Partida bat, bi estilo

Nork bere bidea hartuta, helburu bera dute Getafek eta Athleticek: Europa

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Athleticek bere esku dauka Europarako txartela eskuratzea. Liga amaitu bitartean 42 puntu egongo dira jokoan. Talde zuri-gorriak puntu batera dauka Europako Liga, eta hirura Txapeldunen Liga. Beraz, bistan da borroka horretan sartuta dauden talde guztiek ez dutela zertan ondokoak egiten duenari begira egon: Mallorca, Deportivo, Sevilla eta Athleticeko jokalari eta teknikariek badakite ondu jokatuta sari potoloa izango dutela sasoi bukaeran. Zuri-gorrien kasuan egutegia ere aldekoa da. Izan ere, oker handirik ezean, San Mamesen jokatuko dituen neurketetan eginiko lanaren araberakoa izango da lortuko duen postua. Besteak beste, Mallorcak eta Deportivok bisitatu beharko dute Katedrala. Ia seguru, neurketa horietan egongo da Europarako giltza. Baina lehia horietara bizirik ailegatzeko ezinbestekoa izango da aurretik jokatu beharreko partidetan ere ondo jardutea.

Getaferen aurkako gaurko neurketak garrantzi handia dauka. Izan ere, aurrez aipatutako taldeen antzera, Michelek zuzentzen duen taldeak ere bere esku dauka Europarako txartela: Europatik sei puntura dago, eta bost puntuko desabantaila dauka Athleticekiko. Beraz, San Mamesen irabazten badu, bete-betean sartuko da borrokan. Baina irabazi beharra du, berdinduz gero azken txanpa bikaina egin beharko duelako aurretik dituenak aurreratzeko. Eta galduz gero, berriz, ia aukera barik geratuko da, gaitza baita 11 jardunalditan zortzi edo bederatzi puntuko aldeari buelta ematea. Horrenbestez, etxean seigarren garaipena jarraian eskuratzeak sari ederra dauka Athleticentzat.

Athletic eta Getafe garaipenaren bila zelairatuko dira. Hori bai, hiru puntuak poltsikoratzeko oso bide eta estrategia ezberdinak erabiliko dituzte. Getafek joko landuan eta zelai erditik aurrera jokatzen duten futbolarien talentuan oinarritzen du bere jokoa. Michelek gustuko du bere taldeak baloiarekin lan egitea. Jokoaren ekimena izanda eroso sentitzen da. Maila tekniko ona duten jokalari asko ditu, eta, egun ona izanez gero, edozein aurkari mendean hartzeko gai da. Etxetik kanpo gehiago kostatzen omen zaio gustuko duen futbola egitea, baina ez da komeni horrelako talde bat gutxiestea. Oso arriskutsua izan daiteke.

Getaferen joko landuari aurre egiteko joko zuzenaren aldeko apustua egingo du Joaquin Caparrosek. Talde bat gustura sentitzen bada baloiarekin, besteari ez zaio ardura aurkariak baloiaren jabetza handiagoa izatea. Eraginkortasuna erakusten ez duten bitartean, aurkari bakoitzari baloi bana oparituko lioke Athleticeko teknikariak. Getafek ahalik eta aukera gutxien sortzeko defentsako lan ona egiteko eta lehen minututik erritmo handiarekin jokatzeko eskatuko die jokalariei. Zortzi hilabetean lehiatzen ibili ostean, meritua dauka Athletic erakusten ari den indarra. Zuri-gorri gehienek berezkoa dute lanerako gaitasuna, baina gorputzak ez du beti berdin erantzuten. Bistan da prestaketa fisikoaz arduratzen direnek bete-betean asmatu dutela. Emaitzek ematen duten konfiantza eta jokalarien sasoia dira Athletic egiten ari den lan onaren zutabe nagusiak.

Yeste kanpoan berriz

Jokalariek lanerako duten konpromisoa eta ate aurrean erakutsitako eraginkortasuna dira zuri-gorrien arrakastaren giltza. Geldikako jokaldiak dira Athleticen arma nagusietako bat. Getafek lan ona egin beharko du arlo horretan neurketa irabazi gura badu. Bide beretik jarraitzeko, aldaketarik ez egitea erabaki du Caparrosek, ez hasierako hamaikakoan, ez deialdian.

Teknikariak hartutako erabakiak argi eta garbi erakusten du zein jokalarirengan duen konfiantza egun. Eta Yeste ez da horietako bat. Asteon ez dago aitzakiarik. Basauritarra normaltasun osoz entrenatu arren, zerrendatik kanpo geratu da. Eta, horrelakoetan gertatzen den legez, kalean da eztabaida. Haren jokoagatik edota kontratua luzatzeko negoziatzen ari delako utzi dute kanpoan? Denetarik egon daiteke, baina gauza bat argi dago: Yeste ez da ezinbestekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.