Hilabeteetako zurrumurruei amaiera eguna jarri diote. Alberto Contadorren gorputzean klenbuterol arrastoak aurkitu zituztenetik hitz asko egin dira Frantziako Tourreko irabazlearen etorkizun hurbilaren inguruan. Errealitatea fikzioa baino urrunago joaten dela esan ohi da askotan, eta surrealismotik hurbil izan diren atalak ikusi dira Contador auziaren harira; egunkariren batean harategi jakin bateko argazkiak ere argitaratu zituzten.
Txutxu-mutxuak isiltzear daude, baina. «Otsailaren 10etik 15era bitartean izango dugu Contadorren zigorraren edo absoluzioaren berri», azaldu zuen atzo Juan Carlos Castaño Espainiako Txirrindularitza Federazioko presidenteak Cope irratian. Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuneko (UCI) mediku batzordea astelehenean bilduko da, Contadorren bertsioaren alde edo kontra ebazteko —klenbuterolez kutsatua zegoen azpizuna jan zuela—. Litekeena da erakundeak txirrindulari espainiarrarentzako bi urteko zigorra eskatzea.
Dena den, azken erabakia Espainiako Federazioaren esku dago. Behin UCIk bere erabakia hartzen duenean, federazioari helaraziko dio berria, azken horrek txostena azter dezan. Hala, bizpahiru asteko epea hartuko du Espainiako erakundeak Contadorri balizko zigorraren berri eman arte.
Federazioaren ebazpenaren ostean, halere, prozesua luzatzea litzateke ziurrena. Errugabetzat joko balute edo zigorra samurregia balitz, Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak helegitea jarriko luke, bi urteko zigorra ezartzeko. Bestalde, federazioak esperotakoa egiten badu, Contador bera litzateke erabakiaren aurka agertuko litzatekeena. Epaitegiaren bidea hartzekotan dago auzia, beraz.
Frantziako Tourreko garaileak positiboa eman eta hilabeteak pasatu ahala, aukerak murrizten joan zaizkio, defentsarako argudioak galduz joan den heinean. Ustez azpizuna erosi zuen harategia arakatu zuen dopinaren aurkako agentziak, eta ez zuten klenbuterol arrastorik topatu, ez harategian, ez hiltegian. Halere, espainiarrak beti eutsi dio bere errugabetasunari.
Riisen babesa
Aurreko denboraldian Astanan aritu zen, eta aurten Saxo Banken korrituko du; eta taldearentzat kolpe latza litzateke Contador bi urtez errepideetatik at egotea. Are gehiago Schleck anaiek Leopard-Trekera hanka egin eta gero.
Bjarne Riis zuzendaria kezkatuta dago taldeburua galduz gero besteek eman dezaketen itxurarekin. Horregatik, akaso, ez du zalantzan jarri txirrindulariaren errugabetasuna, eta, bide batez, UCIko buruen aurka oldartu da cyclingnews atarian egin dituen adierazpenetan: «Klenbuterola aurkitu dute txirrindulariaren gernuan, baina dosi hori huskeria da. Ez zuen Frantziako Tourra horregatik irabazi, eta, gainera, oso arraroa da substantzia behin bakarrik aurkitu izana. Niretzat, Contador ez da erruduna, baina arrazoi politikoengatik zigortu nahi dute». Bien bitartean, denboraldia normal prestatzen ari da Saxo Bank taldea, txirrindulari espainiarrak inongo trabarik gabe korritzerik izango balu bezala.
Otsail erdialdean argituko da 'Contador auzia'
Espainiako Federazioko presidenteak agindu du datorren hilaren 10etik 15era bitartean hartuko dutela erabaki bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu