Pausorik garrantzitsuena eman dute

Olaizola II.ak eta Barriolak irabaziz hasi dute ligaxka; estatistikaren arabera, oin bat finalean daukate

Imanol Magro Eizmendi.
2007ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Ligaxkako lehen jardunaldiko partida irabazteak ez du finalerako txartela ziurtatzen, baina bide erdia baino gehiago egina dago. Estatistikaren epai hotza da. Hotza bezain zuzena. Enpresen Liga sortu eta lau t'erdiko txapelketaren finalerdietarako ligaxka sistema hautatu zutenetik, lehen partida irabazi duten pilotarien %80 finalerako sailkatu dira.

Estatistikaren arabera, Olaizola II.ak eta Barriolak oin bat daukate finalean. Pauso garrantzitsuena eman dute behintzat. Orain sailkapena borobiltzea falta zaie. Izan ere, aurtengoa enpresen ligak antolatu duen seigarren ligaxka da, eta aurreko bost aldietan finalera sailkatu ziren hamar pilotarietatik zortzik lehen partidairabazi zuten. Lehen jardunaldiko irabazleek igandean izango dute txartela ziurtatzeko aukera, Donostian. Aurreko aldietan bi partida irabazitako pilotaria inoiz ez da finaletik at gelditu. Alegia, ez da inoiz berdinketa hirukoitzik egon.

Aspek partida galanta du esku artean bigarren jardunaldirako. Olaizola II.aren eta Barriolaren artekoa, iazko buruz buruko txapelketako finalistak. Lehiak ikusmina sortuko du, eta jaialdia Atanon antolatzea erabaki du. Barriola eta Bengoetxearen arteko partidan oso sarrera ona egon zen, beraz litekeena da igandean pilotalekua betetzea. Aspek oraindik ez du zehaztu zenbatean salduko dituzten sarrerak, baina litekeena da 40 euro inguruko prezioa jartzea.

Martinez Irujok eta Titin III.ak, aldiz, zailago dute finalerako sailkatzea, lehen partida galdu osteanoso aldapa gora baitute txapelaren lehian sartzea. Iberokoak eta Triciokoak larunbatean neurtuko dituzte indarrak, Iruñean. Iaz ere Labriten jokatu zuten elkarren aurka eta Titinek irabazi zuen (22-19). Irujo, baina, ordurako finalerako sailkatuta zegoen. Galtzaileak adio esango dio finalari, bai behintzat estatistikaren arabera. Aukera txikia badute, baina inoiz ez da finalerako sailkatu lehen bi partidak galdu dituen pilotaririk.



BI SALBUESPEN. Ligaxka irabazten hasteak finala ziurtatzen du. Esan bezala, hamarretik zortzik lortu dute. 2002an, Abel Barriolak eta Aimar Olaizolak lehen partidak irabazi zituzten -Unanue (22-13) eta Esainen (22-11) aurka-, eta biak sailkatu ziren finalerako. 2003an, aldiz, Jorge Nagore eta Titin III. a izan ziren lehen jardunaldiko irabazleak. Irurtzungoak Belokiri irabazi zion (22-15), eta Triciokoak Capellani (22-8). 2004koa izan zen lehen bi irabazleek finalerako txartela lortu zuten azken aldia. Barriolak Nagoreren aurka irabazi zuen (22-8) eta Olaizola II.ak Xalaren kontra (22-5). Gerora eurek jokatu zuten finala eta Goizuetakoa izan zen txapeldun.

Azken bi urteetan, baina, salbuespen bana egon da. 2005ean Aimar Olaizola izan zen lehen porrotari buelta eman ziona. Goizuetakoak Ruizen aurka galdu zuen Labriten (21-22). Gero Titin II.a eta Xalaren aurka irabazi behar izan zuen finalerako sailkatzeko.

Iaz Abel Barriola izan zen lehen jardunaldian galdu ostean finalerako sailkatu zena. Leitzarrak Irujoren aurka galdu zuen Labriten (22-14). Finalerako txartela lortzeko Barriola Titin III.ari eta Olaizola II.ari irabazi behar izan zien ligaxkako azken bi partidetan.



APEZETXEA ETA ARGOTE FINALERDIETARA. Jon Apezetxeak eta Jokin Argotek Bigarren Mailako lau t'erdiko txapelketako finalerdietako ligaxkarako sailkatu ziren atzo. Biek Tolosan lortu zuten txartela. Apezetxeak Mendizabal II.a kanporatu zuen (22-6) eta Argotek Uriarte (22-4). Atzoko irabazleek Iñigo Diaz eta Mikel Olaetxearekin elkartuko dira ligaxkan. Lehen partida azken horien artekoa izango da, ostiralean, Balmasedan. Argotek eta Apezetxeak ere egun berean neurtuko dituzte indarrak, Zegaman.

Atzoko bi partidetan ez zen orekarik egon, eta biek ustekabeko irabazlea izan zuten. Aurrenekoaren hasieran Mendizabalek eta Apezetxeak partida orekatua jokatuko zutela zirudien (6-6). Irabazleak, ordea, jarraian egin zituen azken hamasei tantoak. Hernaniko atzelariak ez zuen bere eguna izan, bost huts egin zituen eta hiru aldiz pasatu zuen lau t'erdiko marra. Bigarren partida bizkorragoa izan zen, Argotek 22 minutu nahikoak izan baitzituen irabazteko. Atzelaria jaun eta jabe izan zen hasieratik (2-18). Nabarmentzekoak saketik lorturiko zazpi tantoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.