futbola

Patxi Izkok Osasunako presidentetza utziko du sasoi amaieran

"Oso nekatuta" dagoela argudiatu du. Hamar urte eman ditu Iruñeko klubaren presidentetzan.

2012ko apirilaren 24a
12:16
Entzun

Patxi Izko Osasunako presidenteak atzo Cope Espainiako irratian jakinarazi zuenez, sasoia amaitzen denean kargua utziko du. Erabakia orain dela hilabete bat hartu zuen, eta hasiera batean denboraldia amaitu arte iragartzeko asmorik ez zuen arren, atzo gauean aurreratu zuen.

Hamar urte egin ditu Patxi Izkok Iruñeko klubaren lehendakaritzan, eta beste bi urte geratzen zaizkio agintaldiari. "Pixkat bat nekatuta nago. Futbolean, bazoaz edo botatzen zaituzte, eta uste dut hobe dela ni joatea, botatzea baino", esan zuen Izkok.

2008an sinkope bat jasan zuen

Lau partida geratzen zaizkio Osasunari sasoia amaitzeko, eta azkenekoak izango direla horiek baieztatu zuen. Nekea argudiatzean esan zuen Izkok fisikoa eta mentala zela, eta erabakia familiagatik hartzen zuela ere esan zuen. 66 urte bete berri ditu Izkok martxoaren 16an.

2002ko maiatzaren 27an hartu zuen kargua Izkok, Juan Manuel Pedreño eta Miguel Angel Jaime beste bi hautagaien aurretik bozak irabazita. 2006an eta 2010ean berriro hautatu zuten kargurako. Tartean, ordea, 2008an sinkope bat jasan zuen.

Euskararen kontra

Izkoren agintaldian ezagunak izan dira bere ateraldiak. Azken horietako bat Jose Luis Mendilibar egungo entrenatzailearen aurkezpenean izan zen. Osasunako presidentea zakar agertu zen BERRIAko kazetariak agerraldiaren amaieran entrenatzaileari euskaraz galdetu zionean eta horrek euskaraz erantzun zuenean. Erantzunak itzultzeko eskatu zion Mendilibarri (bideoa).

Maiatzaren 8an bazkzide konpromisarioetarako hauteskundeak izango dira Osasunan, eta ondoren hasiko dute presidente berria hautatzeko prozesua. Miguel Archanco egungo zuzendaritzako kidea izan daiteke hautagaietako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.