Otso gaiztoena izan nahi du Tau Baskoniak Kopan

Pamesaren aurka jokatuko du Gasteizko taldeak gaur final-laurdenetako bigarren partidan

ANDONI URBISTONDO GASTEIZ
2009ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Lehiaketa politena Espainiako Kopa dela esatea ez da ezer berria. Ezustekoak ohikoak diren txapelketa baldin bada ere ez, eta ustez faboritoak direnak etxera esku-hutsik bueltatzen badira ere ez. Hiruzpalau egunetan kirol eta sasoi aldetik asko eskatzen duen txapelketa gogorra da, buruko indarra jokoan sartzen dena, talde guztiek pasatzen dutelako une kritikoren bat. Une kritiko horri edo horiei hobeto erantzuten asmatzen duenak egina du igande gauean Kopa jasotzeko bide erdia.

Denek begiratzen diote Tauri. Denentzat Baskonia da faboritoa, orain arte erakutsi duen nagusitasunagatik. Hori ona eta txarra da. Ona, denek esaten dutena egia delako. Txarra, taldea etxera Koparik gabe bueltatzen bada kolpe handia izango delako. Errealitatea, baina, egoskorra da. Kopa irabaztea lantegi zaila da, baita Taurentzat ere, gaur-gaurkoz ACB ligako talde onenarentzat. Otso asko daude ardi haragitsuena, Kopa harrapatzeko helburuarekin, eta Tauk otso gaiztoena izan nahi du.

Kopa jokatuko duten zortzi taldeak dira otsoak. Estudiantes eta Pamesa dira, ustez, talde ahulenak, baina biek ezustea emateko aukera dute. ACB ligan edozeinek edonor garai dezakeelako. Estudiantesek etxeko zaleen epelean jokatuko duelako, eta azken bi sasoietan zuloan ibili arren talde handien muina duelako. Pamesak ere lan zaila du, Tau izango baitu aurkari final-laurdenetan. Unicaja, Joventut eta Kanaria Handia ere ez dira herrenak. Bi adarretan banatu dute txapelketa. Tau Baskoniak jokatuko duena zailagoa da, final-laurdenetako koska gainditzen badu Real Madril edo Bartzelona edukiko dituelako zain finalerdietan. Partida hori izango da, hain zuzen ere, Kopako lehena, eta agian torneo osoko ikusgarriena.

Spahijaren lan ona

Gasteizen zuhur antzean mintzatu dira. Pamesa baino talde hobea dela badakite, baina ez dute lehen kanporaketa baino aurrerago begiratu nahi. Tauk Pamesa ez kanporatzea, ordea, ezusteko handia litzateke. Neven Spahija bere gustuko taldea eraikitzen ari da pixkanaka, baina bide luzea falta zaio oraindik. Pamesak dirua du barra-barra, baina konpromisoa erakutsiko duten jokalari falta izan da haren gabezia, eta badirudi Spahija taldearen izaera aldatzen ari dela. Egoera aldatzeko, ordea, urte pare bat beharko du agian. Mugimendu batzuk egin ditu jada, eta taldea gorabeheratsu ari bada ere, itxura hobea du orain, sasoi hasieran baino gehiago.

Matt Nielsen australiarrak indarra eta gogortasuna eman dio taldeari saskipean, eta Perovic erraldoia eta Miralles eta Pietrus langileak ere puzzleko pieza garrantzitsuak dira. Pamesak, ordea, kanpotik barrura jokatzen du. Kanpoko lerroan baliabide anitz ditu erasoan, baina saskipean ez hainbeste. Martinez gaztea dute, Williams eta Olive joko antolatzaile petoak, eta Avdalovic serbiarra ere bai.Pamesak Claver hegalekoaren hutsune garrantzitsua du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.