Oso panorama beltza NBAn

Ugazaben eta jokalarien azken bilerak ez du emaitzarik izan: NBAko sasoi hasiera ez ezik, sasoi osoa ere gera daiteke bertan beheraJokalariek %53ra jaitsi dute euren eskaera, baina %47an egin dute planto ugazabek

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
NBA kolokan dago. Hitzarmen berria lotzeko negoziazioek kolpe latza hartu zuten atzo, eta egoera zaila da, konponezina ez esate aldera. Bakoitzak bereari eusten segitzen dio, gutxi-asko, eta jokalarien sindikatuaren eskaera eta ugazaben eskaintza arras urrun daude. Sei puntukoa da bien arteko aldea, hain zuzen ere. Edozein lan itunetan alde ikaragarria da hori, baina are handiagoa NBAn, han 30 talde profesional eta 450 jokalari biltzen baititu langile hitzarmenak.

Atzokoa bilera erabakigarria zen. Akordio baten faltan, bertan behera utzi dira denboraldi-aurreko partida guztiak, eta astelehena baino lehen akordiorik lortzen ez bada, egutegiko lehen bi asteetan aurreikusita zeuden demak ez dira jokatuko. Proportzio horretan, adostasuna zenbat eta beranduago lortu, orduan eta handiagoa izango da partiden atzerapena. Bilerak berak emaitzarik ez ematea baino okerragoa da bi aldeek ez dutela iragarri noiz batzartuko diren berriz. Izan ere, zehaztasun falta horrek argi erakusten du jarrerak oso urrun daudela, eta desadostasuna ez dela bilera bakarrean konponduko. Gertu baleude, negoziatzen jarraituko lukete, baina ez daude, eta gerturako diren edo ez ezin jakin, oraingoz.

Zenbakiek ez dute zalantzarako tarterik uzten. Ekainean bukatu zen akordioak talde bakoitzaren aurrekontuko %57 bideratzen zuen jokalarien poltsikora. Kopuru horren baitan, beldurtzeko moduko kontratuak sinatu zituzten jokalariek, milioi askokoak, baina ugazaben oniritziarekin. Krisi zantzurik ez zegoen lau urte atzera, baina orduz geroztik, etorri, etorri da, eta galerak pilatzen hasi dira NBAko frankiziak. Milioi askokoak, ugazaben esanetan. Horiei buelta emateko asmoz eseri ziren sindikatuarekin, oso jarrera gogorrarekin. Soldaten portzentajeak %46ra jaitsi behar zuela saldu zuten batzartzen hasi aurretik, negozioa bideragarri egin nahi bazen.

11 puntuko jaitsiera. Jokalariek, jakina, ezezko biribila eman zuten, eta ugazabek euren galeren inguruan aurkeztutako txostenak auzitan jarri zituzten. Txosten inpartzial batek jasotzen duenez, NBAko 30 taldetatik 22 dira zorrak pilatzen dituztenak. Irabaziak dituzten zortzien mozkinak ez ditu aipatzen. Sosak galtzen dituztenenak ere ez, baina 300 bat milioi dolar izan daitezkeela diote iturriek.

Nork dauka arrazoia?

Zenbakien dantza amaiezina da, baina nork dauka arrazoia iskanbila honetan? Noren errua da taldeek diru galerak izatea? Jokalariena ez. Ugazaben kudeaketa txarrak badu errua, eta krisi garaiko sos gabeziak ere bai. Ugazabek, ordea, jokalarien soldata handien bizkar jarri dute arazoaren sorburua, soldata horiek eurek onartu zituztela ahaztuta. Jarrera malguagoa izan dute jokalariek, aipatutako %57 horretatik %53raino jaisteko prestasuna erakutsi baitute. Ugazabak puntu bakarrean mugitu dira negoziazioan: %46tik 47ra.

Enpresarien eta langileen arteko eztabaida arrunt baten tankera dauka akordio faltak, eta alde bakoitzak bereari eusten dio tinko. Ugazaben ahotan, euren dirua arriskatu dutelako dira saskibaloi jokalariak aberatsak. Jokalariei entzuten bazaie, ordea, guztiz kontrakoa da egoera. Ikuskizuna eurek ematen dutela diote, eurak direla aberastasuna eragiten dutenak, eta ugazabak aberastasun hori kudeatzera baino ez direla mugatzen. Katua eta arratoia bezala, borroka handia daramate bi aldeek, baina galtzekotan, gehiago galtzen dute ugazabek jokalariek baino. Batez ere iritsi berriak diren jabeek.

Jokalari gehienek milaka eta milada dolar irabazi dituztelako azken urteetan, eta jokatu edo ez jokatu, ez dutelako arazorik izango hilabete bukaerara iristeko. NBAra iritsi berriak diren jokalariak sosik gabe gera litezke, baina sindikatuak altxortegi handia du, antzeko kasuetan arazoak dituzten jokalari profesionalei edo izango direnei laguntza ekonomikoa emateko. Alegia, iraun dezaketela jokatu gabe ere. Antzekoa esan al dezakete ugazabek, mahai gainean diru zakua jarri duten inbertsio egileek?

Batzuek eta besteek eskura dituzten bozgorailuak erabili dituzte, euren mezuak zabaltzeko, iritzi publikoaren aurreko borroka irabazteko. David Stern komisionatuak eta Miamiko Dwayne Wade izarrak eztabaida sutsua izan zuten, besteak beste, Sternek ugazaben aldeko jarrera garbia erakutsi duelako hasieratik.

Denboraldi-aurrea bertan behera utzi izanak 175 eta 200 milioi dolar arteko galera ekarri omen du, eta hilabete bakoitzeko galera handiagoa litzateke: 300 milioi dolar, gutxi gorabehera. Bi bilioi dolar sasoi osoan. Sarrera salmenta, publizitatea, irudi eskubideak... Asko dago jokoan, baina dirua baino garrantzitsuagoa da, nonbait, aginte makila nork eduki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.