Pazientziaren koskak

Andoni Urbistondo.
2010eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Lidergotik lidergora. Ekainaren 20an ligako titulua irabazi zuen Baskoniak. Hiru hilabete eta bi aste geroago, lidergoan da berriro, Alacanti 45 punturen aldearekin irabazi ondoren. Pazientzia eskatu zuen Dusko Ivanovicek Espainiako Superkopan; pazientzia emango diogu taldeari, igandeko Baskonia ez baita benetakoa. Pazientzia eskatu du Katsikarisek, Manresa hankapean ibili arren. Hilabete gutxian ikasi du Bilbon zerutik infernura azkar pasatzen dela. Lasok ere pazientzia eskatu du. Jendea larritzen has ez dadin. Asteburua bikain dator, hiru partida puska begi bistan: Unicaja-Baskonia, Bilbo Basket-Valentzia eta Lagun Aro-Cajasol.



Stanko Barac. Isila da. Lotsatia. Kazetariren bat gertu ikusten duenean beldurtu egiten da. Gaztelaniaz moldatzen da, baina zaila da haren ahotik espero ez diren hitzak entzutea. Jakin badaki Baskoniako zaleen kutuna dela. Inoiz ez diote keinu txarrik egin. Trukean, beti eman dizkiote animoak, eta kroaziarrak ondo hasi du liga. «Hasi» azpimarratzea komeni. Bizpahiru partida on lotzea falta baitzaio. Konfiantza, fedea bere gaitasunean. Buruko indarra irabazten badu, berea da etorkizuna.



Putzua. Bilbo Basketeko jokalariek Manresan ikusi zutena. 18 hiruko jaurti, eta 11 saskiratu zituzten, horietako bakarren bat ez sinesteko modukoa (Janis Blumsek sartutakoa). Hirukoetan %61 asmatzen duen taldeari irabaztea zaila da, aurkariaren kemena itzaltzen duelako hirukoz hiruko. Manresak %20 bakarrik asmatu zuen, eta Katsikarisek halakoetan erabaki erraza dena hartu zuen: zonakako defentsa egin, aurkaria hirukoak jaurtitzera behartzeko. Ona da Manresako garaipena, baina Valentzia eta Real Madril datoz Miribillara. Horiek emango dute bizkaitarren sasoiaren benetako neurria.



Baina ugari. Lagun Arok bere historia beltzeko beste orri bat idatzi zuen Fuenlabradan. Ezin kantxa hartan irabazi, eta urte batzuk badira hara lehen aldiz joan zela. Arlo askotan huts egin zuen Donostiako taldeak, eta haien batuketak porrota ekarri zuen. Kamuts hirukoetan, ezinean defentsako erreboteetan, epaileekin ere konforme ez... Ez da ezer pasatzen, lehen partida da, baina jokalari batzuek esnatu egin behar dute. Baronen hiruko ikusgarriek zaleen marmarra eragiten dute, baina ez dute ezertarako balio haiekin garaipena lortzen ez bada.



Carlos Suarez eta Luis Casimiro. Indarrean hasi dira ACB ligako talde boteretsuenak. Real Madrilek Madrilen irabazi zuen, baina Estudiantesen kantxan. Carlos Suarezek eman zuen zeresana, Estudiantes taldearekin hazi eta hezi ostean fitxatu baitu Real Madrilek, talde horretako beste jokalari batzuk bezala. Suarezek hautsi zuen partida Real Madrilen alde, eta aldageletan, Estudianteseko Luis Casimirok bota zuen esaldia: «Pozik gaude Suarezen fitxaketak utzi digun diruarekin, eta asko estimatzen dugu urteetan gure proiektuari eman dion bultzadagatik. Baina azken mesede bat egitea ez zen hain zaila harentzat. Puntu erdiak sartuta ere ez zen inor konturatuko». Zintzotasuna esaten zaio horri.



Bartzelona, Valentzia eta Unicaja. Arazo handirik gabe irabazi zuten lehen biek, kostata andaluziarrek Zaragozan. Bartzelonak aurreko denboraldian bezala jarraitzen du. Eman eta eman, oharkabean. Valentzia ere antzera aritu zen. Handien aurka ere horrela aritzeko gai izango ote den da zalantza. Unicajak jokalari handia fitxatu du: Terrell McIntyre. Hamalau puntu bakarrik saskiratu zituen, baina horietako zortzi saskiratu behar zirenean sartu zituen. Erabakigarria izaten dakienaren talentua.



27

Betiko alde handiena. Bizkaia Bilbo Basketek handikiro hasi du 2010-2011ko denboraldia. Garaipen erosoa Manresan, kantxa zail batean, eta ACB ligako historian etxetik kanpo inoiz lortu duen aldeko puntu kopuru handiena: 27. Gogoeta bat ere bai: partidako zazpigarren minuturako Fotis Katsikarisek kantxaratu zituen jokalari denek lortu zuten punturen bat; zortzik, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.