Baskoniak lemazain berria du: Pedro Martinez. Hark ordezkatuko du asteazkenean dimisioa eman zuen Pablo Prigioni. Atzo jada bazebilen haren izena ahoz aho, baina gaur baieztatu du talde arabarrak. Martinezek bi denboralditarako kontratua izenpetu du Baskoniarekin: hasia dagoen hau eta hurrengoa. Ez da Martinezek Baskonia zuzenduko duen lehen aldia. 2005-2006ko denboraldian ere egin zuen. Baina tarte txiki batean. Ligan sei garaipen eta hiru porrot zituenean, eta Euroligan bere multzoko lider zenean, Joxean Kerejeta presidenteak kargutik kendu zuen. Velimir Perasovicek hartu zuen haren lekukoa.
Martinezek ACB liga irabazi zuen aurreko sasoian Valentzia Basketekin. Hain zuzen ere, final-erdietan Baskonia kanporatu zuen. Espainiako Kopako eta Eurokopako finala ere jokatu zituen. Baina Real Madrilen eta Unicajaren aurka galdu zituen, hurrenez hurren. Eskarmentu handiko teknikaria da. Aito Garcia Renesesen atzetik ACB ligan neurketa gehien zuzendu duen teknikaria da, egun entrenatzeko moduan daudenen artean. Besteak beste, Joventud, Estudiantes, Kanaria Handia, Girona eta Manresa entrenatu ditu.
Igandean jada Martinezek zuzenduko du Baskonia, Buesa Arenan; Tecnyconta Zaragozaren aurka jokatuko du ACB ligako partida hori.
Gaur, Euroliga
Baina gaur egungo bolada zaila gozatzeko irabazi nahi du gaur Baskoniak, Euroligan, Bambergen kantxan (20:00). Pablo Prigionik dimisioa eman eta gero, behin-behinean Sergio Valdeolmillos eseriko da aulkian. Ardura eta heldutasuna eskatu die jokalariei. Baskoniak sasoi honetan Euroligan jokatutako hiru partidak galdu ditu, eta azken postuan dago. Taldean bi aldaketa daude: batetik, Jordan McRae deialdian dago. Osatu da, eta lehen minutuak joka ditzake. Bestetik, Carlos Delfinok jada Gasteiz utzi du. Bamberg Euroligako talderik ahulenetakoa da, baina herenegun 76-80 irabazi zion Unicajari.