Futbola

Pazientzia ez da betiko

Realak krisialdi betean sarturik dagoela baieztatu du, eta ez da Las Palmasen aurka etxean irabazteko gai izan

Mikel Oiartzabalek baloia buruz jotzen saiatzen. A. C. / ARP
jon eskudero
2016ko martxoaren 19a
09:32
Entzun

Golak. 0-1: Willian Josek (39. min.). Epailea. Mateu Lahoz. Txartel horiak: Realeko Illarramendiri, Aritzi, Zurutuzari eta Iñigori; eta Las Palmaseko Garridori, Lemosi, Mesari eta David Garciari. Bestelakoak. 18.952 ikusle Anoeta estadioan.

Beste behin ere, Realeko zaleek erabat petralduta utzi dituzte Anoetako harmailak. Eta ez da harritzekoa. Partida txarra jokatuta, txuri-urdinek galdu egin baitute Las Palmasen aurka. Ondo galdu ere. Minutu on batzuk jokatu arren, itxura kaskarra eskaini dute. Orain hilabeteko joko on hartatik urrun, nahi eta ezin aritu da taldea, kastarik gabe, eta zaleek txistu artean agurtu dute partida amaieran. Besteak beste, pazientzia galduta baitaude asko eta asko. Azken hamabost puntuetatik soilik bi poltsikoratu ditu Realak, eta denboraldia amaitzeko zortzi jardunaldi falta direla, hobe du etxeko lanak azkar egin. Gainera, egutegi zaila izango du oporretatik bueltan. Datozen bi neurketak Sevilla eta Bartzelonaren aurka ditu.
Hasi, itxurantzean hasi du partida Eusebioren taldeak. Jokoaren ekimena izan du, baina erritmoa falta izan zaio erasoan. Babak eltzetik ateratzear egon dena Las Palmas izan da. Penaltia alde izan du 12. minutuan, baina Vierak ez du asmatu Rulliren aurrean. Azti jokatu du atezain argentinarrak. Sustoa ahaztuta, bere horretan jarraitu dute txuri-urdinek. Jarrera erasokorrarekin, alegia. Eskuin hegaletik batez ere, sakontasuna topatu nahi izan dute, eta gol aukerarik sortu ez arren, ikusten zen lehia kontrolpean zutela.
Lehen ordu erdia gaindituta, ordea, behera egin du Realak. Ez du adorerik izan erritmo bizian jarraitzeko. Eta aukera bikain baliatu du Las Palmasek. Zelaian ondo egoten jakinda bakarrik, 0-1ekoa lortu du 39. minutuan. Iñigori joko arriskutsua adierazi dio epaileak, hanka behar baino gehiago altxa duelako, eta areaz barrutik falta jaurtiketa izan dute alde kanpotarrek. Bada, Willian Josek ez du barkatu. Giza hesia gaindituta, atsedenaldira aurretik joan da Quique Setienen taldea.
Handik bueltan zerbait nahi izan du Realak. Gogotik saiatuda berdinketa lortzen, baina erasoan oso ibili da antzu. Jonathas bakarrik egon da une oro, eta Vela ez da agertu. Eusebiok Zurutuza zelairatu da 62. minutuan, eta lapurtarrak erritmo gehixeago eman dio taldeari. Las Palmaseko defentsak penalti argia ere egin dio, baina epaileak ez du adierazi. Gutxinaka, behera egin dute etxekoek, eta lehia erabakita uzteko aukera galantak izan ditu Las Palmasek. Azkenean, bere horretan jarraitu du emaitzak, eta zaleen haserreak eztanda egin du amaieran.
Ondo bidean, denboraldi bukaera luze egin behar zaio Realari, eta Eusebiok motibazioa areagotzeko zerbait topatu beharko du. Harrobian dago gakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.