Ameslaria da argentinarra. Handitzean futbol jokalari izatearekin amets egiten zuen. «Eta lortu dut». Herrian hasi zen ostikoka, eta gorako bidean Quilmes talde apalarekin Lehen Mailara igotzea lortu zuen. «Eskertu beharrean nago, futbolaren atea ireki baitzidaten. Bi urte on izan ziren». River Plateren atea ireki zioten bi urte on. «Argentinako ume guztien ametsa da River Platen edo Boca Juniorsen jokatzea. Horretarako amets egiteaz gain, borrokatu ere egin behar da». Eta Gerlo, mutiko ameslari hura, gogotik borrokatu zen. Denetik bizi izan du Riverren. «Ordezkoa izan naiz, kapitaina ere bai, Itxiera Torneoko txapelduna, azkena...».
«Futbolean dena ez da dirua»
Gauza garrantzitsu bat ikasi zuen Riverren: «Gogor lan egin behar dela, norberaren izaerari eutsi behar zaiola, eta, zauden lekuan zaudela ere, ezaugarri on horiek erakusten jakin behar dela, jokatu nahiz ez jokatu». Horixe egitera etorri da Irunera, dakiena erakustera. «Futbolean dena ez da dirua, beste gauza batzuk ere badaude bizitzaren esparruan». Aurretik ez zuen ezagutzen kluba. «Baina aldagela sanoa aurkitu dut, jende umila, langilea. Oso harrera ona egin didate, eta ondo erantzutea espero dut».
Europara jauzi egin eta Espainiako Liga ezagutzeko ilusioa zeukan «Europan bi-hiru urtez jokatzea da helburua. Beste amets guztiak bete ditut». Klub handiagoa espero ote zuen galdetuta... «Banekien nora nentorren», erantzun du azkar. Min hartuta dago orain, eta bihar ez du jokatuko Castelloren aurka. Baina borrokan jarraituko du. «Ez baitzait galtzea gustatzen».
Nortasun agiria
Izena: Danilo Telmo Gerlo.Jaioterria: Los Chirquinchos (Santa Fe, Argentina).
Jaiolekua: 1979ko martxoaren 7a.
Altuera: 1,83 metro.
Pisua: 79 kilo.
Debuta Lehen Mailan: 2003ko martxoaren 8an (Quilmes 3, Rafaela 1).
Ibilbidea: Newell's Old Boys (1997-2001), Central Cordoba (2001-2002), Quilmes (2002-2004), River Plate (2004-2009) eta Real Union (2010etik).
2006-5-4, Corinthians-River Plate. «Gogoan daukat Libertadores Kopako lehia hura -argazkian ez da ageri Danilo Gerlo-. 80.000 ikusle zeuden harmailetan, eta nik zaindu behar izan nuen gertutik Carlos Tevez -erdian-, Argentinako jokalaririk onenetakoa. Oihartzun handia izan zuen nire lanak».
2009-4-23, Nestor Gorosito. «Ezberdin pentsatzen genuen biok -Xerezeko entrenatzailea da orain Gorosito-, eta ez ninduen kontuan eduki. Beste bide bat aukeratzea erabaki nuen. Besterik gabe. Baina ez dut hitz egin nahi horri buruz».
2008-5-4, Boca Juniors-River Plate. «Irabazi egin genuen Itxiera Torneoa. Denek jokatu nahi duten partida da Boca-River. Irabazi nahiz galdu, gozatu egin behar da partida horretan. Zaleek ere bizi egiten dute, eta ederra da partida hori jokatzea».
2004-10-20, River Plate-San Lorenzo. «Riverreko lehen urtea zen, eta aurrean dudana German Herrera da, Realean aritu zena. Biok daukagun lagun bati esker ezagutu nuen. Niregan espero zutena egiten saiatu nintzen lehen urte horretan Riverren. Borrokaren hasiera zen».
2007-11-8, Arsenal de Sarandi-River Plate. «Lan ona egin genuen Hego Amerikako Kopan. Partida horretan, finalerdietan, sudurra hautsi nuen, ordea, eta gero penaltietan galdu egin genuen. Kolpea izan zen. Ez zen bidezkoa izan galtzea».
2003-10-23, Boca Juniors-Quilmes. «Quilmesekin historia egin genuen. Talde bat baino gehiago, lagun talde bat zen hura. Dena primeran atera zitzaigun, denboraldi historikoa izan zen eta oroitzapen onak dauzkat. Lagun asko dauzkat han, eta egunen batean itzultzea espero dut».