Lagun Aro GBC 78. Real Madril 88

Oso ikasle txarrak dira

Lagun Arok eskura zeukan partida galdu du luzapenean, berriro erabaki okerrak hartuta, Bilbon gertatu bezala

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Lagun Aro GBC. Salgado (7), Lorbek (5), Kone (2), Doblas (8) eta Panko (31)—hasierako bostekoa—, Miralles (7), Uriz (2), Alfonso Sanchez, Baron (16), Skita.

Real Madril. Llull (21), Prigioni (10), Tomic (4), Suarez (14), Reyes (6) —hasierako bostekoa—, SergioRodriguez (3), Mirotic (15), Velickovic (6), Begic, Vidal, Fischer (6) eta Tucker (3).

Markagailua. 21-25, 35-39 (atsedenaldian); 42-47, 66-66 eta 68-78.

Epaileak. Arteaga, Guirao eta Zafra. David Doblas kaleratu zuten

Bestelakoak. 6.500 ikusle inguru Ilunben. Jose Mari Olazabal golf jokalariak egin zuen ohorezko sakea.

Ez dute ikasten, edo ez diete erakusten. Batek daki. Lagun Arok esku-eskuan zeukan garaipena galdu zuen berriro lau egunen buruan, eta egoera arduratzeko modukoa da. Gipuzkoarrek garaipena lortzeko ahalegin handia egin zutelako norgehiagoka oso zail zegoenean, eta Ilunbera bertaratutako zaleek ikaragarri lagundu ziotelako taldeari. Une erabakigarrietan erabaki okerrak hartu zituzten Lasoren jokalariek, eta arnasa eman itota zebilen Real Madrili. Erabaki oker hori faltarik ez egitea izan zen, eta Sergio Llull jaurtitzaile zitalari hiruko garbi bat egiteko aukera ematea, aukera hori ematea debekatua zegoenean.

Are gehiago, bi aukera izan zituen Real Madrilek laugarren laurdeneko azken jokaldian. Suarezek aurrena, eta Llullek bigarrena, Suarezek erasoko errebotea berreskuratu ostean. Bada, Lagun Aroko jokalariek ez zuten falta bat egin eta bi jaurtiketa behartzeko modurik ikusi. Harmailetatik aukera eduki zutela sumatu zen, baina ez zuten egin, eta horrek erakusten du agian aulkitik entrenatzailearen eskutik jaso zuten agindua bestelakoa zela.

Zer gertatzen da jokalari puska bati aukerak ematen zaizkionean? Azkenean asmatu egiten duela. Llullen hiruko horrek tristura sakonenean murgildu zuen Lagun Aro. Bost segundo geratzen ziren azken jokaldi bat egiteko, baina Panko baloia galdu zuen jaso eta berehala, eta eskerrak Prigioniren azken uneko hirukoa ez zela sartu.

Luzapena hileta elizkizun baten parekoa izan zen. Lagun Arok eskuan zeukan sari potoloak krudelki alde egin ziola sentitu zuen, eta hondoratu egin zen hondarrean. Eraso jokaldi nahasiak, trabatuak. Ezina, azken finean, eta oso trebe moldatu zen Real Madril ur nahasi horietan. 2-12ko partziala lortu zuen luzapenean, eta horrek dena esaten du.

Lagun Aro kontrakarrean ibili zen partida osoan. Real Madrilek dozena erdi eta 10 puntu arteko aldeak izan zituen sarri, baina Lagun Arok ez zuen inoiz etsi. Jokoarekin baino, bihotzarekin, aurre egin zion baliabidez askoz aberatsagoa den aurkariari, atzoko Real Madrilen jokoa eskasa izan bazen ere. Bizpahiru puntura hurbildu, eta kale egiten zuten gipuzkoarrek: baloi bat eman, saskiraketa bat huts egin... Ernegatzeraino! Azken laurdenean, ordea, aurrea hartu zuen Baronen puntu bateko bi jaurtiketei esker, 66-65, eta 69-68, 72-70, 74-73 eta 76-73 ere aurreratu zen. Orduan ikusi zen jokalariek ez dutela egindako akatsetatik ikasi, edo erakutsi behar dienak, Pablo Lasok, ez ziela lezio egokirik eman.

Lastima izan zen porrota, 6.000 lagun pasa batu zirelako Ilunben, eta osteguna izateko kopuru bikaina da hori. Ikaragarri hauspotu zuten taldea, baina haserre, burumakur, eta Lasoren gidaritzarekin atsekabetuta hartu zuten etxerako bidea. Baita Andy Pankok ere. Estatubatuarrak sekulako partida jokatu zuen, eta gauzak ondo, jardunaldiko jokalari onena izendatuko dute. 31 puntu sartu zituen, eta 8 errebote eskuratu, 41 puntuko balorazioa pilatzeko, baina garaipenik gabe, triste joan zen etxera Pennsylvaniakoa.

Bilbo Basketen laugarrena

Bilbo Basketek bolada onean jarraitzen du, eta Alacanten lortutako garaipenari esker, aurrerapauso garrantzitsua eman du titulua lortzeko kanporaketetan aritzeko. Laugarren garaipena lortu zuten jarraian bizkaitarrek, etxeko taldea 71-76 menderatuta, eta Baskonia eta Valentziarekin berdinduta, sailkapeneko hirugarren postua lortzeko borrokan murgilduta jarraitzen du. Majo sufritu zuten Katsikarisen mutilek, baina ia partida osoan joan ziren aurretik.

Vasileiadisek eman zuen lehen kolpea, lehen laurdenean. Bi hiruko saskiratu eta 14-21 aurreratu zen Bilbo Basket, baina Alacantek gogor egin zion aurre, eta luze mantendu zen lauzpabost puntura. Azken laurdenean Banicek eta Mumbruk hartu zuten ardura, eta garaipen garrantzitsua lortu taldearentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.