Patxadaz

Ligan duen postua sendotu nahi du Athleticek gaur Almerian irabazita

haritz gallastegi
Bilbo
2009ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Athleticen lasaitasuna da nagusi aspaldian. Azken denboraldiotan era guztietako gorabeherak izan ditu talde zuri-gorriak. Ezinezkoa zen aste lasai bat izatea. Beti zegoen taldearen inguruan eztabaida sortzen zuen gairen bat: jokalariren baten lekuz kanpoko adierazpenak batean, agintarien erabaki ulergaitzen bat bestean, giro txarra sustatu gura zuen hedabideren baten ekarpena... astero zegoen zuri-gorrien artean egoneza sortzen zuen zerbait.

Egoera goitik behera aldatu da denboraldi honetan. Edozein klubetan gauzak ganoraz egiteko ezinbestekoa den lasaitasuna dago Athleticen: Joaquin Caparrosen gaitasunaren gaineko eztabaidarik ez dago, agintariak sekula baino gutxiago ari dira agertzen hedabideetan eta jokalariek ere ez dute zeresan handirik ematen Lezamatik kanpo. Zerk eragin duen aldaketa? Emaitzen bolada onak. Futbolean garaipenek ezkutatzen dituzte beste arazo guztiak. Emaitzak balekoak badira, gainerako gauza guztiak bigarren mailan gelditzen dira. Athletic esperotako helburuak lortzen ari da. Espainiako Kopan huts egin arren, Europako Liganeta Espainiakoan daraman ibilbide onak zauria azkar ixten lagundu dute.

Horregatik, aspaldian futbola eta hurrengo aurkaria dira hizpide nagusi Lezaman. Kontrarioa goi mailakoa bada aste bizia izaten da. Joan den astean, esaterako, Bartzelonak bisitatu zuen Katedrala, eta horrek interesa sortu zuen. Oraingoan, berriz, Almeriara joan da Athletic. Eta han Hugo Sanchez egon arren, ez da gauza bera. Egiari zor, aste osoan gehiago hitz egin da Bartzelonaren aurka lortutako puntuaz gaur irabaz daitezkeen hiru puntuez baino. Interes aldetik erakargarriagoa izan daiteke Pep Guardiolaren taldearen aurka egindakoari bueltak ematea, baina ziurrenik Athleticentzat Almeriaren kontrako neurketak izango du garrantzi handiagoa. Batetik, Mediterraneoko Jokoak estadioan aurreko jardunaldian baino puntu gehiago eskuratzeko aukera duelako; eta, bigarrenez, Almeria zuri-gorrien aurkari zuzena izan daitekeelako. Beraz, irabazitako puntu guztiek balio bikoitza izango dute. Athleticek pilatzen dituenak irabazi barik geratuko da aurkaria.

Bost partida galdu gabe

Bolada onean dago Athletic. Bost partida daramatza galdu gabe; ondorioz, aurkari arriskutsua da. Almeriak badaki, baina, era berean, jakinekoa da talde zuri-gorria kontrario samurra izaten dela dena ematen ez duenean. Dena ematen ez duenean erdipurdiko taldea bihurtzen da. Beraz, orain arteko norgehiagoketan erakutsitako tentsioari eustea izan behar da Caparrosen helburu nagusietako bat. «Ezin gara erlaxatu. Almeriak jokalari asko pilatzen ditu zelai erdian, eta asko presionatzen du», esan zuen entrenatzaileak atzo. Orbaizek ere antzeko mezua igorri du astean. «Bolada onean gaude, eta baliatu egin behar dugu. Baina oinak lurrean izan behar ditugu. Almerian jokatutako partidetan ez dugu maila ona erakutsi». Egia da. Almeriaren etxean jokatu dituen lau partidetan ez du sekula irabazi: bi berdindu ditu, eta bi galdu. Gainera, itxura kaskarra eman du gehienetan. Joan den sasoian Caparrosek ere ez zuen asko lagundu itxura hori hobetzen. Kopari lehentasuna eman zion, eta ia denboraldi osoan jokatu barik zeuden futbolariak zelairatu zituen. Ondorioa: porrota.

Baina gaur ikusiko dugun Athleticek ez du joan den sasoian ikusitakoaren antzik izango. Jokoa eta azken emaitza zein izango diren ezin da aurreratu, baina argi dago Caparrosek ez duela aldez aurretik neurketa botako. Vienako partida ate joka egon arren, Ligak izango du lehentasuna. Min hartuta dagoen Toquero da hutsune esanguratsu bakarra. Berritasuna, berriz, Muniain da. Badirudi jokalari gazteak jokatu egingo duela, baina ziurrenik pizgarri moduan. De Marcosek ordezka dezake Toquero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.