Ikuskizun handia eskaini zuten atzo Realeko eta Betiseko jokalariek Anoetan. Hiruna berdindu zuten, partida ero batean. Lehen zatian nagusi izan zen Reala, eta epaileak baliorik gabe utzitako legezko gol bat ere sartu zuen. Hala ere, Betisek hartu zuen aurre markagailuan, Molinaren gol bati esker.
Bigarren zatian iritsi ziren gol gehienak. Hasi eta berehala, Mikel Gonzalezen huts bat baliatu zuen Betiseko aurrelari Pabonek 0-2koa jartzeko, eta bazirudien hortxe amaituko zela partida. Realak, ordea, adorea atera zuen, eta berehala egin zuen 1-2koa 50. minutuan, Velaren bidez. Sei minutu geroago, Velak berak erdiratutako baloi bat Iñigo Martinezek sareratu zuen buruz, eta lau minutu geroago egin zuen Xabi Prietok hirugarrena, penaltiz. Odol hotzez jaurti zuen Prietok penaltia, Panenka erara.
Betis ere ez zen atzean geratu, eta berdinketa lortu zuen 65. minutuan, Pabonen beste gol bati esker. Hala, seigarren postuan jarraitzen du Realak.