Patxi Izko: «Banoa, ideia eta proiektu berriei lekua uzteko»

Presidente lanetan aritu den hamar urteetan pilatutako nekeagatik utziko du kargua, denboraldi amaieran

Patxi Izko negarrari eutsi ezinik, atzo, agurreko prentsaurrekoan. J. M. / ARP.
Erredakzioa
Iruñea
2012ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Jakina zen. Jakina zen bazihoala, baina Patxi Izkok atzo esan zuen ofizialki: atzo esan zuen denboraldi amaieran Osasunako presidente kargua utziko duela. Malko artean irakurri zuen bere agurraren zergatiak azaltzen zituen ohar luzea. «Ideia eta proiektu berriei lekua uzteko» doa. Bere zikloa amaitu dela uste du.

Iragan apirilaren 24an jakin zen Izkoren isileko erabakiaren berri. Komunikabideek filtratu zuten albistea, eta nafarrak ez zuen izan errealitatea onartu beste erremediorik. Atzoko agerraldian barkamena eskatu zuen, orduko moduak ez zirelako oso egokiak izan.

Hamar urte pasatu ditu Osasunako agintaritzan, eta denbora horretan pilatutako nekeak erabaki hori hartzera eraman du ezinbestean. Bestelako arrazoi nagusirik ez dagoela zehaztu zuen: «Ez dago kargua uztera bultzatu nauen arrazoi nagusirik. Alderantziz, bazeuden jarraitzera bultzatzen ninduten arrazoiak. Ilusioa soberan daukat oraindik. Bihotzak bakarrik aginduko balu, jarraitu egingo nuke karguan, baina buruak pentsarazi dit nire etapa dagoeneko amaitu dela».

Ilusioa soberan bai, baina aitortu zuen karguak «sekulako nekea» eragin diola. Halere, gustura dago urte hauetan egindako lanarekin. «Harro nago talde honetako presidente izan naizelako. Pribilegiatua sentitzen naiz. Ahal izan dudan hobekien defendatu ditut beti klubaren interesak. Taldeari berez darion energiarekin zuzendu dut. Bazkideak, ordea, nekatu egiten dira, eta ona da aire berriei ateak irekitzea». Atzoko agurrean, bere buruari kritika egiteko beta ere hartu zuen. «Gauza batzuk zuzenduko nituzke, baina gustura nago. Barkamena eskatzen dut jendaurrean, urte hauetan agian egin ditudan hutsengatik».

«Etorkizun zaila»

2002ko maiatzaz geroztik, une asko bizi izan ditu karguan. Une gozo eta ez hain gozoak. Izkok, noski, oroitzapenik onenak atxiki nahi ditu gogoan: «Asko gozatu dut». Eta badu horretarako arrazoirik. Historiako emaitzarik onenak lortu ditu Iruñeko taldeak azken hamar urteetan.

Kirol arloan helburuak beteta, bulegoko lanak arduratzen du gehien. Zehaztu zuen zenbait kontu «kolokan» utzi dituela. «Osasunara etorri nintzenean, hiru helburu neuzkan: erakundeekin harremana berreskuratzea, taldea Lehen Mailan egonkortzea eta finantza kontuak bideratzea. Lehen biak lortu dira, baina, hirugarrenari dagokionez, etorkizun zaila ikusten diot klubari».

Agintaldia bete gabe utziko du kargua Izkok, eta ez zuen zehaztu haren lekua nork beteko duen.Hori bai: iragarri zuen Miguel Archanco —egun zuzendaritzan lan egiten du— aurkeztu egingo dela hurrengo presidentea aukeratzeko hauteskundeetara. «Presidente ona izan daiteke, baina, beti bezala, bazkideek dute azken hitza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.