Triskantza handia izan daiteke gaur, Vueltako 19. etapan, eta ez harritu tropela txiki-txiki eginda helmugaratzen bada. Mendaterik ez zegoen atzoko etapan, baina nahikoa izan zen bizpahiru kilometroko aldapa eta erritmo azkarra tropela zatitzeko eta txirrindulari asko atzean geratzeko. Onenen tropelari eutsi zioten askok ere justu-justu eutsi zioten, arnasestuka, sufritzen. Gutxik dabiltza indarrez inor ez esatearren, eta aldeak espero baino handiagoak izan daitezke Collado Villalbako helmugan.
Itxaropenaren ateak irekita dituzte Alejandro Valverdek eta Roberto Herasek. Parez pare, gainera. La Panderan eta Sierra Nevadan gertatutakoa gogoan, Nozal liderra urruntzea ezinezkoa dela badakite. 1.10 kendu zioten Valverdek eta Herasek Nozali La Panderan. Aldea handiagoa izan zen Sierra Nevadan: 1.37 Valverdek lortu zuen errenta, 53 segundo Herasek lortutakoa.
Urruntze hutsa nahikoa ez dela badakite, ordea. Nozalek minutu askoko aldea pilatu du erlojupekoetan, eta Burgosen bukatu zen etapako ihesaldian. Lasai da liderra, eta Herasek eta Valverdek itxaropena duten heinean, konfiantza dauka ONCE-Eroskikoak. Ondo baino hobeto eutsi baitzion Pirinioetan, eta La Panderan eta Sierra Nevadan bi minutu pasatxo bakarrik galdu zituen. Ezer ez, galdu zezakeena aintzat hartuta. Edo ezer ez, Heras onena aurrean izan balu.
Kontua hauxe da, Nozal lider sendoa dela, baina azken egunetan ahuldade keinuak ikusi zaizkiola. Horiei behar adina etekin ateratzen asmatuko ote dute Valverdek eta Herasek? Bikote hori Nozal baino hobeto igotzen da, baina Heras, behintzat, ez dago Nozal baino askoz indartsuago. Bere benetako maila eman izan balu, berea zen dagoeneko Espainiako Vuelta.
Los Leones gainakerabakiko du Vuelta
Roberto Herasek eta Alejandro Valverdek otsoaren papera jokatuko dute gaur. Isidro Nozalek, berriz, ardiarena. Otsoen erasoaren aurrean oldartu egin da, kikildu beharrean, baina azken oztopoa geratzen zaio otsoen hozkadek mindu ez dezaten: Leones mendatea.
Lehoia piztia gaiztoa da, baina ez da samurragoa mendate hori. Zortzi kilometro bakarrik ditu, baina batez besteko pendiza Vueltako handiena da: %7,2. Leones mendatea izango da Vueltako epailea. Gainetik helmugara 80 kilometro daude, baina tartean Navacerrada dago, eta jazarpen lana zailtzen duen ibilbide bihurria ere bai, gorabeheratsua. Leonesek lehen eta azken kilometroak ditu etzanagoak, baina besteak tenteak dira oso. %7tik gorakoak. Tontorrera iritsi aurreko kilometroak %8,8ko desnibela du, baina mendate erdi-erdian dago malda gogorrena: %13koa, 300 metrotan. Indarra duenarentzat, leku egokia.
Navacerrada da etapako beste mendate gogorra. 11 kilometroko mendate ezaguna da. Azken zazpietan antzekoa da oso batez besteko pendiza, gogorra: %7,3. Gainetik helmugara 23 kilometro daude, 19 jaitsieran. Hirugarren mailako beste bi mendate daude etapan. Leones baino lehenago, San Lorenzo del Escorial (64. kilometroa) eta Leones ostean, bigarrena: Los Angeles de San Rafael (98. kilometroa). Horiek puntuak banatuko dituzten mendateak, pankartarik gabeko mendate txiki asko baitaude Madrilgo eta Segoviako mendialdean, Euskal Herrian bezala.
Herasek sei segundora du Igor Galdeano eta 3.03ra Nozal liderra. Valverdek atzerapen handiagoa du, bost minutukoa, baina podiuma nahiko gertu dauka. Azti lanetan aritzea ez da erraza, baina oso litekeena da Kelmek etapa hasieratik gogortzea lasterketa, ONCE-Eroski zigortzen saiatzea. Heras lan horretaz baliatzen saiatuko da, talderik ez duelako tropela txikitzeko. Leones mendatean saiatu beharko lukete mugitzen Herasek eta Valverdek, baina eraso horrek bidea egin dezan taldekideren bat behar dute lasterketa buruan, alferrekoa izango baita bestela. ONCE-Eroskik ahalik eta taldekide gehienekin eman behar dio babesa Nozal liderrari. Etapa-ehiztarien lana ere erabakigarria izango da.
ESPAINIAKO VUELTA
Otsoaketa lehoiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu