Europako Ligako ligaxkako zozketa egin zenean inor gutxik espero zuen Athletic etxeko lanak eginda ailegatuko zela azken jardunaldira. Ondo eginda, gainera. Izan ere, talde zuri-gorria ez da konformatu final-hamaseirenetarako sailkatzearekin. Multzoko lehen postua ere lortu du. Hortaz, presio barik jokatzeko aukera izateaz gain, jokalari garrantzitsuenei atsedena eman eta orain arte gutxi jokatu dutenei euren jokoa erakusteko aukera emateko parada izango du Marcelo Bielsak. Nork pentsatuko luke duela hilabete bi Parisen jokatu beharreko egunean Athleticen ardura nagusia Espainiako Ligako azken sailkatuari datorren larunbatean nola irabazi izango zenik? Inork ez. Bada, gaur egun, Zaragozaren kontrako partida da Athleticeko kideen buruko min nagusia. Nola demontre gainditu behar duten atzean sartzen diren taldeen armiarma sarea da kezka bakarra.
Athleticen lehentasuna zein den argi dago. Baina horrek ez du esan gura Printzeen Parkean jokatuko den norgehiagoka alde batera utzi behar denik. Partida ofizial guztietan dago, eta neurria eman beharra. «Denok nahi izaten dugu irabaztea. Garaipenek ondo sentiarazten dute futbolaria», esan zuen Iker Muniainek herenegun. Gainera, gaurko aurkariak sona handia dauka. Frantziako talde ezagunenetakoa izateaz gain, Europako aberats berrietako bat ere bada. Parisko taldera ere ailegatu baitira petrolioaren salmentari esker lortzen diren dolarrak. Hala ere, dirua ez da nahikoa izaten talde on bat egiteko. Jokalari onak fitxatzeaz gain, futbolari horiek taldeak duen dinamikan sartu behar dute. Pieza guztiak daude behar den moduan lotu beharra arrakasta lortzeko. Oraingoz Paris Saint-Germainek ez du hori lortu. Frantziako Ligan hainbestean ari da. Bigarrena da Montpellier liderrarekin berdinduta. Europan, bestelakoak dira kontuak. Agian, ez diolako merezi duen arreta eskaini, edo, beharbada, gutxietsi egin dituelako multzoko aurkariak azken jardunaldira Salzburgok egiten duenaren mende ailegatu da. Austriako taldeak Slovanen aurkako partida irabazten badu, lehiaketatik at geratuko da Paris Saint-Germain.
Beraz, baliteke etxeko taldearentzat nahikoa ez izatea hiru puntuak. Baina inork ez du zalantzan jartzen Pastore eta enparauak gogotsu zelairatuko direnik. Athleticek, berriz, profesionaltasuna erakutsi beharko du. Plaza egokia da lehoiaren atzaparrak erakusteko. Besteak beste, Athleticek ez baitauka Europan urtero lehiatzeko aukera. Ondo edo txarto jokatu, talde ausarta ikusiko da Parisen. Bielsak ez daki beste era batean jokatzen. Ez da futbola erasora eta garaipenaren bila zelairatu gabe ulertzeko kapaz. Hortaz, gaurko Athletic ere aurrean presionatzen ahaleginduko da. Eta baliteke azken partidetan baino arrakasta handiagoa izatea. Izan ere, orain arte ikusitakoaren arabera hobeto ari da moldatzen irabaztera behartuta dauden taldeen kontra, ez galtzera zelairatzen diren aurkarien kontra baino. Gaur ez du aurrean horma bat aurkituko. Hori bai, horrek ez du esan gura garaipena erraza izango denik. Futbol profesionalean ez dago gauza samurrik.
Athleticek 22 norgehiagoka jokatu ditu sasoia hasi zenetik. Partida asko hiru hilabetean. Halere, Bielsak ez du txandakatzerik egin. Gaur arte. Aldaketak atetik hasiko dira. Raulek lehen aldiz jokatuko du argentinarrarekin. Denboraldi eta erdian jokatuko duen bigarren lehia izango da. Aurrekoa Realaren kontra izan zen. Inork ez daki Lehen Mailako atezaina den ala ez. Bestalde, San Jose, Ekiza, Gabilondo, David Lopez, Ibai eta enparauentzat azterketa garrantzitsua izango da balio dutela erakusteko. Eta bigarren maila batean daude harrobiko gazteak: Jonas, Ruiz de Galarreta eta Guillermo dira, besteak beste, taldearen etorkizuna. Lehen pausoak ematen hasi dira.
Parisera, ardura barik
Athleticek bermatuta dauka multzoko lehen postua, eta, horregatik, Bielsak txandakatzeak egingo ditu lehen aldiz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu