Partida bakarra irabazita aurrera

Baztango Txaruta eta Berrizko Oizpe ere BERRIA Txapelketako hurrengo saioan ariko dira

Erredakzioa
2007ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Gainontzeko txapelketen aldean, BERRIA txapelketak dituen berezitasunetako bat hauxe da: aurrera ez du egiten partida gehien irabazten duena, tanto gehien egiten duenak baizik. Talde batzuei arraroa egiten zaie oraindik ere sistema hori, baina sistema horren emaitza da Txaruta Baztangoak eta Oizpe Berrizkoak aurrera egin dutela azken jardunaldian. Estu eta larri biak ala biak. Nafarrek hiru tantoko errentari esker hartu zuten mendean Ezkarai. Bizkaitarrek bi tantoko errenta eskasari esker Ilunpe.



EZKARAI (Errioxa)50

TXARUTA (Baztan)53

KADETEAK: Palacios -- Iturriaga22

Madariaga -- Bereau13

GAZTEAK: Gorka -- Merino II.a22

Juanenea -- Barberena18

NAGUSIAK: Matute -- Merino6

Zerezo -- Elizalde22



Lehen partidatik hasi ziren errioxarrak espero baino indartsuago. Badakite nafarrek jokatu zutena baino gehiago jokatzen kadeteetan, baina haserrea eta imintzioak erakutsi zituzten gehiago jokoa baino. Berehala ikusi zen partidatik kanpo zeudela, eta ederki baliatu zuten hori kontrarioek. Iturriaga atzelaria izan zen espainiarren artean onena. Kantxan egoten eta patxadaz aritzen daki.

Gazteen partida izan zen jaialdiko onena, eta ez zen gutxiago espero. Nafarroako txapeldunak dira Txarutakoak, eta maila horretan ari diren bikoterik indartsuenen artean daude errioxarrak. Gogorra izan zen bi atzelarien arteko lehia, eta bizia bi aurrelariek tantoak nork amaituko izan zutena. Partidak aurrera egin ahala, nekatu egin zen Barberena atzelaria, eta norgehiagoka erabakita uzteko baliatu zuten hori kontrarioek. Juaneneak partida bikaina jokatu zuen, galdu arren.

Gorabeheraz betetakoa izan zen nagusien partida. Ezkaraikoek bederatzi tanto behar zituzten kanporaketa aurrera ateratzeko, baina kontrarioak hasi ziren aurretik (15-0). Merino ez zen gaizki ari, baina Matutek ez zuen tantoak amaitzen asmatzen. Zerezok sakez falta egin ostean erreakzionatu zuten errioxarrek apur bat (17-4), baina berandu zen ordurako. Elizalderen lan txukunari esker, kanporaketa erabakita utzi zuen Txarutak.

ILUNPE (Azpeitia)59

OIZPE (Berriz) 61

KADETEAK:Murgiondo -- Aizpuru22

Lloidi-- Urkijo 21

GAZTEAK: Otamendi -- Astiazaran15

Alberdi -- Perosanz22

NAGUSIAK: Larrañaga -- Uzkudun22

Albizuri -- Larrazabal18



Orain arte jokatutako kanporaketa estuena Ilunpek eta Oizpek Altzan jokatutako hori. Kadeteen partidan hasi zen emozioa. Azpeitiarrek menderatu zituzten tantoak, baina bukatzeko zituzten zailtasunak. 21 -18 aurretik jarri zirenean, partida erabakita zegoela zirudienean, 21na hurbildu ziren bizkaitarrak, baina gipuzkoarrena izan zen 22.a.

Bizkaikok bikoterik onenetakoa dute berriztarrek gazteetan. Haiekziren irabazteko hautagaiak, baina kosta egin zitzaien partidan sartzea. Hutsik egin gabe hasi ziren azpeitiarrak, eta gorabehera askorekin kontrarioak. Perosanz atzelariak behera egin zuenean nagusitu ziren faboritoak, baina 15 tanto egin zituzten azpeitiarrek, eta gutxik espero zuten hori.

Gazteen partida sei tantoko aldearekin abiatu zuten berriztarrek, eta erabakigarria izan zen hori. Azpeitiarrak ziren irabazteko faboritoak, baina kontrarioek abantaila horri eustera jokatu zuten. Uzkudunek goi mailan jokatu zuen, baina Larrañaga lagunak ez zion bestetan adina lagundu. 17na jarri zirenean gelditu zen kanporaketa erabakita Berrizkoen alde. Orduan erreakzionatu zuen Larrañagak eta partida irabazi (22-18), baina kanporaketa ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.