Denboraldi bat hastea eta ilusioa izatea elkarri ondo uztartuta daude. Edozein dela ere taldea, edozein ligatan eta edozein bazterretan. Jokalari onak eduki eta hain onak ez direnak eduki, ilusioak hartzen du futbolaren mundua, eta halatsu daude Realean eta Real Unionen. Bihar ekingo diote Bigarren Mailari. Eta, aspaldiko partez, elkarren aurka arituko direa, bakoitzak bere helburuekin.
Oso tarte gutxi dago Donostiatik Irunera. Gipuzkoa ez da handia. Bada, ligan bi talde izatea nabarmentzeko modukoa da. Baina, elkarren albo-alboan egon arren, oso helburu ezberdinak dituzte batzuek eta besteek. Biek ere oso garbi daukate zer nahi duten. Realak igoera gehitu nahi dio ilusioari. Aurreko bi sasoietan ere horixe nahi zuen. Lehen Mailatik jaitsi zenetik hala izan da. Kirol arloan eta ekonomikoan igoera behar du. Baina hitzak horixe dira, hitzak. Esaten errazak. Ez da zaila igoeraz mintzatzea, baina gero zelaian azaldu behar da hori. Ehun urte betetzen ari da Reala, eta opari onena Lehen Mailara igotzea litzateke.
Real Unionek ere opari ezin hobea egingo lioke bere buruari mailari eutsiz gero. Ez dauka beste asmorik. Jakin badakite ligako talde apalena edo apalenetakoa dela, baina, aldi berean, ederki dakite aurkariek gorriak ikusiko dituztela beraiei irabazteko. Burua, behintzat, ez dute galduko, eta hori lagungarria da.
Reala
Iraunarazi beharrekoa
Zaleentzat, Liga hasi aurreko ilusioa ohiko sentimendua da, azken finean denak hasten direlako puntu kopuru berarekin. Realeko jarraitzailearen kasuan, berezko ilusio horri taldeak denboraldi-aurrean agerian utzitako dohain politek piztutakoa gehitu behar zaio. Partida bakarra galdu du, Real Madrilen aurka, eta poliki jokatzeko gaitasuna baduela erakutsi. Entrenatzailearen inguruan bazeuden zalantzak, baina Martin Lasartek konfiantza transmititzen du, eta badirudi jokalariak ondo ari direla barneratzen haren ideiak. Orain, baina, erronka zailena dute aurretik: denboraldi hasierako ilusio horri iraunaraztea, igotzeko bezain lehiakorrak ote diren erakutsiz.
Aldaketa asko daude taldean. Jokalari dezente joan dira, baina kopurua baino gehiago, horietako zenbaitek zuten pisua da kezkagarria: Marcos, Abreu, Diaz de Zerio, Castillo, Gerardo... Gutxiago sumatuko dira Drame eta Necatiren hutsuneak. Ezker hegal osoa erabat aldatu da, baita erasoko frontea ere, Agirretxe baita jarraitzen duen aurrelari bakarra. Klubak lau jokalari fitxatu ditu: De la Bella, N'Sue, Jonathan eta Bueno. Ezker hegala indartzeko, Jefren Bartzelonako jokalaria ekartzen ahalegindu da, baina lortzeko aukerarik ez du ia, eta, azken orduko ustekaberik ezean, bere horretan geldituko da taldea.
Erasoa indartzea izan da helburu nagusia. Iaz oso gol gutxi jaso zituen Realak, baina sartzea ere ikaragarri kostatu zitzaion. Onenek alde handia atera zioten alor horretan. N'Suek faltan zuen abiadura emango dio taldeari, oraindik sasoirik onena harrapatzeko denbora behar badu ere, eta Buenok ofizioa eta trebetasuna utzi ditu agerian ikusi ahal izan den apurretan. Agirretxeri, bestalde, ondo merezita daukan konfiantza emango diote lehen aldiz.Viguerak osatzen du aurrelari sorta; teknikoki ona da, baina gorabeheratsuegia da harrobiko jokalaria.
Jokoa lotzeko gaitasuna erakutsi du taldeak denboraldi-aurrean maiz. Hegaletik sakondu du, eta iaz baino jarrera oldarkorragoa erakutsi baloirik gabe. Martin Lasarte presioa eta fisikoa landu zalea dela sumatu ahal izan da entrenamenduetan zein norgehiagoketan. De la Bellak eta Jonathanek osatutako bikotea ere nabarmendu da, elkar ezagutu ez arren ondo konpondu direlako. Kolonbiarra ez da azkarra edo buruz burukoetan trebea, batzuek saltzen zuten moduan, baina baloia oinetan duela erdiraketa eta konbinazio onak bilatzeko gai dela frogatu du.
Harrobiak ere eman du zeresana, onerako. Rosek berretsi du jokatzeko dagoela, baina albisterik onena Iparraldetik etorri da, Zurutuza eta Griezmannen eskutik. Aurrenekoa kolokan zegoen denboraldi-aurrea hasterakoan, baina izan dituen aukerak primeran aprobetxatu ditu Martin Lasarte konbentzitzeko. Griezmannek, berriz, agerraldi zalapartatsua egin du, oraindik Sanserekin partida bakar bat jokatu gabe egon arren gol asko sartu eta onenen pare aritu delako lagunarteko partidetan. Horiekin batera, zaleak Prieto, Elustondo, Agirretxe eta beste jokalari batzuen aurrerapausoaren zain daude, jokalari horiek egiten dutena izango baita gakoetako bat.
Hobetzeko gauzak ere baditu taldeak. Geldikako jokaldien defentsa, esaterako, asko sufritu baitu horietan. Baita erasoko jokoa ere, azken partidetan golak sartzeko zailtasunak izan baititu. Aldaketak aldaketa, badirudi azken hori izango dela haren buruhaustea aurten ere, eta ez talentu faltagatik, baizik eta abiadura eta oldarkortasuna uztartzen dituzten jokalari gutxi dauzkalako. Gainera, aurkariak asko indartu dira, eta igotzeko hautagaien tropelak inoiz baino handiagoa dirudi. Lesioekin eta epaileekin iaz baino zorte handiagoa baldin badauka, horien artean beharko du Realak.
XABIER LOPETEGI
Real Union
Ez jaisteko igo da
45 urtez Bigarren Mailan jokatu gabe egon ondoren, berriz ere futbolaren elitean da Real Union. Urte horietan guztietan futbolaren barrunbeetan aritu ostean. Helburu bakarrarekin heldu dio berriz ere eliteari: ez jaistea. Hainbeste denbora zain egon eta gero tristea litzatekeelako lehen sasoian maila galtzea. Baina, gauzak garbi esanda, aldez aurretik, behintzat, atzealdean ibiltzeko hautagaia da, igo berria delako. Ez da arrazoi sendoa, baina futbolean halaxe bataiatzen dira taldeak. Ohiko esaldietako bat da, eta ez dio eskapurik egin Irungo taldeak. Igo berria eta jaisteko hautagi izatea azkar asko lotzen dira futboleko hizkuntzan.
Denboraldiko helburua betetzeko, taldean dauka indarra. Iñaki Alonsok aurreko sasoiko jokalari gehienak ditu bere aginduetara, eta hori onerako da, ez daukalako taldeari itxura ematen aritu beharrik. Lan bat gutxiago, hortaz, eta ez nolanahikoa. Jokalariek ezagutzen dute entrenatzaileari nola gustatzen zaion jokatzea, eta entrenatzaileak badaki jokalari bakoitzak zer eman dezakeen.
Beraz, sendotasuna izango da Real Unionen ezaugarri nagusia. Sendotasuna baloirik gabeko lanean, batez ere. Hori gabe gorriak ikusiko ditu Bigarren Mailan. Erasoan, berriz, partidetan golak sartzeko sortzen dituen aukerak baliatu beharko ditu. Normalean, asko-asko ere ez dira izango, eta dauzkanak baliatzea sendotasuna bezain funtsezkoaizango da. Horretan egin du huts denboraldi-aurrean, ez baititu aukera asko sortu, ez eta izandako gehienak sartu ere. Ezingo dio aurkariari aukerarik eman. Eta opariak ere ezingo ditu egin, inork ez duelako barkatzen elitean.
Jokalari berriak sei dira: Iñaki Deskarga, Gorka Brit, Markel Robles, Montoro, Ruben Duran eta Alcala. Taldea utzi dute, berriz, beste hauek: Berruet, Eduard, Castro, Carracedo, Iosu Villar eta Manu Garciak. Atzeko lerroa indartzeko ahaleginak egin ditu klubak, beste erdiko atzelari bat ekarri nahian, baina, makina bat jokalari entrenamenduetan ikusi arren, inor ez zaio gustatu Iñaki Alonsori. Fitxaketen artean, Brit eta Deskarga dira ezagunenak. Aurrelari donostiarrak badaki zer den golak sartzea Bigarren Mailan, denboraldi onak egina delako Eibarren eta Salamancan, batez ere. Berak sartutako golen beharra izango du taldeak, eta erantzukizun horrekin jokatu beharko du. Deskargak esperientzia, indarra, azkartasuna eta borrokarako grina emago dizkio taldeari. Atzealdean, hegalean eta erdian joka dezake. Valentziak utzita ekarri dutenak ere, Montorok, jakin-mina sortu du. Zelai erdian aritzen da, eta baloiarekin abila da. Jokoa sortzeko ardura izango du.
Mailaz igo izanak ilusioa eragin du zaleen artean, eta, dagoeneko, lau bat mila bazkide dauzka, asko berriak. Ez baita gutxiagorako futbolaren elitera itzultzea. Zaleen babesa ere garrantzitsua izango da etxeko partidei aurre egiteko. Gal estadioan indartsua izan behar du taldeak, eta oso puntu gutxik alde egin behar dute handik. Ahalik eta partida gehien irabazi behar du zaleen aurrean, nolabaiteko lasaitasunaz ibiltzeko. Gero, etxetik kanpo ateratzen dituen emaitza onak puntuen zakua gizentzeko izango dira. Mailari eusteko helburua lortzeko, oso lagungarriak.
Denen artean egin beharko dute lan helburua lortzeko. Bat eginda jardun beharko dute taldeak, zaleek eta zuzendaritzak. Gorabeherak edukitzea normala izango da, eta egoera horietan heldutasuna azaldu beharko dute denek. Denboraldi-aurrean, denetarik egin du: bi partida irabazi ditu, hiru berdindu eta bi galdu. Jokatu ere, ondo bezain gaizki jokatu du. Beraz, ezin da ondorio zehatzik atera. Dena den, benetako lehia bihar hasiko dute, eta bihartik erakutsi beharko du Real Unionek zertarako igo den Bigarren Mailara: ez jaisteko. AITOR MANTEROLA
Oso gertu eta oso urrun
Bihar ekingo diote denboraldiari Realak eta Real Unionek. Biak dira Gipuzkoakoak, oso kilometro gutxi daude Donostiatik Irunera, baina oso helburu ezberdinak dituzte batak eta besteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu