Donostiako Klasikoa

Ostadarra Bulebarrean

Annemiek Van Vleutenek irabazi du Donostiako Klasikoa, Murgilen gora erasoa jota. Winder izan da bigarren, eta Guderzo hirugarren.

Annemiek Van Vleuten, Donostian lortutako garaipena ospatzen. DONOSTIAKO KLASIKOA.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko uztailaren 31
13:56
Entzun

Aldez edo moldez, nagusi da. Annemiek Van Vleutenek (Movistar) irabazi du Donostiako Klasikoa, Olinpiar Jokoetan urrezko domina jantzi eta hiru egunera. Aise ari da Herbehereetako txirrindularia, eta gaur ere agerian utzi du bere nagusitasuna. Munduko Txapeldunaren elastikoa soinean, bakar-bakarrik ailegatu da helmugara. Ibilbide osoan euriak mardul bota badu ere, ostadarra gailendu da Donostiako da Bulebarrean.

Van Vleutenek nahi zuen unean jo du kolpea. Etaparen lehen zatian ezkutuan aritu da, tropelean sartuta, eta azken zatirako gorde ditu indarrak. Murgil mendatera ailegatu orduko, erasoa jo du maldan gora, eta hor hautsi du lasterketa. Ordura arte lider zirenei aurrea hartu, eta bakar-bakarrik heldu da helmugara. Bederatzi kilometroren faltan egin du aurrera, eta etenik gabeko peldakadaka lortu du irabaztea.

Aurrez, txirrindulari andana saiatu da lasterketaren buruaz jabetzen. Aiara igo orduko Giorgia Vettorellok (TOP) egin du lehendabiziko saialdia, eta hautsi egin da tropela. Jaizkibelen bildu dira berriz, harik eta hiru laguneko multzo batek hanka egin duen arte. Haien artean zen Ane Santesteban (Bike Exchange) errenteriarra ere. Lehen postuetan kokatu dira, ia bi minutuko errentarekin. Hura izan da lehen euskal herritarra helmugan.

Harik eta Van Vleuten piztu den arte. Taldekideen laguntzarekin aldeak murriztu eta gero tropeletik jauzi egin eta erritmoa bizkortu du. Aldeak murriztu ditu, lehenik, gero lidergoan kokatzeko. Halaxe heldu da lehendabiziko koskara, eta lehen postuan igaro du helmugako marra. Lasterketa aise kontrolatu du azken kilometroetan. Van Vleutenen atzetik, Ruth Winder (Trek-Segafredo) sailkatu da bigarren, 36 segundura, eta Tatiana Guderzo izan da hirugarren (Ale). 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.