Pastel gozoa mahaikide askorentzat

Espainiako Lehen eta Bigarren Mailako 11 talde ez daude ados telebista eskubideen ordainen banaketa berriarekin, tartean Athletic eta Reala. Soilik talde handiei mesede egiten diela diote.

Julen Etxeberria.
Donostia
2011ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Telebistan ordaindu gabeko Liga neurketarik ez ematearen alde daude Lehen eta Bigarren Mailako klub guztiak. Gai horretan ez dago pitzadurarik. Adostasuna da nagusi. Guztiz kontrakoa gertatzen da, ordea, telebista eskubideen ordainen banaketaren gaian. Joan zen azaroaren 17an gertatutakoa gogoratu besterik ez dago. Egun horretan Lehen eta Bigarren Mailako 31 klubek baiezkoa eman zioten telebista eskubideen ordainen egungo banaketa sistema aldatzeari. 11 talde, baina, kontra azaldu ziren: Sevilla, Espanyol, Athletic, Reala, Zaragoza, Vila-real eta Vila-real B, Malaga, Betis, Celta eta Girona. Zergatik? Klub horien arabera, sistema berri horrek «talde handiei bakarrik egiten die mesede, eta taldeen arteko aldeak handituko ditu, titulua Bartzelonari edo Real Madrili oparitzeraino».

Zertan datza banaketa sistema berria? Klubek onartutako sistemaren arabera, Bartzelonak eta Real Madrilek telebista eskubideen ordainen %34 jasoko lukete, bakoitzak %17. Koska bat beherago egongo lirateke Valentzia eta Atletico Madril; bi taldeok %11 jasoko lukete, %5,5 bakoitzak. Lehen Mailako beste hamasei taldeek, berriz, %45 jasoko lukete. Kopuru horren banaketa, baina, zenbait aldagairen arabera egingo litzateke: sailkapena, ikus-entzuleek zenbat aldiz erosi duten talde bakoitzaren partida bat, azken urteetako emaitzak… Bigarren Mailako 22 taldeek, berriz, %9 jasoko lukete. Azkenik, gelditzen den %1 maila galtzen duten taldeen artean banatuko litzateke. Antzik ez klub matxinatuek proposatutakoarekin: ordainen erdia zati berdinetan banatzea, eta beste erdia zenbait aldagairen arabera banatzea.

Horretan guztian, hala ere, xehetasun bat azpimarratu beharra dago, xehetasun garrantzitsu bat: sistema berri hori 2015-2016 sasoian jarriko da abian. Ordu arte egungo sistemak segituko du indarrean, eta horretan izugarriak dira zenbait talderen artean dauden aldeak. Datuak honakoak dira: Bartzelonak eta Real Madrilek %46 jaso zuten aurreko sasoian bien artean (140 milioi euro bakoitzak), Valentziak eta Atletico Madrilek % 14 bien artean (42 milioi euro bakoitzak), Vila-real eta Sevillak %4 bakoitzak (25 milioi euro bakoitzak), Getafek eta Athleticek %3 bakoitzak (hamazazpi milioi euro), Osasunak %2 (hamahiru milioi euro)… Realak, berriz, 1,5 milioi euro irabazi zituen, baina, Lehen Mailara igota, hamar aldiz gehiago irabaziko du.

Aldea, gero eta handiagoa

Kontuak argi daude: Bartzelonak eta Real Madrilek haien azpitik dauden lehen taldeek baino ia lau aldiz gehiago irabazi zuten aurreko sasoian. Azken sailkatuarekin dagoen aldea, berriz, beldurgarria da: hamabi aldiz gehiago irabazi zuten. Inon ez dago halako alderik. Europako liga indartsuenei erreparatu besterik ez dago. Ingalaterran, Italian eta Alemanian diru gehien jaso zutenek —Manchester Unitedek, Juventusek eta Bayern Munichek— ez zuten irabazi azkenak baino hiru aldiz gehiago. Frantzian, berriz, Olympique Marseillak azkenak baino ia lau aldiz gehiago irabazi zuen; txikikeria da Espainiako Ligan gertatzen denarekin alderatuta. Europan lehen eta azkenaren artean dagoen aldea Bartzelona eta Real Madril eta hirugarrenaren artean dagoen aldea da Espainiako Ligan. Gainera, 2015era arte aldeak bere horretan jarraituko du. Eta ordutik aurrera ere, ez da asko murriztuko. Beraz, ezustekorik ezean, urte askoan luzatuko da Bartzelonak eta Real Madrilek azken sasoietan erakutsi duten nagusitasun ia iraingarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.