Urrats txikiak baina handiak aldi berean eginez heldu da Endika Barrenetxea 30 tantotara. Pronostiko guztiak apurtu ditu Javier Urrizari gailenduz buruz buruzko finalean (23-30), eta bere palmaresera erremonteko buruz buruzko bigarren txapela gehitu du.
Barrenetxea IV.ak parean izan duen aurkaria ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Urriza sasoiko heldu da finalera: bere denboraldi onena egiten ari zen, jokatutako final guztiak irabazi baitzuen. Baina ezin izan dio jarraipena eman, eta horregatik balio bikoitza du Barrenetxea IV.ak irabazitako txapelak. COVID-19 gaitza pasatuta hasi zuen txapelketa Urrizak. Partidaz partida hobetzen joan zen, baina ezin izan dio amestutako amaiera eman.
Finalak osagai guztiak izan ditu itzela izaeko. Jendetza elkartu da Hernaniko Galarreta pilotalekuan, eta bildutako 600 pertsonek partida itzel batetaz gozatu dute. Barrenetxea IV.aren zaleek aurpegian irribarre bat dutela bueltatu dira etxera; Urrizarenak, aldiz, burumakur irten dira Galarretatik.
Finala gaur jokatu bada ere, protagonistek arlo psikologikoa martxan jarri zuten aurretik. Materiala aukeratu osteko adierazpenetan, Barrenetxea IV.ak aukeratutako pilota bat «biziegia» zela adierazi zuen Urrizak; eta hernaniarrak erantzun zion beraren bat «motelegia» zela.
Barrenetxea IV.aren pilotarekin ekin diote finalari. Aurrelariak saketik gura izan dio min egin, baina lehen saiakeran motz gelditu da, eta Urrizak hartu dio aurrea markagailuan. Honek, aldiz, ez du epailearengana joateko bidea hartu, eta ustezko pilota biziarekin jarraitu du jokatzen.
Hasiera aldekoa izan du, behintzat, Urritzak. Aurkariak egindako hutsak baliatuz, 5-0 jarri da aurretik. Barrenetxea IV.ak «zentratzeko» eskatu dio bere buruari. Lau tanto egin ditu jarraian, eta horietako bat oso polemikoa izan da: epaileak ontzat eman du motz gelditu zaion sakea, eta Urriza eta ikusleak sinetsi ezinik zeuden. Hernaniarraren bigarren tantoa izan da. Finalak berdintsu segitu du, inor nagusitu gabe.
Motorra berotzen hasita
Lehen berdinketa 7-7koa izan da, eta 8-9koarekin jarri da Barrenetxea IV.a aurretik lehen aldiz. Aurrelariak inoiz baino pilota gehiago sartu ditu ezkerparetara, eta gehienetan ondo irten zaio apustua. Gainera, paretaren hezetasunarengatik are gehiago irristatu da pilota.
Barrenetxea IV.ak hasiera kaxkarra izan badu ere, behin aurrea hartuta markagailuan, gora egin du; ez da gehiago atzetik jarri. Barrenetxea IV.ak tantoak lortzen jarraitu du, betiere alde txikiarekin. baina beti bere alde. Lehen atsedenaldira 13-15 heldu dira.
Urriza indarra galtzen hasi da, eta gailendu beharreko malda gero eta handiagoa zen. Sei tantoko zuloa ireki du Barrenetxea IV.ak, eta ezin izan du inoiz itxi Urrizak.
Zuhurtziaz
Finaleko azken zatiko tantoak oso fisikoak izan dira. Urrizak gerturatzeko keinua egin du, baina Barrenetxea IV.a tinko mantendu da: ez du piloteoan gehiegi ibili izan nahi, hori baita iruindarraren indargune nagusia. Urrizak saretara bidalitako pilotarekin bukatu da finala.
Barrenetxea IV.ak adierazi du hasieran «blokeatuta» sentitu dela, eta hori izan da markagailuan izan duen desabantailaren arrazoia. Hala ere, partidari buelta eman ahal izan dio, eta «oso pozik» amaitu du egindako lanarekin.
Lortutakoak balio berezia du berarentzat, eta gertukoekin oroitu da: «Txapel hau etxekoentzat, nire neskarentzat, hernaniarrentzat eta Antiguoko kide guztientzako da». Galarretako frontoian «izugarri» disfrutatu duela adierazi du.