Partida bat, mirari bi

Real Madrilen gotorlekua mendean hartu eta Europarako postuan jartzea du xede Athleticek gaur Santiago Bernabeun

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
«Partida perfektua jokatu beharko dugu. Eta, gainera, Real Madrilek egunik onena ez izatea ere garrantzitsua izango da emaitza ona eskuratzeko. Eurek aukerak sortuko dituzte, ziur». Ander Iturraspek badaki gaitza izango dela oso gaur Santiago Bernabeun punturen bat eskuratzea. Baikor egoteko arrazoi gutxi ditu Athleticeko jarraitzaileak. Arrazoi bakar bat aurkitzea ere lan gaitza da.

Estatistikak eskuan hartuta, ez dago zereginik. Real Madrilek hiru puntu galdu ditu bere zaleen aurrean. Bartzelonak eraman zituenak, hain zuzen ere. Santiago Bernabeu bisitatu duten gainerako hamazazpi taldeek esku-hutsik egin behar izan dute etxerako bidea. Bestalde, jokalarien maila aintzat hartuta, argi ikusten da Florentino Perez ahaltsuaren galaxiak Fernando Garcia Makuarenak baino askoz ere talentu gehiago duela. Baina, zorionez, beti ez du irabazten estatistika hobeak eta futbolari onenak fitxatzeko gaitasuna duen taldeak. Dena dela, oraingoan, beste abantaila garrantzitsu bat ere badauka etxeko taldeak. Izan ere, Real Madril sasoian dago. Ez du modu ikusgarrian jokatzen. Seguruenik, egun erakusten ari den baino talde sendoagoa izateko aukera ematen dute Manuel Pellegrinik bere aginduetara dituen futbolariek. Baina ukaezina da Real Madril hazten ari dela. Denboraldiko lehen jardunaldiekin alderatuz gero, askoz ere indartsuagoa da gaur egungo Real Madril.

«Oso jokalari onak ditu, baina talde gisa asko hobetu du. Defentsako lanean ondo dabil», adierazi du aste honetan David Lopezek. Joaquin Caparrosek ere laudorioak izan zituen aurkariarentzat atzo. «Bartzelonarekin batera, Europako talde onena da. Arlo fisikoan oso talde indartsua da. Ondo aritu beharko dugu, talde gisa zein banakako lanean».

Motibazio ezberdinak

Bi taldeetako kideek izango duten motibazioa ere ez da bera izango. Argi dago Bernabeun Real Madrilen kontra jokatu behar duen profesional batek jokatzeko gogorik ez badu ez duela merezi Lehen Mailan jokatzea. Athleticeko jokalariei ez zaie faltako ezustekoa emateko gogoa eta ilusioa. Baina aurrean duten taldeak Liga irabaztea dauka jokoan. Eta Real Madril talde irabazlea da. Gertu ikusten du Liga irabazteko aukera, eta horrelakoetan gutxitan egiten du huts. Odola usaintzen duen otsoaren antza izaten du garaipena gertu duenean. Ohitua dago presioari aurre egiten. Mirariak egin zalea da. Zer esanik ez bolada onean dagoenean. Athletic, aldiz, nekeak jota dago. Hankek ez dute erantzuten, eta emaitzak txarrak izan direnez, burua ere hasi da kale egiten. Nahi eta ezina erakusten du egun zuri-gorrien jokoak.

Hori guztia gutxi ez, eta Cristiano Ronaldo izango dute aurrean zuri-gorriek. Askotan nahikoa izaten da haren ekarpena Real Madrilek irabazteko. Lionel Messirekin batera, oraingo jokalaririk erabakigarriena da. Beste guztien gainetik daude. Futbolean aritzeko dohain guztiak ditu portugaldarrak: gorputz dohatsua dauka oso, teknika aldetik oso ona da, langilea da eta irabazle sena dauka. Aurrean duena txikitzeko aukera badauka, txikitu egingo du. Galtzaile ona izatea falta zaio bakarrik. Baina ezin da dena eduki. Ez pentsa, ordea, Cristiano Ronaldo behar den moduan zainduta guztia eginda egongo denik. Besteak beste, haren ondoan aritzen dena ere, Gonzalo Higuain, aintzat hartu beharko dutelako zuri-gorriek. Argentinarrak sartu du ligan Real Madrilen gol gehien -26 gol sartu ditu-. Urtetik urtera hazten ari den futbolari bat da. Izarra da dagoeneko. Baina haiek agertzen ez badira, goi mailako futbolari askok izan dezakete protagonismoa Real Madrilen: Kakak eta Karim Benzemak -klubari neurria hartzen ari dira-, Gutik -ordu erdi jokatuta partida erabaki dezake-, Xabi Alonsok, Sergio Ramosek, Iker Casillasek... Atezainak ez du golik sartzen, baina gutxi dira bere taldeari horrenbeste puntu ematen dizkioten jokalariak. Hori guztia da Real Madril. Eta Santiago Bernabeu ere ezin da alde batera laga. Badirudi han sekula ez dela amaitzen neurketa etxeko taldeak garaipenaren gola sartu arte. Horrenbeste oztoporekin ez al da miraria emaitza ona lortzea?

Athleticen hamaikakoan gutxienez aldaketa bi egingo ditu Caparrosek. Javi Martinez osatu egin da, eta prest dago taldeari laguntzeko. Entrenatzaile zuri-gorriak, beraz, zelai erdiaren birika berreskuratuko du. Bestalde, Koikili Lertxundik beteko du Xabi Castilloren lekua defentsaren ezker hegalean -min hartuta dago Castillo-. Durangarra eta David Lopez dira, hain zuzen ere, deialditik kanpo geratu diren futbolari biak. Errioxarrak larregi egin zuen berba osteguneko prentsa agerraldian, eta orain badaki zer gertatzen den hori egiten denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.