Hondarribiko hondartzan baretu ditu finaleko tentsioak, «aspaldiko partez etxekoekin egon eta eguzkia hartzeko», eta arratsaldean egin die kasu kazetariei Aimar Olaizolak (Goizueta, Nafarroa, 1979). Ospakizuna pixka bat luzatu zuen arren, ahots ona du.
Ahots ona duzu.
Formal ibili ginen; aita naiz, eta badakizu. Dena den, ibili gara pixka bat Hernanin goizalderaino. Sanjoanak eta, lagunekin. Etxera biltzerako seiak ziren.
Zer moduz ospakizuna? Ehundik gora lagun elkartu zineten; afaria bainoago, ezkontza da hori.
Oso gustura. Ez pentsa, lau t'erdikoan ere ehun inguru egon ginen, eta iaz Xalaren aurka jokatu nuenean 110.
Denak ezagutzen al dituzu?
Familiakoak dira, lagunak, herrikoak… Hori eskertzekoa da, batez ere galtzen dudanean ere hor egoten direlako.
Finaleko zein irudi datorkizu burura?
Azkeneko tantoa. Gantxo bat izan zela uste dut. Unerik garrantzitsuena da.
Bideoa ikusteko asmorik ba al duzu?
Igual bai; lehen, gehiago ikusten nituen. Amak grabatu zuela uste dut, eta bai, noizbait ikusiko dut, umeari erakusteko edo [barrez].
Lau t'erdikoa maite duzu, baina Manomanista irabaztea desberdina da.
Hau da txapelik garrantzitsuena, eta azken urte hauetan finaletara iritsi arren ezin izan dut irabazi, eta, nola ez, oso gustura nago. Baina, tira, nik balio handia ematen diet txapel guztiei.
2007an irabazi zenuen aurreko buruz burukoa. Pentsatzen hasia al zinen ez zenuela berriz irabaziko?
Ez, hor nengoelako. Pilota gosea duzun bitartean, lanean jarraitzen duzu. Baina hor pilotari asko daude, gauza askok dute eragina, eta zorte pixka bat ere behar da.
Buruz buru gutxitan jokatu duzu finalean bezain ondo.
Aurretik ere jokatu izan ditut partida onak. Hoberena izan den ez dakit, baina onenetakoa bai. Pilota gurutzatzeko garaian behintzat bai onena. Sakean zein piloteoan asko asmatu nuen gurutzatzen, eta hor egon zen giltzetako bat. Eskuinez ere fresko nengoen, ondo loratu nuen pilota, urrun jarri nuen… Aitortu beharra daukat partida ia perfektua izan zela.
Bezperan amesturiko partida?
Bai. Hori bai, hurrengoan berdin amets egin arren, agian ez dut erdia ere jokatuko.
Ezker pareta hainbeste bilatzea aurretik pentsatua al zeneukan?
Hori beti, baina, gero, egin behar izaten da. Egoten dira egunak ezin duzula pilota inola ere gurutzatu, eta herenegun, aldiz, dena irten zitzaidan.
Irujok zure jokoaren bilakaera nabarmendu zuen.
Nire jokoa pixka bat aldatu egin dut. Lehen, botera jokatzen genuen, eta, orain, askoz azkarrago. Dena presaka, beti aurrera… Pilota hauekin hala jokatu behar da, eta nik ere moldatu behar izan nuen. Hori bai, hala jokatzea askoz zailagoa da, denbora gutxiago dago denerako: pentsatzeko, mugitzeko… ez da erraza.
Irujo etsita utzi zenuen.
Buruz buru, sakea hartuz gero, tanto asko egin daitezke jarraian, eta egon ziren tanto klabe horiek ere nire alde erori ziren.
2004ko 22-1ekoa itzuli zenion.
Ez diot horri begiratzen, beste alderako antzeko emaitzak ere egongo dira oraindik.
Irujok epailearekin izandako liskarra ikusi al zenuen?
Aulkian hanka jarri zuela ikusi nuen, eta atsedena eman zuela epaileak. Ez dakit eskatu zuen edo ez. Dena den, nik uste dut atseden bategatik ez dela ezer pasatzen, eta ez dakit zer esan duen horren harira.
Orain hilabete, ia ez zenuen jokatzen, eta txapelduna zara orain.
Agian, oraindik ez naiz konturatzen zer lortu dudan. Retegiren aurka jokatu baino hamar egun lehenago hirutik hirura piloteatzen ari nintzela pentsatzea eta gero txapeldun izatea handia da. Hori bai, lan asko eginda, egunero Gasteizera joanda eta masajistarekin orduak eginda.
Zure ibilbideko manomanistarik onena izan al da?
Ziur aski. Egia esan, ez dut oroitzen inoiz buruz buruko bi partida hain on jarraian jokatu izana.
Urtea ere, harrigarria.
Eta herenegun galdu izan banu ere, oso gustura nengoke. Belauneko lesio larria izan nuenetik jokaturiko bost txapelketetatik lautan finalera iritsi naiz, hiru txapel… Ezin da gehiago eskatu. Hemendik aurrera beste txapelik ez irabazita ere, pozik utz dezaket.
Nola azaldu daitezke belauneko lesio larriaren ondoren egin dituzun bi urte onak?
Ni ere harrituta nago. Egun hauetako batean Mikel Sanchez medikuarekin gelditzekoa naiz hori bera galdetzeko, nola den posible lesioaren ondoren hala jokatzea. Nik uste dut beste kirolari batzuk egongo direla ondo sendatu direnak, baina, nire kasuan, bere garaian, beldur nintzen ez nekielako Xala, Irujo eta horiekin partida normalak jokatzeko gai izango nintzen. Hori bai, gero berdin jarraitu izan dut lanean.
15 urte ziren 32 urteko pilotari batek ez zuela buruz burukoa irabazten. Adinik onenean al zaude?
Ez dakit seinale ona edo txarra den! Nik uste adina ez dela txarra, baina garbi daukat 24 edo 25 urteak 32ak baino hobeak direla pilotan jokatzeko. Dena den, nik uste dut zortea baldin badaukat izango dudala buruz buruko beste txapelen bat irabazteko aukera. Beste sei edo zazpi urterako kontratua dut behintzat.
Oporrak noiz?
Uztail bukaeran ziurrenik. Orain partida dezente dauzkat, gero sanferminak. Uztailaren 21ean partida dut, 31n ere bai… eta tarte horretan. Iaz ez nuen oporrik izan, eta aurten ea astebete-edo ematen didaten, bestela etxetik bidaliko naute!
Aimar Olaizola. Asegarceko pilotaria
«Partida ia perfektua jokatu nuen finalean»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu