Pausoan, bigarren

Baskoniak aise menderatu du Partizan hamasei puntugatik sasoiko partida lasaienetakoan, baina ez du joko biribilik eginArabarren hirugarren garaipena da segidan, eta arazoak arazo, bigarren izan da aise

Andoni Urbistondo.
2010eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Pausoan. Oharkabean. Bat nagusi eta bestea gutxiago sentitzen denean bezala. Baskonia Partizan baino askoz gehiago delako. Belgraden erregaia bukatu aurretik garaipena poltsikoan zuen, baina atzo, Gasteizen, ez zitzaion bukatu, eta hankapean ibili zuen bigarren zati osoan ustez aurkari gaiztoa zena. Ez zen partida biribila izan. Ados. Talde jokoa ikusteko bigarren zatiraino itxaron behar izan zuten zaleek, bai. Zuzendu beharreko gauza dezente daudela, baita. Baina ligatxoa txiki geratzen zaio Baskoniari, eta agerian geratu da hori azken hiru jardunaldietan. Jarraian Khimki, Zalgiris eta Partizan hartu ditu mendean Gasteizko taldeak, eta nahikoa izan du garaipen bolada on hori lotzea bere multzoko bigarren postuan sailkatzeko.

Atzera kontu bat hasi zen atzo Baskoniarentzat partida atarian. Partizan ondo menderatu, zaleei poztasuna eman, joko polita egiten saiatu, eta urtarrilaren 19an pentsatzen hasi. Alegia, Top 16a hasiko den eguna. Horiek ziren etxeko lanak, eta denak txukunegin zituen. Ivanovicen taldeak bost partida ditu aurretik orain, ligakoak denak, Top 16a hasi aurretik, eta motorra fintzen hasteko baliatu beharko lituzke neurketa horiek.

Lehen zatia eta bigarrena ezberdinak izan ziren zeharo. Lehen 20 minutuak ez ziren bideoan gordetzeko modukoak izan. Partizanek ondo eutsi zion Teletovici, eta Jan Veselyk bere klasea erakutsi zuen Buesa Arenan. San Emeterio izan zuen parean sarri, eta txekiarrak, bederatzi puntu saskiratuta, urte pare batean Euroliga txiki geratuko zaiola utzi zuen agerian. Pape Sowren kantxaratzearekin etorri ziren Baskoniaren minutu onenak lehen hamar minutukoan. Senegaldarrak intentsitatea, puntuak eta erreboteak jarri zituen balantzan, eta 21-16 ihes egin zuten arabarrek.

Bigarren laurdenean hasi zen Baskonia Partizan hausten. Olesonen hiruko bat aurrena, Huertas eta Baracen arteko konexioa gero... 29-23 eta 31-26 aurreratu zen Baskonia, eta azken ahalegina egin zuen Partizanek partidan mantentzeko: 33-30. Olesonek hiruko jokaldia egin zuen, eta San Emeteriok taldearen jokaldi onena burutu azken segundoan hiruko dotore bat sartuta. 11 puntuko aldea, eta lasaitasuna.

Bigarren zati erosoa

Aldageletatik bueltan zer gertatuko zen zegoen ikusgai. Lortutako aldea modu ulertezinean pikutara bota duen Baskonia, edo Baskonia serioa. Atzo talde serioa bueltatu zen aldageletatik, eta defentsa joko zorrotzean oinarrituta, Partizan hondoratu egin zen. Hirugarren laurdeneko lehen sei minutuetan sei puntu bakarrik saskiratu zituen Serbiako taldeak. Baskonia ere hazi egin zen, defentsa horri esker. Jokaldi landuagoak, Teletovic Gist zigortzen, Pau Ribas eta David Logan ere laguntzen... 20 puntuko zuloa ireki zuen aurrena Baskonia, eta 25 puntukoa ere. Olentzeroren mozorroa hartu zuen orduan Ivanovicek, eta Martin Buesa eta Ander Garcia euskaldunak kantxaratzea erabaki zuen. Partida bukatuta zegoen, eta multzoko 2. postua poltsikoan.

Aintzat hartzeko modukoak dira Pape Sowren zenbaki onak, eta zenbakiengainetik (13 puntu, 5 errebote eta 15eko balorazioa), erakutsi zuen grina. Hori eta gehiago beharko ditu Baskoniak, Haislip eta Bjelica gabe (ez zuen jokatu atzo, bizkarreko minagatik). Olesonen partida ere txukuna izan zen: 14 puntu eta 7 errebote. Hilabeteko aurre-denboraldia hiruzpalau eguneko atsedenarekin hasten da, eta Manresaren bisitarekin segitu asteazkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.