Jardunaldi gazi-gozoa izan da Espainiako Lehen Mailako hamahirugarrena euskal taldeentzat. Realak Bartzelonarekin larunbatean 4-0 galdu ostean, Athletic eta Eibarren txanda izan zen igandean. Bizkaitarrek hiru muntuak eskuratu zituzten Rayoren etxean, baina gipuzkoarrek ezin izan dute beste horrenbeste egin etxean, Real Madrilen bisita jasota.
Intentsitatez ekin zion partidari Eibarrek, eta partidan zehar estu hartu zituen zuriak. Real Madril, ordea, aparteko partida jokatu gabe ere, gai izan zen nagusitzeko. Lehen zatiaren amaieran hartu zuen aurre markagailuan: korner bat motzean atera, eta Modricen erdiraketa buruz errematatu zuen Balek sarera. Bigarren zatian, Eibarrek ez zituen besoak jaitsi, eta 82. minuturaino itxaron behar izan zuen Real Madrilek partida erabakitzeko. Cristiano Ronaldok egin zuen bigarrena, penaltiz.
Athleticek, berriz, maldan behera izan zuen partida, lehen minutuan bertan jarri baitzen markagailuan aurretik. Etxekoen atzeko lerroa aurreratuta harrapatu, eta Raul Garciaren pase bati esker bakarrik geratu zen Aduriz. Aurrelari donostiarrak atezaina atzean utzi, eta oztoporik gabe egin zuen aurrenekoa. 23. minutuan egin zuen bigarrena Adurizek, penaltiz. Aurrelariak izan zuen partidako bere hirugarren gola egiteko denbora ere: Laportek zutoin batetik bestera baloia mugitu, eta Adurizek buruz bultzatu zuen baloia sarera 59. minutuan.
Hogeina puntu dituzte Athleticek eta Eibarrek, eta zazpigarren eta zortzigarren postuan daude sailkapenean, hurrenez hurren.