Enpresen Ligak jakinarazi duenez, igandean ezingo da pankartarik eraman Bizkaia pilotalekura. Atzo jakinarazi zuten debekua, gaztelaniaz bakarrik idatzitako ohar batean, eta berdin dio zein den pankartaren leloa edo tamaina. Neurri horrekin, sarrera erosi duten zaleek partida arazorik gabe ikusi ahal izatea bermatu nahi dute.
Sarreren salmentari dagokionez, apurka doa. Dagoeneko, erreboteko bigarren eta hirugarren solairuetakoak bukatu dira, baina beste harmaila guztietan lor daitezke oraindik. Alegia, gelditzen direnak 65 eurokoak eta hortik gorakoak dira. Ziurra da finalean betekada izango dela, baina zail dirudi sarrera denak amaitzeak.
Bestalde, Mikel Urrutikoetxeak eta Iker Irribarriak gaur aukeratuko dituzte finalerako pilotak (12:00). Azken asteetan, dezente hitz egin da pilotei buruz, eta ikusi beharko da arazorik dagoen. Kepa Peñagarikanok buruz buruko aurreneko finala du pilota hautatzaile postuan.
Pankartarik ezingo da eraman Bizkaia pilotalekura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu