Txirrindularitza

Parte hartze bikaina izango du Euskal Herriko Itzuliak

Apirilaren 1etik 6ra jokatuko da aurten Euskal Herriko Itzulia, eta luzea da faboritoen zerrenda: Alberto Contador (Saxo), Richie Porte (Sky), Bauke Mollema (Blanco), Samuel Sanchez (Euskaltel), Jurgen Van den Broeck (Lotto) eta Alejandro Valverde (Movistar), besteak beste. 

unai zubeldia
2013ko martxoaren 22a
10:56
Entzun

Apirilaren 1ean, astelehenean, Elgoibarren hasi, eta apirilaren 6an, larunbatean, Beasainen amaituko da Euskal Herriko Itzulia. Donostian aurkeztu berri dute, eta, beste behin ere, bikaina izango da parte hartzea. Joaquim Rodriguezekin (Katuxa) hizketan ari dira antolatzaileak, eta ikusi egin beharko da Alejandro Valverdek (Movistar) zer erabakitzen duen, Kataluniako Voltan erori ondoren. Tropeleko txirrindulari indartsuetako asko izango dira, hala ere, Elgoibarko irteeran: Alberto Contador (Saxo), Richie Porte (Sky), Bauke Mollema (Blanco), Samuel Sanchez (Euskaltel), Jurgen Van den Broeck (Lotto)... Horiekin batera, oso kontuan hartzekoak izango dira etxeko hiru txirrindulari ere: Beñat Intxausti (Movistar), eta Gorka eta Ion Izagirre (Euskaltel-Euskadi).

Oso gorabeheratsua eta urduria izango da lasterketa. Urrutira joan gabe, oso arriskutsua da lehen etapa, Elgoibarren amaituko dena, eta, bigarrena salbu (Gasteizen amaituko dena), gainerakoetan segundo mordoa galtzeko arriskua izango da etapa amaieretan. La Lejanako azken 500 metroak beldurgarriak dira (%18ko batez besteko aldapak daude tartean); Arrateko amaieran beti izaten da segundo batzuetako aldea; eta ostiralean Beasainen amaituko dena nekagarria bihurtuko da azkenerako, hiru itzuli eman beharko dizkiotelako zirkuitu bati. Liernia, Zerain eta Olaberriako gainak igo beharko dituzte itzuli bakoitzean, eta azkenekoan Barbaris ere bai. Euria eginez gero, oso arriskutsua izango da amaiera. 24,3 kilometro dauzka Beasaingo azken erlojupekoak, eta oso gorabeheratsua da.   

 

Apirilak 1, astelehena: Elgoibar-Elgoibar (156,5 km)

Apirilak 2, asteartea: Elgoibar-Gasteiz (170,2 km)

Apirilak 3, asteazkena: Gasteiz-La Lejana (164,7 km)

Apirilak 4, osteguna: Trapagaran-Arrate (151,6 km)

Apirilak 5, ostirala: Eibar-Beasain (166,1)

Apirilak 6, larunbata: Beasain-Beasain (24 km)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.