Diego Armando Maradona futbolari ohia zehaztu gabeko egoeran dago, herenegun heriotzaren atarian izan ostean. Horrela jakinarazi zuten atzo bera zaintzen ari diren sendagileek. Maradona arnasa hartu ezinda zegoela eraman zuten Buenos Airesko erietxe batera (Argentina), eta han, arnasa hartzeko ezina hipertentsio krisi batek eragin zuela esan zuten medikuek.
Arnasa laguntza mekanikoaren bitartez hartzen jarraitzen du Maradonak, eta gaurko egunak haren etorkizuna finkatuko duela esan dute medikuek. Mio-kardiopatia handitua dau-ka Maradonak, baita biriketako bi aldeetako infekzioa ere.Alfredo Cahe Maradonaren sendagile pertsonalak eman zizkien argibideak erietxe atarian ziren kazetariei, eta egoera larria zela onartu zuen. Haserre mintzatu zen Cahe adierazpen horiek egitean, ospitaleratzeko arrazoia drogen kontsumoarekin lotu zutenekin batez ere. Cahek zeharo baztertu zuen hipotesi hori. Haren esanetan, Maradona martxoaren 22an itzuli zen Argentinara, eta Cahek egunero-egunero artatu duela esan zuen: «Bere egoera fisikoa ona zen eta pisua galtzen hasteko kemena zeukan. Denok ikusi ahal izan zenuten igandean, Boca Juniorsen partidan, bere itxura guztiz normala zela. Egungo egoera larria drogek eragin dutela diotenek ideiarik ez dute, eta min handia egiten ari dira», esan zuen Cahek.
Gertukoenen bisitak zurrumurruak eragin ditu
Buenos Airesko erietxeko atarian dozenaka kazetari eta telebistetako erreporta-ri bildu dira. Bere emazte ohiaren, alaben eta gertuko senideen joan-etorriak zurrumurru larrienak zabaldu ditu. Ez da hau Maradona ospitaleratu duten lehen aldia. Orain urte batzuk droga-menpekotasuna zuelako egon zen erietxean. Drogen kontsumoa alboratzen saiatu da sarritan futbolari ohia, baina nahi eta ezin jardun du beti.
FUTBOLA
Oso larri dago Maradona, hipertentsioarekin, bere kabuz arnasa hartu ezinda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu