Athleticek eta Osasunak puntu premia protagonista zen derbi bat baino gehiago jokatu dute azken hamarkadan. Tarte honetan behin baino gehiagotan egon dira amildegitik gertu. Eta ez sasoi hasieran bakarrik. Batzuetan Athleticek zuen puntu beharra, beste batzuetan Osasunak, eta biek behera begira zeudela jokatu duten neurketaren bat ere egon da. Beraz, bi taldeetako jokalari askok dakite nola jokatu behar diren gisa honetako partidak.
Gaur San Mamesen jokatuko dena ere tentsio handiko neurketa izango da. Bi taldeak daude jaitsierako postuetan. Beraz, gauzak nahi baino gehiago nahastu aurretik, puntuak pilatzeko premia dute. Horrek presioa sortzen du. Eta presioak urduritasuna dakar. Arnasestuka egotea ez baita inoren gustukoa. Hortaz, irabazten duenak aurrerapauso handia emango du. Lasaitu ederra hartuko du. Galtzen duen taldea, berriz, jota geratuko da. Eta berdintzen badute? Etxetik kanpo lortutakoa denez, pentsatzekoa da talde gorritxoarentzat baliagarriagoa izango dela. Athletici ez lioke asko lagunduko.
Lehoientzat hil edo biziko neurketa da. Ez dago besterik. Finala. Talde zuri-gorrian proiektua bera dago ezbaian: duela bost hilabete munduko teknikari onena zenak egun ez du balio. Marcelo Bielsa da askorentzat Athleticen gaitz guztien iturri; beste askorentzat, berriz, jokalariak dira errudunak. Horien ustez, ez dira ari dena ematen. Euren konpromisoa eta profesionaltasuna daude ezbaian; eta zuzendaritza ere zipriztindu du egoerak. Azken horien ustez, Josu Urrutia eta bere lan taldearentzat lan handiegia da Athletic zuzentzea. Beraz, ez da inor salbatzen. Kontua da Athletic txarto ari dela jokatzen.
Athleticek gabezia asko ditu. Horregatik dago dagoen tokian. Beraz, pitzaduren sorburuak asko izango dira. Halaere, badirudi zuri-gorrien gaitz nagusiak zelai erdian daudela. Defentsako eta erasoko jokoari oreka eman beharreko zelai zatian desoreka dago. Aurrera egiteko, futbolari asko zelairatzen ditu entrenatzaileak, eta gutxi, taldeari sendotasuna eta patxada emateko. Arazoa konponduz gero, beste zulo asko tapa daitezke. Baina nola? Herrera zelairatuta, erritmorik gabe egon arren? Ruiz de Galarretaren alde eginda? Gurpegi aurreratuta? Batek jakin. Kontua da Athleticek itxuraldatu egin behar duela.
Baikor, baina zuhur
Iragan asteburuan Levanteren aurka (4-0) sasoiko lehen partida irabazi ostean, baikortasuna hedatu da Osasunaren inguruan, taldeak oraindik ere jaisteko postuetan jarraitzen duen arren. Hori bai, Jose Luis Mendilibarrek ez du gehiegizko baikortasunik nahi: «Faboritoak garela dirudi, eta ez dakit zergatik. Taxoarera entrenamenduak ikustera etortzen diren zaleek hala diote, 'aurten bai, aurten bai'. Dena gure alde dagoela dirudi, baina ez dakit zergatik zehatz-mehatz. Athleticek ez digu erraztasunik emango».
Mendilibarren esanetan, iragan sasoian ere emaitza kaskarrak bildu zituen Athleticek liga hasieran, baina Anoetako derbia irabazi ondoren gora egin zuen. Alde horretatik, Athleticeko jokalariak lasai egongo direla uste du Osasunako arduradunak, eta Athletic oker hasi bada, Osasuna okerrago dagoela gogoratu zuen.
Etxeko azken partidan 4-0 irabazi ostean, gorritxoek etxetik kanpoko lehen garaipena nahi dute. Asmo horrekin joan dira Bilbora. Eta etxetik kanpoko hiru partidak galdu eta gero, Mendilibarrek badaki zerbait aldatu beharra dagoela. Horregatik egingo ditu aldaketak hamaikakoan. «Etxetik kanpo partida bakarrean aritu gara ondo, Coruñan, lehen jardunaldian, eta galdu egin genuen, hurrengo bi irteeretan bezalaxe. Zerbait aldatu beharra dago».
Etxetik kanpo «talde indartsuagoa» nahi du bizkaitarrak. «Irabazteko aukera izan nahi dugu, gutxienez. Entrenamenduetan ondo aritu gara, baina zelaian erakutsi behar da gero asteko lana, eta batzuetan ezin izaten da nahitakoa egin». Cejudo eta Flaño deialditik at utzi zituen atzo jokatzeko moduan egonagatik. Puñalek, berriz, zigorra bete ostean, hasieratik jokatzeko aukera izan dezake. Baita Damiak ere, arazo fisikoak gainditu ostean.
Athletic-Osasuna
Oxigenoa, batentzat
Athleticek eta Osasunak lasaitasun apur bat emango dien garaipena eskuratu nahi dute gaur, denboraldiko bigarren derbianZelai erdian nagusitzen den taldeak izango du partidako giltza, derbi gehienetan bezala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu