UCI Nazioarteko Txirrindularitza Elkargoak espero zen erabakia hartu du, eta Pro-Tour Ligako taldeei Paris-Niza itzulia korritzea debekatu. UCIren eta egutegiko proba antolatzaileen arteko borrokako bigarren pausoa da erabaki hori. Lehenengoa RCS eta ASO antolatzaileek hartu zuten, Pro-Tour Ligako Unibet.com kidea Milan-San Remo, Paris-Niza eta Girotik kanpo utzi ondoren. UCIren arabera, Pro-Tour Ligako 20 taldeek ziurtatua dute parte-hartzea Ligako probetan, Paris-Niza tartean, baina antolatzaileek ez datoz bat arau horrekin.
Probako antolatzaileak arre, eta UCI so, horrela dabiltza aspaldian. Borrokatik garaile nor irtengo den ikusteko dago, biek adostasunera iristeko duten borondateak apala dirudielako muturreko erabakiak hartzeko erakutsi dutenarekin alderatuta. Itxuraz, pentsatzekoa da talde batzuek nekez onartuko dutela UCIren debekua, Paris-Niza oso proba garrantzitsua delako, eta hari uko egiteak ondorio larriak ekar ditzakeelako. Tourretik at geratzeko arriskua, adibidez, Paris-Niza eta Tourra elkarte berberak, ASOk, antolatzen dituelako.
Paris-Niza bi aste barru hasiko da, martxoaren 11n. Taldeen erantzuna ez da berehalakoan jakingo, erabakia zaila delako. Normalean iskanbilak zein norabide hartzen duen zain geratuko dira taldeak, baina oso litekeena da Frantziako taldeak muzin egitea UCIren boikot eskaerari. Egun, Frantziako bost talde dira Pro-Tour Ligakoak: Ag2r, Cofidis, Credit Agricole, La Française des Jeux eta Bouygues Telecom. Bost horientzat besteentzat baino garrantzitsuagoa da Paris-Niza itzulia, eta hortik has daiteke Pro-Tour Ligaren behin betiko haustura.
FREIRE, NAGUSI ANDALUZIAN. Oscar Freirek (Rabobank) irabazi zuen atzo Andaluziako Itzulia. Txirrindulari espainiarra azken etapan nagusitu zen, eta bide batez liderraren elastikoa kendu zion Dario Cioniri (Predictor Lotto). Denboraldi hasiera txukuna egiten ari da Freire. Izan ere, lau garaipen lortu ditu jada; bost, Andaluziako Itzuliko sailkapen nagusia kontuan hartzen bada.
Kaliforniako Itzuliko hirugarren etapan, berriz, Jens Voigt (CSC) beteranoa izan azkarrena esprintean. Txirrindulari alemaniarrak Levi Leippheimer (Discovery Channel) liderra eta Chris Horner (Predictor Lotto) hartu zituen mendean.
Paris-Niza itzulia korritzea debekatu die UCIk Pro-Tour Ligako taldeei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu