Saskibaloia

Panathinaikos eta Maccabi dira bi erraldoiak

Espero zen bezala, Laboral Kutxa Baskoniari multzo gogorra egokitu zaio Euroligako lehen ligaxkan: Lokomotiv Kubanek, Izar Gorriak eta sailkapen ligaxkatik iritsiko den beste talde batek osatuko dute D multzoa.

2013ko uztailaren 4a
14:35
Entzun

Ezinezkoa zen multzo samurra egokitzea, eta ez da egokitu. Laboral Kutxa Baskonia D multzoan ariko da Euroligako lehen ligaxkan, eta Panathinaikos eta Maccabi izango ditu bi aurkari nagusiak. Gasteiztarrekin batera, Lokomotiv Kubanek, Izar Gorriak eta sailkapen ligaxkatik iritsiko den beste talde batek osatuko dute D multzoa. "Ohituta gaude multzorik zailenetan jokatzera". Hausnarketa horixe egin du Joxean Kerejeta Baskoniako presidenteak zozketaren berri izan eta berehala. Sergio Scariolo entrenatzaileak ere egin ditu bi hitz: "Begi bistan dago zailtasuna, eta horrek areagotu egingo du hasiera-hasieratik lehiakorrak izateko daukagun motibazioa".

Urriaren 1ean hasiko da lehen ligaxka, eta hamar partida jokatuko ditu talde bakoitzak. Seiko multzo bakoitzetik lau onenek egingo dute aurrera, eta beste hamalau partida jokatuko dituzte bigarren fasean, zortzi taldeko bi multzotan banatuta. Eta Lauko Finala non jokatuko den ere argitu dute zozketari ekin aurretik: Milanen, Mediolanum Forum pabiloian —bertan jokatzen du Emporio Armanik, eta 12.500 zalerentzako lekua izango du laster—, 2014ko maiatzaren 15etik 18ra.

Ondorengoak dira lau multzoak:

A multzoa: Bartzelona, CSKA Mosku, Fenerbahce, Budivelnik Kiev, Partizan eta Nanterre.

B multzoa: Real Madril, Anadolu Efes, Zalgiris Kaunas, Brose Basket Bamberg, Emporio Armani eta Estrasburgo.

C multzoa: Olympiakos, Montepaschi Siena, Unicaja, Galatasaray, Stelmet Ziolona eta Bayern Munich.

D multzoa: Panathinaikos, Maccabi Tel Aviv, Laboral Kutxa Baskonia, Lokomotiv Kuban Krasnodar, Izar Gorria eta sailkapen ligaxkatik iritsiko den talde bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.