Partidak jokatu behar diru futbolariak futbolari bihurtzeko. Zailtzeko, hazteko eta aurrerapausoak emateko. Horretarako adinean dago Imanol Agirretxe (Usurbil, Gipuzkoa, 1987), baina oso aukera gutxi izan ditu denboraldi honetan. Hala ere, baikor begiratzen dio bere bilakaerari. «Lasai nago, lanean kontzentratuta. Badakigu futbolean egoerak asko aldatzen direla oso denbora tarte txikian. Aukera iristen denerako, baldintza onetan egotea da inportantena. Aukera horiek ondo aprobetxatuz gero, beti dago gauzak aldatzeko modua, eta uste dut aldatuko direla». Joseba Llorenteren lesioa dela eta, lehen baino gertuago dauka zer balio duen erakusteko parada.
Fitxaketak egiteko epea bukatu da, eta Realean jarraitzen duzu.
Nahiko hilabete gorabeheratsua izan da. Hasiera batean ateratzeko aukera nuen, baina hemen geratzea pentsatu nuen. Gero, aste batzuk pasatuta, ikusita aurrealdean lesioren bat izan arren ez nintzela deialdietan sartzen, pentsatu nuen ateratzea ez zela hain ideia txarra. Pausoa eman nuen berriro ateratzeko, eta Realak pixka bat itxaroteko eskatu zidan. Orduantxe gertatu zen Llorenteren lesioa, eta gelditzea erabaki genuen.
Valladolidera joatear zinen, ezta?
Aukera bat baino gehiago bazegoen, baina nahiko barneratuta neukan atera egingo nintzela, alde batera edo bestera. Jokatzea zen helburua. Lehen itzulia nola joan zen ikusi nuen, eta bigarrenean, lesiorik ezean, gauzak normal joanez gero, nire egoerak ildo beretik jarraituko zuen.
Aurretik ere utzita jokatutakoa zinen, Castellon, baina ez zenuen askorik jokatu. Buruan al zenuen hori?
Hura oso bestelako kontua izan zen. Oso gaztea nintzen, eta nik bilatutako aukera izan zen, bigarren itzulian jokatzeko. Orain ez nuen batere asmorik ateratzeko, baina taldeak etorri dira nire bila.
Nola eraman duzu azken hilabeteko ziurgabetasuna?
Ez da erraza izan. Egun batean hemen ikusten duzu zeure burua, hurrengoan maletak erdi eginda… Egoera gorabeheratsua izan da niretzako eta ingurukoentzako. Etxean ere zalantza berekin ibiltzen dira, egun batean gauza bat kontatzen duzulako, eta hurrengoan beste bat guztiz desberdina. Baina bukaera ikusita, oso gustura nago. Jokatu nahi nuen, eta, Realean izanez gero, askoz hobeto.
Nolakoa izan da zure harremana Martin Lasarterekin?
Abendu bukaeratik, eta Llorente lesionatu aurreko ostiralera arte, nire esku utzi zuen erabakia. Berak bazekien aukera gutxi izaten ari nintzela. Aipatutako ostiral horretan, hain justu, hiruzpalau egun itxaroteko eskatu zidan, oraindik ere ez zutelako garbi nire egoera. Igandean Llorenteren lesioaren berri jakin zen,eta, zortea aldeko denontzat, oraindik kanpora atera gabe nengoen.
Bigarren Mailako talde ugarik erakutsi zuten zu fitxatzeko asmoa. Zer pentsatua ematen du.
Egia esan asko jarri ziren gurekin harremanetan, bai zuzenki, klubaren bitartez edo ordezkariaren bitartez. Eskertzekoa da hainbeste taldek zure jarraipen bat egin izana, eta zu hartzeko desio hori edukitzea, batez ere jokatzen ari ez zarenean. Zer pentsatua ematen dizu.
Hala ere, hasiera batean gelditzea erabaki zenuen…
Bai, ilusio handia nuelako hemen jokatzeko, baina gero ikusi nuen ez zela erraza izango.
Almeriaren aurkako partidan aukera izan zenuen. Pozik?
Bai. Ia hilabete bat bazen deialdietan sartu gabe, eta berezia izan zen deialdira itzultzea eta jokatzea. Momentu polita izan zen, gehienbat Anoetak nola hartu ninduen ikusita. Zaleen berotasuna asko eskertzen da. Lanean jarraituko dut orain, ea minutu gehiago dauzkadan.
Hainbeste buelta eman ondoren, eta Diego Ifran noiz osatuko zain, bigarren aurrelaria zara orain.
Beti esaten dugu futbola oso aldakorra dela, eta jokatzea tokatzen zaizun unerako prest egotea dela garrantzitsuena. Entrenatzen gogor ibili naiz. Lesioak direla medio, gertuago nago jokatzetik, eta, aukerak edukitzekotan, ondo aprobetxatzea espero dut; eta, ahal balitz, besteak osatzen direnean ere, jokatzen jarraitzea.
Gutxi jokatu arren, bi gol sartu dituzu.
Aurrelariontzat beti da garrantzitsua eta berezia. Almerian eta Deportivoren aurka gola sartzeko aukera eduki nuen, eta horrek beti ematen dizu indarra. Denboraldia bukatu baino lehen saiatuko naiz gehiago sartzen.
Zer pentsatu zenuen udan hainbeste aurrelariren fitxaketak ikustean?
Igo berriak ginen, eta kluba talde on bat egiten saiatu zen, logika osoz. Banekien aurrelari onak zetozela eta lehia handia egongo zela erasoan, baina denboraldi-aurre on bat egiteko asmoarekin hasi nintzen, denboraldia ere ondo hasteko. Lehia ona da denontzat, eta fitxaketa horiek ez zioten eragin nire ilusioari.
Harrobiko aurrelari gutxi finkatu dira azken bolada luzean.
Azken urteetako datuak hor daude. Beti kanpotarrek jokatu dute aurrean. Orain bagaude batzuk, bai Llorente, bai Viguera, nahiz eta utzita joan, bai ni… Gu bat gehiago sentitzen gara aurrelari, atzelari edo erdilari izan. Ilusio guztiarekin saiatuko naiz jokatzen, eta, hasieratik baldin bada, askoz hobe.
Llorente eredua da zuentzat?
Bere garaian beste jokalari batzuen alde egin zuen Realak, eta beste bide batzuetatik joanda, bueltatzeko aukera izan du titular modura, izugarrizko ibilbidea eginda.
Lehen Mailan ere ondo molda zaitezkeela erakustea akuilua da?
Bai. Borrokan ibili gara hona itzultzeko. Ez dira urte errazak izan, eta asko kosta zaigu. Hau zen gure ilusiorik handiena, eta, behin lortuta, taldea oso ondo erantzuten ari da, jokalari asko Lehen Mailan sekulan jokatu gabeak izan arren. Denboraldi hasieran zeuden zalantzak kendu ditugu gainetik, eta igoeraren inertziarekin gabiltza. Konfiantza handiarekin dago taldea.
Santiago Bernabeun jokatu al duzu?
Ez. Partida bat ikusten egona naiz han, eta ikusgarria iruditu zitzaidan zelaia. Ederra izango litzateke han jokatzea, eta, zer edo zer lapurtzea izango bagenu handik, are ederrago.
Real Madril amorratuta aterako da, Osasunaren aurka galdu ondoren?
Real Madrilek Real Madril izaten jarraituko du, eta oso partida zaila izango da, baina badaukagu behintzat gertuko eredu bat. Aste honetan badute beste partida bat, garrantzi handikoa. Ea urduri jartzen diren. Hala ere, etxean oso sendo ari dira, oso partida gutxi galduta.
Imanol Agirretxe. Realeko jokalaria
«Oso hilabete gorabeheratsua izan da, baina pozik nago orain»
Oso gutxi jokatu du orain arte, baina badu itxaropena lehen itzulian falta izan zaizkion aukerak aurrerantzean izateko. Horregatik erabaki zuen utzita ez joatea eta Realean jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu