Berezia izan zen orain dela hiru denboraldiko finala. Athleticeko jokalariek eta zaleek aspaldiko gozaturik handiena hartu zuten Espainiako Kopako finalera iritsita. 1-4 galdu zuten final hura, Bartzelonaren aurka, Valentzian, baina festa giroan murgilduta ibili ziren zale zuri-gorriak. Urruti dago oraindik Kopako finala, baina bi koska horiei begira jarri eta ametsetan hasiak dira Athleticeko zale asko eta asko. Albaceteri 4-0 irabazita, Mallorcaren aurkako kanporaketa daukate zain zuri-gorriek, eta, aurrera eginez gero, Espanyolen edo Mirandesen aurka jokatuko dute. Zail-zaila ere ez du ematen finaleraino iristeak. Ziurrenik, maiatzaren 25ean jokatuko da final hori.
Reala edo Mallorca. Egokitzen zena egokitzen zela ere, kanporaketa berezia zen Athleticentzat. Derbiak beti dira ederrak jokatzeko, baina Realak huts handia egin zuen Mallorcan, final-zortzirenetako itzuliko partidan. Balear uharteetako taldeak, berriz, aulkian dauka bilbotarrentzat erakargarria den ezaugarria: Joaquin Caparros entrenatzailea. Datorren asteazkenean itzuliko da espainiarra San Mamesera (20:00), eta, ondo bidean, ongietorri ona egingo diote zaleek.
Taldearekin gustura daude zaleak, eta jokalariak eurak ere ilusioz gainezka zeuden atzo. Mikel San Jose atzelaria da horren erakusgarri. Albaceteren aurka hasieratik aritu zen nafarra, eta gustura zegoen atzo. «Neronek egindako lanagatik [laugarren gola sartu zuen] eta taldeak emandako itxuragatik. Ondo jokatu genuen futbolean, eta gol dezente sartu genituen, gainera. Pozez zoratzen geunden atzo, eta oraindik ere hala gaude. Baina ahaztu eta aurrera jarraitu beharra dago». Zaleei horrelako poz bat emateko desiratzen zeudela aitortu zuen atzo atzelariak.
Bestela ezin, eta Caparrosen izena ere mintzagai izan zuen atzo San Josek. Espainiarrak oso ondo ezagutzen du Athletic, baita zuri-gorriek Caparros ere. «Oso kanporaketa zaila eta gogorra izango da. Baina denboraldi honetan aldatu egin dugu jokatzeko modua, eta horrek ere eduki dezake eraginik». Hori bai, aldagelan final hitza ez dutela aipatu ere egin eta euren buruan Levanteren aurkako partida bakarrik dagoela adierazi zuen atzelariak. «Kopan oso ondo jokatzen ari gara, baina ligan ere puntuak behar ditugu, eta azken partidan, Getaferen aurka, ezin izan genuen irabazi».
Epaileak ere, zehaztuta
Gonzalez Gonzalez izango da datorren asteazkeneko joaneko partidako epailea. Oviedoren aurkako partidan ere hura izan zen epailea, San Mamesen, eta 1-0 irabazi zuten etxekoek. Itzuliko partidan, berriz, Del Cerro Grande izango da epailea. Denboraldi honetan partida bakarra zuzendu dio hark Athletici, abenduaren 11n, Racingen aurka, San Mamesen. 1-1 berdindu zuten.
Levanteren aurkako partida prestatzeko azken entrenamendua egingo du gaur Athleticek, 19:00etan, Lezaman. Sailkapenean laugarren postuan daude valentziarrak. «Eta jendea ez zaio ari ematen benetan daukan garrantzia». San Joseren ustez, «oso denboraldi ona» egiten ari da Levante. Amorebieta gainerakoekin entrenatu zen atzo, eta baliteke hasieratik jokatzeko moduan egotea bihar.
Oso gertu ikusten dute
Mikel San Josek ez du aipatu ere egin nahi 'final' hitza, baina aitortu du «ilusioz gainezka» daudela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu