Zer moduz joan da pilota aukeraketa? Arazorik?
Aimar gustura gelditu da bere pilotekin. Probatzen ibili da, eta ez da inolako arazorik egon,beti hartzen dituen antzekoak dira. Irujorenak, aldiz, dezente biziagoak dira, eta une batez probatuz ikusi duenaren arabera, bat behintzat ikaragarri ibiltzen da.
Anaia zer moduz dago?
Nahiko ongi; eskuak ondo ditu, besoko mina sendatuta, ez du inolako arazo fisikorik, konfiantzarekin.... Bengoetxearen aurkako finalerdian oso ongi jokatu zuen, baina tira, egia da ere eguna hartan Bengoetxeak ez zuela bere maila eman. Igandean beste kontu bat izango da, eta garbi dago asko jokatu beharko duela txapela janzteko. Baina tira, anaia ondo dago, eta Irujok irabazi nahi badu, berak ere asko eta ongi jokatu beharko du.
Partida oso ona izan daitekeenaren ustea zabaldu da.
Hala espero dugu, eta pilotalekuan bilduko den jendetzak ere bai. Iaz elkarren aurka jokatu zuten hemen, final-laurdenetan, eta ikaragarrizko partida irten zen. Final batean zailagoa da halere: tentsioa, nerbioak... Partida garrantzitsua da, eta hori nabaritu egiten da jokoan.
Nolako partida espero duzu?
Gogorra izango dela ziur, erritmo bizian jokatzen duten bi pilotari direlako. Partida ona izan daitekeela uste dut.
Elkarren aurkako buruzburko hainbeste partida jokatu ondoren, tartean hiru final, ba al da sekreturik?
Dagoeneko ez, partida asko izan dira buruz buru. Bakoitzak oso ondo daki besteak nola jokatzen duen eta zer eragotzi behar duen irabazi nahi badu.
Bideorik ikusi ere ez, orduan.
Ez dago bideo premiarik; esan dudan bezala, elkar oso ondo ezagutzen dute.
Bereziki motibatzen al du anaia Irujoren aurka jokatzeak?
Motibazio ikaragarria izango du, manomanistako finalak edozein motibatzen baitu. Egia da gaur egun buruz buru gehien jokatzen duten bi pilotariak direla, eta pilotari handi baten aurka egokitzen zaionean, anaia gehiago motibatzen da.
Asier Olaizola. Aimar Olaizolaren botileroa
«Oso ondo ezagutzen dute elkar; ez dago sekreturik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu