Eusko Label liga

Patroia eta hamahiru marinel

Santurtzik denboraldiko zortzigarren bandera irabazi du, Bermeon, Eusko Label ligako azken-aurreko lehian. Azken luzean Zierbenari zortzi segundo aterata irauli du estropada, eta Liga erabakita utzi du.

Santurtziko arraunlariak, pozarren, gaur, Eusko Label ligako hemeretzigarren jardunaldian, Bermeon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Mikel O. Iribar.
2021eko irailaren 18a
21:52
Entzun

Itsasaldi handietan ontziak ondo nabigatu dezan, kapitainak hautatutako eskifaiak eta patroiak  itsasoa ezinbestean eraman behar dute euren zainetan; baita kresala azalean ere. Bi betebehar horiekin itsasontziak aukera asko izango ditu bere bidea egiteko. Bada, Santurtziren Sotera trainerua olatuen gainean hegan sartu da gaur Bermeoko portura, Gorka Aranberri lemazaina tranpaldoan tente zihoala, Iker Zabala kapitainaren aginduak zintzo betez; baita ontzi morean zihoazen hamahiru marinelak ere. Sotera arrantza bikaina egitetik zetorren, eta saria ere halakoa izan du; Eusko Label ligako zortzigarren bandera etxeratzea. Hori gutxi ez, eta liga ere erabakita utzi du.

2003tik, TKEren sorreratik, hiru taldek soilik idatzi dute urrez euren izena urte bereko Eusko Label ligan eta Kontxako Banderan: Astillerok —2003an—, Urdaibaik —2010 eta 2016an— eta Kaikuk —2012an—. Okerrik ezean, Santurtzi prestigio handiko zerrenda horretara batuko da; iragan igandean irabazitako Kontxako Banderaz gain, ligako garaikurra gehitu nahi du bere garaipen zerrendara. Biharko lehian, estropada amaitzearekin bakarrik balentria handi hori erdietsi dezake (12:30, ETB 1), Portugaleten (Bizkaia), ligako azken jardunaldian.

Denboraldiko itsaso zakarrena izan dute gaur; metro eta erditik gorako olatuak, eta ipar-mendebaleko haize zakarra; une batez, 45eko haize ufadak neurtzen ziren. Arratsaldeak aurrera egin ahala, baldintzak okertu egingo zirela iragarrita zegoen, eta aurreikuspenak guztiz bete dira: itsasoa gehiago petraldu eta berdetu da.

Ohorezko txandako lau oilarren aurretik, Zierbenak egin du denborarik onena, bere txandan aise nagusituta. Santurtzik, Hondarribiak, Donostiarrak eta Oriok denbora hura hobetzea izan dute xede, eta asmo horrekin ekin diote lan gogor eta nekezari. Orio lehendabiziko kaletik zihoan, eta kai-muturraren babespean, San Nikolas ontziaren branka aurrerago zegoen gainerakoenak baino, baina ez ziren aparte. Behin, babesa galdu eta gero, haize ufadak bata bestearen atzetik jaso dituzte lau ontziek, baina abiadura bertsuan zihoazen. Hain justu, lauak segundo berean heldu dira ziabogara. Haizea alde izan dutela eta, Zierbenari hamar segundoko aldea kentzen zioten.

Maniobraren ostean, ordea, Santurtzik estropada hankaz gora jarri du; ia bi traineru aurretik jarri dira Iker Zabalarenak. Laugarren kaletik zihoazen moreak, baina haizeak eta olatuak bosgarrenera ez eramateagatik, hirugarren kalerako norabidea hartu du Aranberrik. Santurtziren ondoan Hondarribia zihoan, eta Ioseba Amunarrizek bere kaleari irmo eutsi dio. Bitartean, Aranberrik barne lineatik ez zuen albiste onik jaso; Zierbena di-da batean hamar segundo atzetik egotetik denbora berean jartzera igaro zen, eta lan erdietan datu are okerragoa jaso dute: Sotera Juan Zunzunegiren taldea baino hamar segundo motelago heldu da bigarren ziabogara. Santurtzirengandik hirura zen Hondarribia; zazpira Donostiarra; eta zortzira Orio. Beste hainbesteko jardun sufrikarioa egin behar bandera nora zihoan jakiteko.

Joaldi ikusgarria

Traineruek urrutira sehaskak ziruditen, aldian-aldian katxoiek estaltzen zituzten bitartean: gora eta behera. Poparean aritzeko ez zen olatua garbia; hanka olatua baizik, ontziaren albotik sartzen zena. Baldintza deseroso horietan, azken ziabogara heldu dira lau oilarrak. Santurtzik biratu du lehena, baina Zierbena baino sei segundo makalago.

Bermeoko trapuak Zierbenarako bidea hartua zuela zirudienean, Sotera-k ez du azken hitza esan, eta laugarren luzerako gordeta zuen motorra olioztatu eta bero-bero jarri du. Bai bero jarri ere; palakadaz palakada, GPSak Zierbena eta Santurtziren arteko aldea txikitzen ari zela erakusten zuen, moreen mesederako. Aranberrik Zabala prestatzailearengandik jasotako datu fidagarria tostartean jo eta jo ari ziren arraunlariei bidali die. «Bandera, bandera!». Haizeak eta olatuek hala eskatuta, bosgarren kalera jo du zarauztarrak, eta bikain asmatu du. Zierbena baino bi segundo azkarrago helmugaratu da Santurtzi. Berezko irabazle sena ageria utzi zuten beste behin. Hondarribia hirugarrena izan da gaur, garailearengandik zazpi segundora; Orio bosgarrena izan da 18ra, Urdaibairen atzetik; eta Donostiarrak seigarren postuan amaitu du, 23ra.

Bermeoko bandera

1. Santurtzi 21.25,78

2. Zierbena 2,26ra

3. Hondarribia 7,14ra

4. Urdaibai 10,32ra

5. Orio 18,44ra

6. Donostiarra 23,40era

7.  Ondarroa 37,90era

8. Cabo da Cruz 50,24ra

Eusko Label liga

1. Santurtzi 205 puntu

2. Hondarribia 197 pt.

3. Donostiarra 169 pt.

4. Orio 166 pt.

5. Zierbena 162 pt.

6. Urdaibai 145 pt.

7.  Ondarroa 107 pt.

8. Cabo da Cruz 97 pt

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.