan Europako talderik orekatuena eta sendoena ere izan zen. Baina gauzak ongi egiten ez zituenean ere norgehiagoka asko irabazteko gai zen. Azken batean, talde bikaina zen.

Gaur egun ere ez da talde txarra. Oso ona da. Ligan lehen postutik gertu dago. Ez da talde garaiezina, baina onenen artean dago. Hala ere, ez da nahikoa irabaztera ohitu diren zaleentzat. Valentziako jokalariei asko eskatzen zaie. Gehiegi, beharbada. Denboraldion, euren ohiko maila baino apur bat beherago daudenez, sekulakoak entzun behar izan dituzte. Beraz, Valentzian ez da giro egongo, gauzak inork baino hobeto egin dituenean ere barnean sekulako ika-mikak izan baititu taldeak. Etxean ari da huts egiten, Txapeldunen Ligan zein Espainiako Ligan. Beraz, Athleticek aukera ona izan dezake punturen bat eskuratzeko.

Valentziaren krisiaren gainean azalpenak eman ostean, baikor egoteko arrazoiak izango ditu zale zuri-gorri batek baino gehiagok. Norberak gustuko duen taldearen inguruko berriak ematean etsia hartuko den jarraitzaileak, hain zuzen ere. Valentzia krisian dagoela? Eta Athletic? Valentziak talde indartsuenek izaten duten krisian dago; Athletic, berriz, maila apaleko taldeek izaten duten ezinean murgilduta dago. Jaitsiera atzean laga ezin duen talde baten krisian, alegia. Athleticen krisia Valentziarena baino askoz larriagoa da. Baina aste guztian inor gutxik egin du berba etxeko arazoen gainean.

Baikor egoteko arrazoirik ba al dute zuri-gorriek? Arrazoi gutxi, egiari zor. Askoz errazagoa dirudi ordu erdian Valentziak partida erabakita lagatzea Athleticek ezustea ematea baino. Talde biek duten jokoa eta jokalarien maila aintzat hartuta esan daitekeena da. Estatistikak esku artean hartuta, are eta esperantza gutxiago izango dute zale zuri-gorriek. Izan ere, azken hogei denboraldietan Athleticek ez du irabazi Mestallan. Bilboko taldea sekula ez da horrenbeste sasoi egon zelai batean irabazi barik: 13 galdu ditu eta sei berdindu. Azken hamarkada bietan sekulako astinduak hartutakoa da.

Baina estatistikei begiratuta atera daiteke ondorio onik ere, Athleticek ez baitu galdu azken hiru sasoietan Mestallan: berdindu egin du. Ondo jokatu eta garaipena esku artean izan duen partidarik ere egon da tartean.



JAVI MARTINEZ EDO DAVID LOPEZ. Alde onari eutsiko zion Joaquin Caparrosek jokalariak motibatzeko orduan. Ez dirudi aldaketa asko egiteko asmorik duenik. Hasiera batean, Ustaritzek hartuko duOcio zigortuaren lekua. Dena dela, ez da Caparrosek entrenatu duen aukera bakarra. Zelai erdian ere egon daiteke berritasunik. Asteko azken lan saioan Javi Martinezek jokatu zuen David Lopezen partez. Nafarrak Yesteren eta Orbaizen aurretik jokatu zuen, erdilari aurreratu gisa. Caparrosek defendatzeko erabili du orain arte Javi Martinez. Euskarrien aurretik bi helbururekin zelairatu nahiko du: batetik, Valentziaren jokoa sortzeko ardura duten jokalariei lana zailtzea; bestetik, Javi Martinezen indarra arriskua sortzeko erabiltzea. Kalitate handiko jokalaria izan ez arren, sasoian dagoenean aurkari asko gainditzeko gai da Javi Martinez. Nafarrak hasieratik jokatzen badu, Etxeberria eskuin hegalean ariko da. Erasoan, berriz, Llorentek aurrea hartuko dio bigarrenez Adurizi. Atean Aranzubia egongo da berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.